Fukushimako produktuei murrizketak ezabatzeko eskatu du Japoniak

Hamabost herrialdetan debekatuta dago eremu hartako elikagaiak inportatzea. Tokiok «erabat deitoragarritzat» jo ditu neurriak

Arrantza ontziak Onahama portuan, Fukushima eskualdean. FRANCK ROBICHON / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Fukushimako zentral nuklearrean gertatutako ezbeharrak ondorio kaltegarriak uzten ditu oraindik ere. Horietako bat da Japoniako ekonomiari emaniko kolpea. Lurrikarak, eta hark eragindako hondamendiak, teknologia eta autogintza industriak gerarazi zituen, besteak beste. Baina kalterik larrienak lehen sektoreak jasan zituen. Eskualde hartan ekoizten diren elikagai produktuen inportazioa murrizteko neurriak hartu zituzten mundu osoko 54 herrialdek eta nazioarteko erakundek, eta, hamar urte igaro diren honetan, murrizketa horiek martxan jarraitzen dute haietako hamabostetan. Urteurrena baliatuz, Japoniako Gobernuak «erabat deitoragarritzat» jo ditu horiek, eta lehenbailehen kentzeko eskatu.

Lurralde hartako elikagaien inportazioaren aurkako neurriak dituztenen artean daude Europako Batasuna, Txina, Hong Kongeko eskualde autonomoa eta Taiwan. Azken hirurak Japoniako elikagai produktuen bost inportatzaile nagusietako hiru dira, eta horiei bidali zien mezua, nagusiki, Toshimitsu Motegi Atzerri ministroak, atzo, hondamendiaren urteurrena gogoratzeko ekitaldian. Adierazi zuen Japoniako Gobernuak «ahal duen guztia» egingo duela egoera aldatzeko. Betiere, «ebidentzia zientifikoetan» oinarrituta.

Zentralaren inguruko eremuetako nekazaritza eta arrantza elikagaien eta baso ustiapenetik ateratako produktuen esportazioak nabarmen jaitsi ziren istripuaren ostean, eta ez ziren 2011 aurreko kopuruetara iritsi 2017ra arte.

Ordutik, «hurrengo hiru urteetan jarraian, inoizko daturik onenak» izan dituzte, Motegiren arabera. Japoniak, ordea, pauso bat gehiago eman nahi du, eta, horretarako, ezinbestekotzat jotzen du murrizketak amaitzea.

Atzerri ministroaren esanetan, produktu horien esportazioari ezarritako murrizketen arrazoiak ezbeharraren harira sortu diren «zurrumurruak» dira, eremuaren «izen onean» kalteak eragin dituztenak. Horietako bat litzateke, Tokioren arabera, Fukushimako itsaskiek eta arrainek izan ditzaketen kalteen ingurukoak.

Arrantza industriaren kasuan, urtebete baino gehiago itxaron behar izan zuten lanera itzultzeko, uretan atzeman zituzten isotopo erradioaktiboen ondorioz. Industria horri, gainera, ez dio onurarik egin Tokioren azken erabakietako batek: datozen urteetan, erreaktore nuklearrak hozteko erabilitako milaka ur tona Ozeano Pazifikora jaurtitzearen alde egin du. Gobernuak azaldu du horrek ez duela ondorio kaltegarririk izango, baina arrantzaleen eta inguruko herritarren haserrea piztu du, kontsumitzaileek hango produktuak ez erostea eragingo duela argudiatuta. Japoniako Arrantzaleen Elkarteko presidente Takashi Nitsumak uste du «urak kutsatuko» dituela, industria «tunelaren amaieran dagoen argia» ikusten hasi den unean.

«Eskuzabaltasuna»

Nazioartearentzat esker oneko hitzak ere izan zituen Motegi Atzerri ministroak, eta ezbeharrari aurre egiteko jasotako laguntza guztia gogoratu zuen: besteak beste, bilaketa lanak egiteko eta artatze lanetan aritzeko 24 herrialdeetatik iritsitako langileak, eta mundu osotik bidalitako 132 milioi euroko dohaintza. «Herriak ez du inoiz ahaztuko erakutsitako eskuzabaltasuna, eta Japoniako ekialdeko lurrikara handiaren harira emandako babesa», nabarmendu du.

Kontuan izan behar da, Munduko Bankuaren arabera, Fukushimakoa historiako ezbeharrik garestiena izan dela: ia 200.000 milioi euroko gastuak eragin ditu.

Gainera, ezbehar naturalak gero eta ohikoagoak dira eremuan, eta horiei aurre egiteko prebentzio neurriak indartzeko helburua jarri du Japoniak azken urteetan. Hala berretsi zuen atzo ere Motegik.

Era berean, hondamendi naturalei aurre egiteko neurrietan inbertitzeko eskaera egin zuen atzo NBE Nazion Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek: «Hondamendiak prebenitzeko eta kudeatzeko beharrezkoak dira planifikazioa, inbertsioa, abisuak goiz ematea eta herritarrei egin beharrekoa irakastea». Bide horretan, Tokiok eginiko lana txalotu du Guterresek, ezbeharren prebentzioari dagokionez, nazioarteko «lidergoa» duela azpimarratuta.

Fukushimako hondamendiak 18.000 heriotza inguru eragin zituen, eta Japoniako Gobernua oraindik ikertzen ari da ezbehar nuklearraren balizko ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.