Johnsonek «geldialdian» utzi du 'brexit'-erako legedia onartzeko bidea

Erresuma Batuko Komunen Ganberak EB uzteko legearen lehen tramitea onartu du, baina ezetz erran dio proposatutako bide orriari

mikel rodriguez
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Europar Kontseilua erantzun bat ematekoa da oraindik Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak brexit-aren data gibelatzearen inguruan bidalitako eskutitzari. Johnsonek Bruselari erran dio Erresuma Batuko Parlamentuak data gibelatzeko eskatu diola, baina bera ez dagoela ados. Aldi berean, lehen ministroak Komunen Ganberara jo du EB Europako Batasunarekin egin duen akordioa onartzeko, eta, atzo, emaitza gazi-gozoa izan zuen: alde batetik, akordioak lehenbiziko tramitea igaro zuen, Theresa May lehen ministro zenean lortu ez zuena; baina, bertzalde, diputatu gehienek ezetz erran zioten Johnsonek proposatutako bide orriari. Hortaz, lehen ministroak «geldialdian» utzi du legedia onartzeko prozesua.

Zortzi egun eskas falta dira irteerarako, eta «egoera ezezaguna» da oraingoa, Johnsonek berak atzo erran zuenez. Europar Kontseiluak epea luzatzeari buruz eman beharreko erantzuna eta horrek ekarriko dituen ondorioak dira brexit-aren prozesuan espero diren hurrengo pausoak. Akordioaren legearen bigarren irakurketari baiezkoa eman zion Komunen Ganberak, eta, orain, batzordeen atalera igaroko da. Parlamentariek aldaketak proposatu ditzakete atal horretan, eta, horren ondotik, behin betiko akordioa berriz ere osoko bilkurara eramanen lukete, eztabaidatzeko eta bozkatzeko.

Johnsonek atzo hasi eta etzi arteko epean egin nahi zuen bide osoa, baina Komunen Ganberak ezetz erran dio, oposizioaren ustez ez zaiolako behar adina denbora utzi itunaren legea ongi aztertzeko —astelehenean argitaratu zuten—. Johnsonek mehatxu egina zuen bide orria baztertuz gero hauteskundeetara deituko zuela, baina bozketen ondoren ez zuen halakorik erran. Izan ere, legeak lehenbiziko tramitea igaro izana «une nabarmena» iruditu zitzaion. Ez da gutxiagorako, hemeretzi diputatu laboristak babestu baitzuten lehen ministro toryaren proposamena. Aldeko 329 boto lortu zituen, eta kontrakoak 299 izan ziren.

Itunik gabeko 'brexit'-a

Bide orriaren bozketan, ordea, 322 ordezkarik egin zuten lehen ministroaren kontra, eta 299k alde. Johnsonek parlamentariei ohartarazi zien datozen egunotarako duen «aukera bakarra» akordiorik gabeko brexit baterako prestakizunak «bizkortzea» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.