Esaera gaztetuak

Juan Kruz Igerabidek 'Ahozko euskal literatura: antologia bat' bilduma ondu du, Alai argitaletxearekin, tradizioa gazteei transmititzeko asmoz

Juan Kruz Igerabide eta Jon Ander Urkiaga idazleak, bakoitza bere liburuarekin, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Ahozko tradizioa gazteentzat? Nola, ba?». Kontrazaleko laburpena irakurrita, ematen du liburua bera harritzen dela bere buruarekin. «Baina, tradizio zahar horretan pixka bat arakatzen hasiz gero, gaur egungo irakurleei emozio asko eragiten dizkieten testu ugari ageri dira», justifikatzen du. Ahozko tradizioa gaurko gazteei emateko asmoz, Juan Kruz Igerabide idazleak Ahozko euskal literatura: antologia bat bilduma osatu du. Alai argitaletxeak kaleratu du.

Joan den asteartean aurkeztu zuten liburua, Donostian, Jon Ander Urkiagaren Mendekua ordainetan gazteentzako nobelarekin batera. Aurelio Erdozain Alaiko editorea, Igerabide eta Urkiaga, hirurak aritu izan dira ikasle gazteekin, eta bat datoz horiek literaturarekin duten harremanari buruzko kezkarekin. «Literatura baztertuta dago gure sisteman», Erdozainen ustez. Dena dela, Igerabidek kontatu du ahozko literatura lantzen zuela ikasleekin, eta uste du oraindik ere tresna egokia dela, moduarekin asmatuz gero: «Uste dut gazteak ez direla hainbeste aldatu. Ordukoak emozionatu egiten ziren, eta gaurkoak ere, egoera sortuz gero, berdin, nik uste».

Ahozko tradizioak biltegia eta erabilera behar dituela idatzi du sarreran: «Biltegirik gabeko tradizio bat —memoriarik gabekoa, aingurarik gabekoa— berehala eramango luke globalizazioaren haize zirimolak; tradizioa eta biltegia, hein batean, sinonimoak dira. Haatik, hondamendi bera gertatuko litzaioke biltegi eder horretako ateak itxirik leuzkakeen tradizioari: liburutegi ederrak bai, baina esataririk ez».

Ahozko literaturari buruzko bildumak egon badaude, baina horiek gazteek irakurtzeko moduan jartzea izan da Igerabideren helburu nagusia. Hainbat genero bildu ditu, eta falta direnak zergatik utzi dituen kanpoan azaldu du: antzerkia, oinarri idatzia erabiltzen duelako, eta bertsoa, ez delako errepikatzean oinarritzen: «Tradizio handia du, noski, baina bere egiteko modua ez da ahozko tradizioaren legeetara makurtzen, egile batzuen emaitza da, originala».

Liburuaren lehen zatian, baladak sartu ditu. «Baladek arazo bat dute: batez ere euskara zaharrean daudela, eta ulertzeko arazoak ematen dituzte». Hala ere, bildu dituen bezala eman ditu Igerabidek: «Niretzat, estetikoki zoragarria da balada zahar bat irakurtzea jaso zen moduan edo jaso diren aldaeretako batean». Hori konpontzeko, baladak kontatzen duen istorioaren azalpen bat idatzi du, eta oharrak jarri dizkie gazteentzat ulertzen zailak izan daitezken hitzei. «Filologo eta irakasle askorentzat gehitxo izango da, baina gaurko gazteei errazte aldera egin dugu». Nerabeekin erabili izan dituenetan baladak erakargarri izan zaizkiela esan du: «Gure literatura zaharreko altxor handi bat dira».

Maite kantak ere jaso ditu: «Gaiarengatik, oso egokiak dira nerabeentzat». Horiei azalpen gutxiago erantsi dizkie. Kopla zaharrak ere sartu ditu; batzuk ezagunak, kopla bilduma batzuk asko zabaldu izan direlako, baina baita ezezagunago batzuk ere. Gainera, poema labur batzuk ere jaso ditu atal horretan.

«Aho gozagarria»

Gazteentzako egokiak izan litezkeen atsotitzak ere badaude liburuan. «Egokiak, batez ere garai bateko munduaren eta bizitzaren ikuspegi batera gerturatzeko. Eta, aldi berean, kontrastea eragiten dute gaurko egunarekin; beraz, kritikarako bidea irekitzen dutela iruditzen zait».

Elezahar ugari sartu ditu, gainera. Batzuk ezagunak, mitologiatik gertu daudenak, eta hain zabalduak ez dauden beste batzuk ere bai. Amaieran, bibliografia batean jaso ditu hainbat iturri: «Liburua aho gozagarria da gazteentzat. Interesa baldin badute, badute nora jo».

Hautak bildumaren barruan kaleratu dute Igerabideren lana. Aurretik, bi antologia argitaratu zituzten bilduma horretan, 2020. urtean: Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018), Ibon Egañak atondua; eta Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019), Juanjo Olasagarrek osatua.

Ahozko literaturaren antologiarekin batera aurkeztu du Urkiagak Mendekua ordainetan gazteentzako nobela. Egileak bi poema liburu argitaratu ditu aurretik, eta itxialdi garaian hasi zen narratibarekin probatzen, bere ikasleak gogoan zituela: «Badakit zer dagoen, zer irakurtzen duten... eta eduki aldetik erraztasunak ematera jo dut».

Institutu bateko giroa islatu du nobelan, gazteen arteko harremanak landuz, tramaren ekintzekin irakurleak katigatu nahian. Horretarako, atal askotan banatu du eleberria, eta elkarrizketa asko erabili ditu. «Uste dut irakurtzen dutenek erraz irudikatuko dutela istorioa, bakoitzak bere erara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.