Nafarroak 657 milioi erabiliko ditu 2021ean COVID-19ari aurre egiteko

Gobernuak 4.870 milioiko aurrekontu aurreproiektua aurkeztu du, «historiako anbiziotsuena»

Elma Saiz, gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, iragan asteko bideokonferentzia batean. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako gobernu kontseiluak 4.870,5 milioi euroko aurrekontu aurreproiektua onartu zuen atzo, eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu zuen «historiako anbiziotsuena» izango dela, aurtengoaren aldean %6,5 gehiago izango baitu inbertsio eta gastu publikorako (296,3 milioi euro gehiago). Saizen arabera, COVID-19ari eta haren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko ahalegina islatu du proposamenak, eta «Nafarroako susperraldi ekonomikoaren oinarriak jarriko ditu». Orotara, 657,4 milioi euro erabiliko dira horretarako: 150,2 milioi euro gastuei aurre egiteko —46 milioi langileen kontratazioetan—, eta beste 507,2 milioi Nafarroa Suspertu planeko inbertsioetarako. Saizek azpimarratu zuen inbertsioek %14ko igoera izango dutela datorren urtean.

Atzoko pausoa eman ostean, aurreproiektuaren edukia Nafarroako Gizarte eta Ekonomia Kontseilura, Tokiko Erregimenaren Batzordera eta Ingurumen Batzordera bidaliko dute. Gizarte eragileek eta udalek proposamenaren nondik norakoak ezagutu ondotik, datorren astean lege proiektua onartuko du. Parlamentura bidali aurreko azken urratsa izango da.

Aldi berean, egitasmoa aurrera ateratzeko EH Bilduren edo Navarra Sumaren babesa beharko duenez, taldeokin negoziatzen ari da, eta, aurten bezala, uneotan koalizio abertzalea da elkarrizketarako solaskide nagusia, Adolfo Araizek negoziazioa «bide onetik» zihoala aipatu baitzuen astelehenean bertan. Navarra Sumak, egunotan, abstentzioa eskaini dio gobernuari EH Bildurekin harreman oro etetearen truke, baina Maria Txibiteren gobernuak izkin egin dio eskaintza horri. «Gobernu honek ez du betorik buruan. Hilabeteotan dekretu ugari aurkeztu, eta ia denak aho batez onartu dira. Batasun politikoa da armarik egokiena pandemiaren aurka borroka egiteko», argudiatu zuen Saizek. Behin eta berriz galdetu zioten nor duen lehentasunezko solaskide, eta aukera guztiak irekita daudela berretsi zuen.

Aurrekontuetan jasotako ehun eurotik 55 arlo sozialera bideratuko du gobernuak eta, aurtengo aurrekontuekin alderatuta %8 inguru handituko da: zehazki, osasun arloan %7,7, hezkuntzan %7,9, eta gizarte eskubideen arloan %9. Igoerok COVID-19aren ondorioei aurre egiteko izango dira batik bat. Adibidez, osasun arloak 1.253,6 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 36 milioi langileak kontratatzeko erabiltzea du pentsatua. Hezkuntzan ere, segurtasun eta higiene neurriek gastu eta inbertsio igoera handia eragin dute, eta orotara 735,9 milioi euroko aurrekontua izango du —horietatik 9,2 milioi irakasleak kontratatzeko, kasurako—.

Dena den, aurrekontuan igoera handieneko departamentuak izan dira, alde batetik, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza, eta bestetik, Garapen Ekonomikoa: lehenak %24,6ko hazkundea du, eta bigarrenak, %10,8koa. Gainera, Nafarroako Gobernuak kalkulatu du estatuari 560 milioi euroko ekarpena ordaintzea. Hala ere, bi gobernuek 2020tik 2024rako epeko lehen urtearen kalkulua hitzartzeko dute, eta, akordioa lortzen denean, aldea likidatu beharko dute. Gainera, 256 milioi euro erabiliko dira udalen gastu arrunta finantzatzeko, eta beste hamazazpi milioi euro inbertsioetarako. Herrien husteari aurre egiteko, bi milioi euro jaso ditu aurreproiektuak, eta herri arteko garraioa hobetzeko, beste 3,5 milioi euro.

Autonomoentzako laguntza

Zerga neurriak ere aurkeztu ditu gobernuak. Urtean 10.000 eurotik behera fakturatzen duten enpresa txikiek eta autonomoek ez dute jarduera ekonomikoko zergarik pagatuko —zerga udalek bildu ohi dute, eta, hurrengo urtean, ogasunak errenta edo sozietate zergen bidez konpentsatu ohi die zergadunei—. Saizen arabera, zerga hori kenduta udalei eragingo dieten kaltea konpentsatuko diete. Errenta zergan, kenkarien mugak murriztu nahi dituzte pentsio plan pribatuen ekarpenetan. Sozietate zergan, sinplifikatu egingo dute enplegua sortzeagatik ematen den pizgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.