Gorpuztu nahi dituzte

Batera programaren harira, Gasteizko Oihaneder etxeak hiru sormen proiektu saritu ditu. Finantzaketa kolektiboa abiatu dute sarean

Jone Arriola, Eñaut Zubizarreta eta Maider Lasa sarituak, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Biolontxeloaren inguruko disko-liburu bat, gazteen inguruko telesail bat eta helduentzako sexulo-kanta disko bat: horiek dira Batera, kultur proiektuak elkarrekin sormen bekako hiru proiektu aukeratuak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak bederatzi proposamenen artean hautatu ditu lanok, duten «originaltasunagatik, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpenagatik eta euskal jendartean sor dezaketen interesagatik». Hiru hilabete izango dute orain proiektuak garatzeko, eta finantzaketa kolektiboa abiatu dute sarean horretarako.

Oihanederrek eta Gauekoak Elkarteen Federazioak antolatutako egitasmo bat da Batera, eta Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko gazteek euskarazko kultur proiektuak garatu ditzaten laguntzea du helburu. Hirugarren aldia du lehiaketak, baina, aurten lehen aldiz, Euskal Herri osora zabaldu dute deialdia. Laboral Kutxaren eta Vital kutxaren laguntza jaso dute horretarako.

Loa-loa, laguna du izena Maider Lasaren sormen lanak: helduentzako sexu lo-kanten disko bat egitea da haren asmoa. Euskal lo kanta herrikoiak «berreskuratu», bere erara moldatu, eta, horien bitartez, «sexu-energia» ikertu nahi du egitasmo artistiko eszeniko bat osatzeko. Antzerkia eta musika egin izan ditu Lasak, eta duela lau urte egindako hausnarketa batetik hasi zen ideia gorpuzten. Hain zuzen, lo-kanten eta emakumearen bularraldearen arteko loturetan sakondu nahi du, musika eta espazioa bera konektatzen dituen «energiaz» baliatuta. Bideoak eta zuzeneko ikuskizun baten grabazioa ere egin nahi ditu, halaber.

Eñaut Zubizarretarena ere bakarkako proiektua da: Poliedroa Vol.1. Biolontxeloaren inguruko disko-liburu bat prestatu eta argiratzea du helburu. Bi zatitan banatu du lana. Batetik, «forma eta kolore anitzeko» hemeretzi abestiz osatutako disko bat egingo du. Biolontxeloa musika estilo ezberdinetara egokituko du, instrumentu hori molde klasikoetatik atera daitekeela ikusarazteko. Eta, bestetik, gaurko eta biharko biolontxelo edo biolin jotzaileei lengoaia berri hori erakusteko metodologiaz eta partiturez osatutako liburu bat ere argitaratuko du. Duela bi urte, ordea, biolontxeloa molde klasikotik kanpo zer parametrotan mugi zitekeen ikertzen hasi zen bere kabuz, eta lan horren emaitza da proiektua, hain zuzen: «Jabetu nintzen mundu oso bat dagoela deskubritzeko eta egiteko».

Talde lana da, ostera, Larrugorritan. Ane Nafarrete, Jone Arriola, Uxue Botas, Itziar Otxoa, Aitor Goenaga, Mirena Nafarrate, Maialen Sorzabalbere, Maider Lazkano, Ainara Arriola eta Biarritz Fernandezek osatutako taldeak egindako telesail bat, alegia. «Gazteek egindako eta gazteei zuzendutako» euskarazko fikziozko telesail bat egitea proposatu dute, eta, besteak beste, hizpide izan nahi dituzte emakume eta gizonen arteko estereotipo eta mitoak, gai tabuak, egunerokoan dituzten kezkak eta gatazkak. Donostiako Tabakalerako 2deo ikus-entzunezkoen laborategiari esker hasi ziren proiektua garatzen, eta, orain, sei ataletatik lehena sortu eta filmatu nahi dute.

Finantzaketa kolektiboa

Lan bakoitzak 2.000 euroko laguntza jaso du, baina, proiektua guztiz garatu ahal izateko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat ere abiatu dute. Itsulapikoa.eus atarian jarri dute diru ekarpenak egiteko aukera, eta berrogei egun izango dituzte helburu gisa jarritako kopuruak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.