EBko zazpi estatuk Grezian dauden 1.600 migratzaile hartuko dituzte

Bruselak eta Atenasek programa bat iragarri dute iheslarien «borondatezko itzulera» sustatzeko

Errefuxiatu talde bat Greziako Moriako kanpalekuan; 20.000 migratzaile daude han. NGRID HAACK / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) zazpi estatu kidek 1.600 haur eta nerabe migratzaile hartuko dituzte, Ylva Johansson EBren Barne komisarioak atzo jakinarazi zuenez. Alemania, Frantzia, Portugal, Irlandako Errepublika, Luxenburgo, Kroazia eta Finlandia dira pauso hori eman duten herrialdeak, asteotan Greziaren eta Turkiaren arteko mugan izan diren talken harira; oraingoz, zazpiek ez dute erabaki bakoitzak zenbat iheslari hartuko dituen, baina Johanssonentzat «hasiera ona» da horien artean adosturikoa.

EBren Barne komisarioa Grezian izan zen atzo, Kyriakos Mitsotakis lehen ministroarekin batzartzeko, eta hitzorduaren ostean adierazi zuen Europara beraiek bakarrik iritsi diren migratzaile adingabeen egoera «kezkagarria» dela, eta talde komunitarioarentzat «erronka bat» bilakatu dela horien egoera hobetzea: «Adingabe horien artean zaurgarrienetako batzuk daude».Birkokatzearen zain, 1.600 iheslari horiek kanpalekuetan jarraitzen dute.

Johanssonen arabera, talde komunitarioko herrialdeek «elkartasun handia» erakutsi dute Greziarekin, eta ziurtatu zuen hori egiten jarraituko dutela datozen asteetan: «Garrantzitsua da Europako balio komunak aplikatzea, EBren identitatearen parte oso garrantzitsu bat baitira».

Migratzaileen harrerari buruzko erabakiaz gain, Europako Batzordeak eta Greziako Gobernuak atzo jakinarazi zuten hilabete iraungo duen programa bat jarriko dutela abian, migratzaileen «borondatezko itzulera» sustatzeko. Greziako kanpalekuetan dauden iheslariek aukera izango dute euren herrialdera itzultzeko, eta, izena emango balute, 2.000 euroko diru laguntza jasoko lukete bidaia hori egiteko. Johanssonen arabera, 5.000 migratzailek parte hartu ahalko dute programa horretan, eta EBk finantzatuko du.

Turkiaren jarrera

Siriako armadak ipar-mendebaldeko Idlib probintzia berreskuratzeko erasoaldia hasi zuenez,Turkiak Greziako muga irekitzea erabaki zuen, EBren partetik behar adina laguntza jaso ez duela argudiatuta; horrek beste migrazio jario bat eragin du —milioi batekoa izan dela aipatu dute agintariek—, Turkiatik pasatuta Siriatik Europara joan nahi dutenena. Talde komunitarioaren Barne komisarioaren arabera, erakundeek irtenbide «azkar bat» eman diote auzi horri, «mugak babestu eta jendea laguntze» aldera.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea asteon izan da Bruselan, 2016ko migrazio akordioa eguneratzeko negoziazioak abiatzeko. Oraingoz, bi aldeek adostu dute aztertzea ea itun hori bete duten. Erdoganek babes politikoa, militarra eta diru gehiago eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.