Getarian egingo dute aurtengo bigarren Bertso Eguna, larunbatean

Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Balentziaga museoan, Maite Berriozabalek jarritako gaiei erantzuten

Erredakzioa
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Bertsozale Elkarteak aurten antolatu dituen Bertso Egunetan bigarrena egingo dute larunbatean, 18:00etan hasita, Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan. Bertan parte hartuko dute Alaia Martinek, Unai Iturriagak eta Uxue Alberdik, eta Maite Berriozabal ariko da gai jartzaile. Nolanahi ere, Eli Pagolak, Maider Arregik, Manex Agirrek eta Rosi Lazkanok ere parte hartuko dute ekitaldian.

«Isolamendu garaietan ere josi egiten gaitu bertsoak. Elkarrengana josi. Komunitatera josi. Eragiteko josi. Askatzeko josi. Joskuretatik Bertso Egun bat osatuko dugu Getarian. Bertsolaritzaren baitako formatu, bertsokera eta gorputzak josiz osatuko baitugu emanaldia. Oholtza gaineko elementuak elkarrekin korapilatuz. Oholtza eta oholtzatik kanpokoa hurbilduz», azaldu du Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko kideak; jaialdiaren antolaketan ere aritu da. «Bertsotan aritzea ez baita bakarkako lana: elkarrekin, elkarrengandik eta elkarrentzat aritzen gara bertsotan, eta lotzen gaituen horri erreparatuz, ordu eta erdi pasatxoko emanaldia josiko dugu».

Larunbateko saioa aurrez aurre ikusteko sarrera guztiak agortuta daude, baina Internetez zuzenean ikusteko aukera badago oraindik. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak.

Aurten hiru Bertso Egun antolatu ditu Bertsozale Elkarteak. Aurrenekoa Iruñean egin zuten, otsailaren 13an, eta azkenekoa Hazparnen (Lapurdi) izango da, maiatzaren 22an. Hori urtarrilean egin behar zuten, baina atzeratu egin behar izan zuten, koronabirusaren kontrako neurriengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.