Euskal kultura bertsolaritzatik aztertuko dute EHUko ikastaroetan

'Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak' ikastaroa egingo da bihar eta etzi, Donostian

Bertsoaren kantaerari buruzko ikastaroa egin zuten 2017an. Irudian, ikastaro hartako une bat. GORKA RUBIO / FOKU.
aitor biain
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Zer kultura da euskaraz kontsumitzen dena? Nola transmititzen da euskal kultura? Nolakoa da horren barruko bertsozalea? Galdera horietatik abiatuta, euskal kulturari begira jarriko dira EHUren uda ikastaroetan. Modu berezian egingo dute, ordea, bertsolaritza izango baitute lotailu eta ardatz. Hain zuzen, bertsolaritzak berak urteetan izan dituen aldaketak eta beste elementu batzuekin izan duen harremana aztertuko dute lehendabizi, kulturaren baratze zabalari begiratzeko ondoren. Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izena daraman ikastaroa Mintzola ahozko lantegiak antolatu du, eta bihar eta etzi egingo dituzte saioak, Donostiako Miramar Jauregian.

Biziberritu ala hil: hala egon baita bertsolaritza azken hamarkadetan, beste kultur adierazpide askori gertatu moduan. Eta beste elementu batzuen eragina barneratu eta artikulatu behar izan du bertsolaritzak garaian garaiko egoerara moldatzeko eta bizirik irauteko. Zer eragin izan zuen, esaterako, rockak bertsolaritzan? Eta nola artikulatu ziren bertsoa eta rocka? Edo zer eragin izan zuten bertsolaritzan hiztun berriek? Nola artikulatu zen bertsolaritza emakumeen mugimenduekin? Galdera horiek eta gehiago izango dituzte hizketagai bi egunetan egingo dituzten hitzaldi eta mahai inguruetan.

Hitzaldiak eta gehiago

Euskal kulturaren egoeraz ohartaraztea du helburu ikastaroak, arreta bereziki kontsumoan eta transmisioan jarrita. Horrez gain, bertsozaletasunaren egungo egoera ere aztertu nahi da, eta azken hamarkadetan izan dituen eraldaketen berri eman ere bai, besteak beste.

Josu Amezaga EHUko irakasle eta ikerlariak zabalduko du eskola, bihar. Euskal kulturari zenbakiak jarriko dizkio Amezagak ikastaroaren aurreneko saioan: kontsumoa izango baitu hizketagai eskainiko duen hitzaldian. Transmisioaz ariko da, aldiz, Iratxe Retolaza: EHUko irakasle eta ikerlariak Kultur sorkuntzaren transmisioa: ajeak eta erronkak izeneko hitzaldia eskainiko du jarraian.

Egungo bertsolaritzari argazkia aterako dio Harkaitz Zubirik, bestalde. Bertsolaritzak bizi duen garai berriaren ezaugarriak aletuko ditu. EHUko irakasleak azalduko du nolakoa izan den bertsoaren iragana eta oraina lotu dituen bidea, eta zergatik eta nola egin duen bide hori.

Nork bere azalpenak eman ondoren, elkarrekin eseriko dira Amezaga, Retolaza eta Zubiri, etorkizunera begira jartzeko. Euskal kulturaren geroa izango baitute hizpide hirurek Euskal kulturaren erronkak izeneko mahai inguruan. Karlos Aizpurua Mintzola Ahozko Lantegiko kideak egingo ditu eragile lanak.

Euskal kulturaren analisi gaurkotua egin ondoren, bertsolaritzan jarriko dute arreta ikastaroaren bigarren egunean. Bertsolaritzaren aro berriaz eta izan dituen artikulazioez mintzatuko dira ikastaroan. Alberto Irazuk bertsolaritzaren eta rockaren arteko loturaz hitz egingo du goizeko aurreneko berbaldian, esaterako.

Jon Maiak hartuko du hitza jarraian, bertsolari belaunaldi berrietan arreta jartzeko. Bertsolaritzak 1990eko hamarkadaz geroztik bizi duen aro berria izango du aztergai bertsolariak. Hala nola bertsolaritzak bere burua antolatzeko egin zuen ahalegina, gizartearen kezka berriei erantzuteko eta gizarte mugimenduekin bat egiteko egindako esfortzua, edota bertsolari berriak sortzeko bertso eskolek egindako lana aztertuko ditu Maiak.

Oihana Iguaranek, berriz, emakumeek egungo bertsolaritzan duten presentziaz hitz egingo du. Baina ez bakarrik fisikoki oholtzetan edota plazetan dutenaz: sinbolikoki diskurtso mailan zein iruditerian andreek duten espazioari eta gabeziari ere erreparatuko dio bertsolariak. Miren Artetxek, bestalde, hiztun berriek egungo bertsolaritzan duten lekuari begiratuko dio.

Azkenik, bertsolaritzak izan dituen artikulazio horien aldeko eta kontrako iritzien inguruan arituko dira Maia, Iguaran eta Artetxe, mahaiaren bueltan. Nerea Ibarzabalek eta Miren Amurizak Komentatutako bertso saio feminista egingo dute ikastaroa ixteko; Maite Berriozabal izango da gai jartzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.