Noiz sortua: 2019-05-29 00:30:00

Saio laburren plaza

Gaurtik larunbatera bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko ordu erditik beherako 22 ikuskizun izango dira Act jaialdian, Bilbon eta Barakaldon
BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatzen du Act jaialdia, 2004tik. Irudian, BAIko kideak.
BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatzen du Act jaialdia, 2004tik. Irudian, BAIko kideak. ACT JAIALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko maiatzak 29

Gehienez, ordu erdiko tartea dute artistek: 30 minutu, zer egiteko gai diren erakusteko. Gaur hasiko da Act Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdia, eta, larunbata bitartean, 22 ikuskizun bilduko ditu Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia), iraupen laburrekoak denak. Hamaseigarren aldia da aurtengoa, eta arriskuaren ideiaren jiran antolatu dute egitaraua. «Arriskua giza jardueraren katalizatzaile gisa ulertzen dugu; berrikuntzarako, ezinbesteko; ikerkuntzarako, berezko; eta hizkuntza zein gai berriak proposatzeko, beharrezko». Antolatzaileek azaldu dutenez, 778 proposamen jaso, eta horietako hamabost aukeratu dituzte lehiarako. Horiez gain, beste zazpi pieza ere erakutsiko dituzte lehiaz kanpo. Euskal Herriko konpainiak eta mundu osoko hamaika talderen lanak izango dira jaialdian. Korea, Suitza, Alemania, Frantzia, Italia eta Herrialde Katalanetakoak, besteak beste. Irekiera ekitaldia gaur egingo dute, eta atzo La memoria del cuerpo: formas en el espacio tiempo dantzari buruzko dokumentalaren emanaldia egin zuten Bilborock aretoan, aurrerapen gisa.

Arte eszeniko berritzaileak sustatzea da Act jaialdiaren helburua, eta horretarako plaza bat eskaintzen die artista gazteei. BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak abiatu zuen egitasmoa, 2004an, eta garrantzia hartuz joan da nazioarteko arte eszenikoen jaialdien eremuan. Aurtengo datuak horren erakusle dira, lehian aritzeko 65 herrialdetako 778 proposamen jaso baitituzte, eta, antolatzaileen hitzetan, «nazioarteko joera eszenikoen panoramika» osatzen dute. Jauzi kualitatiboa eman dutela diote, orain artean iritsi ez diren herrialdeetara iritsi baita Act jaialdia hamaseigarrenean. Aurreko aldietan baino proposamen gehiago ere jaso dituzte, eta, zehaztu dutenez, «zorrotza» izan da hautaketa prozesua. Guztira, 22 lan aukeratu dituzte, dantzaren, performancearen, antzerkiaren eta zirkuaren esparrukoak, «anarkismoa, kontrol teknologikoa, zahartzaroa eta gerraren zentzugabekeria lantzen dituztenak».

Pieza laburrak erakutsiko dira, baina luze joango dira egun bakoitzerako antolatutako emanaldiak, bi edo hiru obra izango baitira saio bakoitzean. Gaur, kasurako, hiru ikuskizun batuko dira Bilboko Kafe Antzokiko hasiera ekitaldian. Israelgo Kulu Or konpainiak Control Freak ikuskizuna eskainiko du, Birminghamgo Be Festival jaialdian ACT saria irabazi zuena, eta, haren ondoren, iazko Act jaialdiaren irabazlea taularatuko da: Koreako Yang Han konpainia. Trigger Warning ikuskizun berria erakutsiko dute oraingoan, Roxane Gay idazlearen Bad Feminist liburua (2014) ardatz hartuta ondutako lana. Bukatzeko, Suitzako Nemie Cuerel artistak The Rose ikuskizuna egingo du, hamar minutukoa. Eta antzera gainontzeko lau egunetan ere.

Bilboko Kafe Antzokia eta Barakaldo antzokia dira jaialdiaren egoitza nagusiak: han ikusi ahalko dira jaialdian lehian arituko diren hamabost piezak. Larunbatean, baina, lehiatik kanpoko ikuskizunak bilduko dituzte Guggenheim museoak eta Barakaldoko Bagatza auzoan jarriko duten Zirkodomoa izeneko karpak. Museoan, Europako Batasunak bultzatutako Creative Europe programaren barruan dauden bi pieza izango dira, zehazki: Belgikako Bosse Provoost & Kobe Chielens de Polen konpainiaren Moore Bacon! eta Romain Beltrao & Supercabres taldearen Legende.

Lehia baino gehiago

Act jaialdiak ikastaroekin osatuko du egitaraua: ostegunean, Sra. Polaroinskak lau orduko saioa egingo du Barakaldo antzokian, eta, ostiralean, Ricardo Iniesta aktoreak tailerra egingo du toki berean. Sortzaileak eta programatzaileak elkartzeko zita ere bada jaialdia, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko eta nazioarteko 25 programatzaile inguru elkartuko dira egunotan. Artistekin batera, gaur egungo arte eszenikoen egoerari buruz gogoetatuko dute beren-beregi sortu duten Actmosfera izeneko espazioan. Artaziak arte hezkuntzako taldeak gidatuko ditu saioak.

Bilboko Kafe Antzokian egingo dute itxiera ekitaldia, ekainaren 1ean, larunbatean, 22:00etan, eta orduan emango dituzte sariak ere. Sari nagusia 2.000 eurokoa da, eta aukera ematen du Bizkaiko Antzerki Ikastegian hilabeteko egonaldia egiteko eta datorren urtean jaialdian lan berri bat aurkezteko. Nola ez, ikuskizunekin bukatuko dute jaialdia: iazko irabazlearen pieza ikusi ahalko da, eta BAIk lan bi erakutsiko ditu; biak genero auziei lotutakoak.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.bai-bai.net/act

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Maria Txibite, Manu Aierdi eta Elma Saiz kontseilariekin parlamentutik ateratzen. ©Idoia Zabaleta, Foku

Bortzgarren neurri sorta onartu du Nafarroako Parlamentuak

Berria

Navarra Sumaren abstentzioarekin eta bertze alderdi guztien baiezko botoarekin onartu dituzte neurriak. Bertzeak bertze kultura ogibide dutenentzat 50.000 euro arteko diru laguntzak onartu dituzte eta hamabi hilabetez luzatuko dituzte autonomoentzako eta aldi baterako lan erregulazioan daudenentzako alokairua ordaintzeko diru laguntzak. 

Elkarrizketa: Ana Galarraga eta Miren Basaras

«Zabaltzen jarraitu behar dugu ez dakigula benetan zer gertatuko den»

Jakes Goikoetxea

Asko dakite SARS-CoV-2 birusari eta COVID-19aren izurriteari buruz, baina, asko jakinda ere, zuhurtziaz jokatzen dute, ez baitakite zer gertatuko den epe laburrean eta luzera begira.

Behobiako zubia, Irun eta Hendaia artean, itxita. ©Andoni Canellada / Foku

Ekainaren 22an zabalduko dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga

Jon O. Urain

Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak eman du dataren berri. Ia hiru hilabete daramatza itxita, eta itxierak eragozpen ugari eragin dizkie zonalde horietan bizi diren herritarrei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna