Sindikatuek eta Kluben Elkarteak akordio bat lortu dute emakume futbolarien greba mugagabea bertan behera uzteko. Ez dute oraindik lan hitzarmena sinatu, baina hilabeteko epea jarri diote elkarri ados jartzeko; abenduaren 20an amaituko litzateke epe hori. Hilabete honetan, Kluben Elkarteak espero du partzialtasuna %50etik %75era igotzeko behar diren 1.500.00 euroak lortzea.Hor egongo da datozen asteetan askatu beharko duten korapilo nagusia, baina alde guztiak baikor daude.
Hala, aurreko asteburuan ez bezala, izango dira partidak oraingo honetan. Hamargarren jardunaldia jokatuko da, eta etxetik kanpo izango dituzte norgehiagokak bai Realak, baita Athleticek ere. Reala Taconen zelaian ariko da, larunbatean, 13:00etan; Athletic, berriz, Rayo Vallecanorenean, igandean, 11:00etan.
Futbolariek asteburuan ekin zioten grebari, eta, egoera bideratze aldera, beste bilera bat egin zuten sindikatuek eta Kluben Elkarteak atzo, Madrilen. Oraingo honetan, Kluben Elkartea prest agertu da Espainiako Lan Zuzendaritzak aurreko asteartean egindako bitartekaritza proposamena onartzeko. Bertan, jokalarien eskari nagusiak jasotzen dira, eta sindikatuek aurreko astean bertan ontzat eman zuten.
Proposamen horren arabera, jardun osoko kontratua duten jokalarien gutxieneko soldata 16.000 euro gordin izango litzateke urtean, eta %75eko partzialtasuna dutenena, 12.000 euro. Hor zeuden oztopoak orain arte. Horrekin batera, hitzarmenean beste hainbat baldintza eta eskubide jaso nahi dituzte futbolariek: haurdunaldietarako eta sexu jazarpenen kasuetarako protokoloa, oporren nahiz irudi eskubideen arautzea... Horietan bazen adostasuna aurretik.
Garazi Murua Athleticeko jokalariak gertutik erreparatu die negoziazioei. Atzo bertan, Ainhoa Tirapu taldekidearekin batera bideokonferentziaz egon zen AFE sindikatuko ordezkariekin hizketan, lortutako akordioaren berri izateko. «Oso pozik eta zuhurtziaz» hartu zuen greba mugagabea bertan behera uztearen albistea. «Ikusi beharko dugu zer pasatzen den hilabete honetan, baina baikor izateko arrazoiak ditugu. Patronalak Espainiako Lan Zuzendaritzaren bitartekaritza proposamenetik lanean hastea onartzea funtsezkoa da, hor gure eskarietako asko jasotzen baitira. Garrantzitsuenak partzialtasunari eta gutxieneko soldatari dagozkionak dira». Hemendik aurrerako gakoa dirua izango da. «Epe bat eskatu digute dirua lortzeko, eta alde horretatik malguak izan gara. Baina eskatzen duguna gutxieneko bat da, bidezkoa den zerbait, eta uste dut lortuko dutela diru hori».
Muruak espero zuen egoera ahalik eta azkarren desblokeatzea. «Hasieran, ez nuen espero greba egitera iritsiko ginenik, baina, behin ailegatuta, eman dugun batasun mezua nabarmenduko nuke. Jardunaldi batez liga geratzeak, eta denak elkartuta egoteak, indartsuago egin gaitu. Horren fruitua da lortzen ari garena». Gizartetik jaso duten babesa eskertu zuen zuri-gorrien atzelariak: «Harrobiko taldeen zein gizonezko futbolari batzuen aldetik jaso dugun babesa oso inportantea izan da».
Datozen asteetan «adi» egongo dira negoziazioak zertan diren ikusten. «Guretzat funtsezkoa da hitzarmena ahalik eta azkarren sinatzea, marko komun bat ezartzen duelako jokalari guztiontzat». Sinatutakoan, harago ere begiratu behar dutela uste du Muruak. «Sinatuko dugun hitzarmenean gutxieneko puntu batzuk jasoko dira. Hortik aurrera, eta Ligak eta emakumeen futbolak gora egiten segitu ahala, hitzarmen horrek ere hobetuz joan beharko du».
Telebista, erdigunean
Kluben elkartea orain hasiko da eskariak betetzeko finantzaketa lortzeko. Azken asteetan, eta greba mugagabea geratzeko ahaleginean, hainbat proposamen egin zituzten Espainiako Futbol Federazioak eta Mediapro ekoiztetxeak, telebista eskubideak nabarmenduz.
Hasieran, Kluben Elkarteak Mediaprorekin lortu zuen akordioa. Ekoiztetxea prest zegoen klubekin zuen akordioa bertan behera uzteko, haiek telebista eskubideak federazioari saltzeko. Aukera bazuen, betiere, Gol katearen bidez astebururo bi norgehiagoka emateko.
Federazioa ez zegoen hori onartzeko prest. Izan ere, aspaldikoa da bi erakundeen arteko ezinikusia. Hala, honako hau eskaini zuen federazioak:1,152 milioi euro txapelketaren eskubide komertzialak izateagatik, eta, batez ere, partidak etxeko taldeak akordioa duen telebista operadoreak eskaintzeagatik. Mediaprok ez du hori ontzat ematen. Ikusi beharko da hori nola bideratzen den.
Hitzarmena, gertuago
Emakume futbolarien greba eteteko akordio bat lortu dute sindikatuek eta Kluben Elkarteak. Hilabeteko epean sinatu nahi dute hitzarmena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu