Siriako gerra. Iheslariak

Turkiak mugak zabalduta, ehunka iheslarik EBrako bidea hartu dute

Ankarak eta Bruselak berretsi dute indarrean jarraitzen duela migratzaileei buruzko akordioak

Turkiak mugak zabalduta, ehunka iheslarik EBrako bidea hartu dute.
Iosu Alberdi - Arantxa Elizegi Egilegor
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Siriako gatazkan tentsioa areagotzearekin batera, Europako Batasunaren babesa lortzeko bidean errefuxiatuei Europarako bidea ireki zien atzo Turkiak. Gobernuak herenegun gauerdian jakinarazi zuen 24 orduz zabalik izango zirela Greziarekiko eta Bulgariarekiko mugak. Erabakiaren berri izan bezain laster, 300 iheslaritik gorako talde batek mugarako bidea hartu zuen, eta beste hainbeste kostaldera abiatu ziren, Egeoko irletarantz irteteko prest. Turkiako Al-Saba egunkariaren arabera, horien zeharkaldia ez eteteko agindua jaso zuten Poliziak, mugako agenteek eta kostazainek.

Greziak, ordea, muga itxi eta armada bidali zuen iheslariak geldiarazteko. «Ez dira sartuko herrialdean. Paperik gabeko migratzaileak dira, eta ez diegu sartzen utziko. Mugako segurtasuna maila gorenera igo dugu», azaldu zuen Greziako Gobernuaren ordezkari batek. Bulgariak, berriz, patruilak jarri zituen 270 kilometroko mugan, iheslariek Greziarako sarbidea itxita aurkitu eta harantz joko zuten beldur.

Askok autobusak antolatu zituzten atzo Istanbul eta Edirne hiriaren arteko bidea egiteko. «Elkarrekin sartu behar dugu Grezian. Karabana bat osatu behar dugu; horrela, zailago izango dute gu geldiaraztea»,azaldu zuen iheslari siriar batek.

Behin-behineko neurria

«Errefuxiatuekiko gure politika lehengo berbera da, baina horiek hartu ezin ditugun egoera batean gaude», adierazi zuen Turkiako Gobernuko AKP Justizia eta Garapena Alderdiko bozeramaile Omer Celikek. Haren esanetan, Siriako armadak herrialde hartako Idlib probintzian eginiko erasoaren ostean, hango herritarrek Turkiarako bidea hartu dute. Egun 3,7 milioi errefuxiatu daude Turkian, eta presidentetzako bozeramaile Fahretin Altunen esanetan, ez dago «beste milioi bat jasotzeko adina baliabide». Izan ere, milioi bat inguru dira Sirian Turkiarako mugarantz mugitu direnak, gatazkaren eta negu gogorraren eraginez.

Europako Batzordeak berretsi egin du Turkiak esandakoa; alegia, 2016ko martxoan bi aldeek sinatutako akordioak indarrean jarraitzen duela. Mugako irudiek, baina, bestelakorik iradokitzen dute. Oraingoz ez da iheslari olderik heldu Greziako mugetara, eta hark etengabeko patruilak jarri ditu bai 160 kilometroko lurreko mugan, eta baita mila kilometro inguruko itsasoko mugan ere. Baina Ankarak mugak zabalik mantentzea erabakiko balu, Atenasek lanak izango lituzke Siriatik ihesi joandako milaka herritarrak geldiarazteko. Batez ere, EBk esku hartu gabe jarraitzen badu.

Akordioa, kolokan

2016an, EBren eta Turkiaren arteko akordioarekin eten zen Europarako bidea hartu zuen errefuxiatuen jarioa. Akordio haren arabera, besteak beste, Greziako irletara iristen diren migratzaileak Turkiara eramaten dituzte. Trukean, itzulitako migratzaile bakoitzeko EBrako asilo eskaera egina duen banako bat onartzeko konpromisoa hartu zuen batasunak. Ordutik, nabarmen egin du behera uharteetara iritsitako migratzaileen kopuruak: hilean 150.000 ziren lehen, eta 3.000 orain.

Europak, ordea, ez du bete asilo eskatzaileak jasotzeko hitza, eta, ondorioz, Greziako migratzaileentzako guneek gainezka egin dute. Azken asteotan Greziako Gobernuak iragarri du itxi egingo dituela uharteetan dituen kanpalekuak, eta iheslarientzako zentro itxiak eraikiko dituela Egeoko irletan. Gaur-gaurkoz, 42.000 iheslari daude uharteetan, eta, berez, soilik 6.000 lagun artatzeko tokia daukate. Demokrazia Berria alderdiak 25.000 iheslarirentzako gune itxiak eraikitzeko plan bat jarri du martxan —beste 20.000 Turkiara deportatuko dituela iragarri du—.

Bien bitartean, Europak otsailaren amaierarako iragarria zuen asilo politika berriei buruzko akordioa, baina, gaur-gaurkoz, negoziazioak blokeatuta daude oraindik, eta asilo eskatzaileek hilabeteak egin behar dituzte erantzun baten zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.