Hitzak, alienaziotik askatzera

Sandra Labastieren 'Tximeleten eternitatea' euskaraz atera dute. 13 urteko neska bat du ardatz

Sandra Labastie idazlea, Donostian, Tximeleten eternitatea (Alberdania) nobela eskuetan hartuta. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Guzti-guztiaren bukaera. Ezagututakoaren eta ezagutzeko egon daitekeen ororen eten betierekoa. Azken egun horren zain dago Sandra Labastieren liburu entzutetsuenaren protagonista: 13 urteko neskato bat, komunitate milenarista bateko kidea, apokalipsiaren ideia horrekin «obsesionatuta» dagoen inguru batean hezia. Hitzek «doktrinatu» dute, eta hitzek dute askatuko. «Muturreko erlijio mugimenduetan doktrinamendua oso gogorra da, eta hitzak errealitatea distortsionatzeko balio dute. Neskato bati erakusten zaionean zerbait horrela dela eta eta ez beste inola, bizitza osoaren gaineko begirada alda diezaiokezu». Hala sinesten du egileak. Hitzen tranpa horretan harrapatuta egon ondoren, esanahiak berrikasi egingo dituen neskaren bidea jaso du Tximeleten eternitatea-n.

Duela bost urte kaleratu zuen jatorrizko lana Labastiek, frantsesez. Eta Alberdaniak ekarri du orain euskarara, Mitxel Muruaren itzulpenarekin. Jorge Gimenez editorearen arabera, hasieratik izan dute nobela begiz joa. Arrazoi batengatik, bereziki: «Erronka literario oso zailari egiten dio aurre; 13 urteko neskatila baten begietatik mundu oso bat deskribatzea, nekagarri gertatu gabe, ezti gehiegi darion narrazioa izan gabe, umekerietan erori gabe». Hori guztia modu «hotzean» kontatzen du idazleak, editorearen esanetan. Gutxika, eroriz doakio dogma, eta «begiak irekitzen» doa hala. Hiztegi batek izango du horretarako giltza, zeinari esker hitzen zentzua hiztegian eta komunitatean bat ez datozela ohartuko den protagonista. Labastie: «Hiztegia jakintzarako eta subertsiorako tresna izango da harentzat, bere pultsu bitalarekin batera. Hitzen bidezko alienazioari buruzko gogoeta bat dago hor».

Laburtasuna, eternitate

Tximeletaren figura eraman du egileak izenburura, haren existentziaren iragankortasunagatik. «Tximeletak bizitza ia osoa ematen du arrastaka dabilen beldar erara, eta oso denbora laburra tximeleta modura. Gure lurreko erresistentziaren metafora on bat iruditzen zait, non zentzuen bilaketan aritzen garen etengabe. Laburtasun hori gure eternitatea ere bada». Eleberriaren galderetako bat hor dago idazlearentzat: «Zer sinesteko prest gauden, gure bizitzaren zentzua aurkitzeko».

Labastiek berak ere muturreko hezkuntza erlijiosoa jaso zuen bizitzako lehen urteetan, eta nobelako istorioak badu autobiografikotik. Hala onartu du egileak, eta azpimarra egin dio editoreak: «Bere ahalegin propioz egin zuen hortik ihes, eta hori konjuratzeko, ezabatzeko, Hizkuntzalaritza eta Erlijioen Historia ikasi zituen. Hitzaren bidez sendatu zuen hezkuntza erradikal haren aztarna».

Istorioa emakume heldu baten ikuspuntutik kontatzekotan izan zen hasieran idazlea. Frustrazio sexualaz, debekuaz, dogmaz... hortik aritzea «konplexuegia» zitzaiola dio, ordea, «saiakera» itxura hartzeko arriskuagatik. Konplexua sinple egiteko aukera eman dio 13 urteko pertsonaiaren ahotsak: «Diskurtsoa freskoagoa eta indartsuagoa da hortik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.