Albistea entzun

Inauterietako maskarada

Barkoxeko maskaradak bukatu, eta Aloze-Zibozek eta Atharratzek hartuko dute lekukoa, bihar.
Atharratzeko eta Alozeko gazteak, azken mustraka egiten, Zibozeko plazan.
Atharratzeko eta Alozeko gazteak, azken mustraka egiten, Zibozeko plazan. AMAIUR ARISTI ARREGI / DANTZAN (CC) BY-SA Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

2022ko urtarrilak 15

Ezohiko egoerari, ezohiko agenda. Joan den neguan abiatzekoak ziren, aldi berean, barkoxtarren eta Atharratze eta Alozeko gazteak biltzen dituen maskaradak Zuberoan. Baina COVID-19aren kontrako neurriek traba ezarri zuten, eta bi taldeek hautu desberdinak egin zituzten: Barkoxeko taldea udan egitera abiatu zen, nahiz eta, berez, maskaradak inauterietan izan. Atharratze-Alozeko taldea, berriz, bihar hasi eta apirilaren 17ra arte ariko da.

Maskaradak plantan ezartzeko, trebakuntza berezia behar dute, dantzariek bereziki. Joimo Arhantzet dantzari izana da 2000. urteko maskaradetan, eta, gaur egun, dantza irakaslea da, eta badaki nolakoa den prestaketa: 2020ko urrian «dinamika hautsia zen», eta horregatik gibelatu zuten urte batez. Arhantzeten ustez, «azkenean ez da gaizki» gisa horrez egin izana, ez baitzuen begi onez ikusten urte berean bi maskarada izatea. Badaki, halere, ostatuak irekiak izan edo ez, oraindik ere osasun neurriek maskaraden giroa baldintzatzen ahalko dutela. Baina, dantza irakasle gisa, «helburua da maskarada bat egin dezaten», eta kontent da, abiatu ahal izanen baitira bere ikasle gazteak.

Johañe Iriart buhame jauna —taldeko motorretarik bat ere dena—, segur da haientzat bezala maskarada erakargarria dela belaunaldi berrientzat ere: «Dantzak badu arrakasta oraino. Datak ez dira pastoraletan bezala begiratuak, baina heldu den urtean badakit Maule izanen dela; Pagolan ere dantzariak lanean ari dira, eta altzaiarrak ere motibatuak dira». Beltzen aldetik, buhame eta kauteretan ere gogo bizia da hasteko.

Joan den larunbatean, Zibozeko plazan egin zuten azken mustra, azken errepika. Arhantzeten erranetan, hutsez betea izan zen, «baina hori seinale ona da, ikuskizunentzat erraten den bezala», trenkatu du irri artean. Bere esku izan zen arizaleak kargu edo rol desberdinetan kokatzea. Guillaume Rekalt izanen da Kabana, eta, Iriartek salatu duenaz, «aurten emazte bat ukanen du», Anna Iraolak jokatua. Ez da, beraz, azken urteetan ikusi den bezala, emazte talderik beltzerian, baina Iraolak presentzia handia ukanen omen du. Kargu horietan euskaldunak izan behar dira gazteak, eta azken urteetan problematikoa izan da herri batzuetan aski euskaldun atzematea Kabana Handia, Pitxu edo buhame jaunaren rolak betetzeko. Aurten ez, Arhantzetek erran duenez: «2008an, maskarada egin genuelarik Atharratze eta Aloze artean, arrangura haboro ukan genuen euskararen aldetik; beltzerian, euskaldun gutiago ziren». Eta aski da Iriart mintzatzen entzutea ohartzeko euskara mailan ere ez dela arrangurarik.

Johañe Iriart, hain zuzen, Kauteren laguntzen ari da egun hauetan Kabana Handiaren predikuak prestatzeko. Lehenik, bisitatuko dituzten herrietako berriak biltzeko; ondotik, predikuari forma emateko: «Atharratzeko berriak atzematea aise genuen. Pagolarendako, azkenekoz heldu dira zenbait berri»; han, lehen informazio bilketek ez zuten fruiturik eman, haren erranetan. Beldurra ez bada, Kabanaren predikuak oraino ere herritarren uzkurtasuna eragiten duen seinale.

Barkoxtarrekin gertatu ez dena, berriz, neguko maskaradek ekarriko dute: goizetik hasiko dira emanaldiak oro, barrikadak eginez, eta plazako jokoa arratsaldez. Zuberoako herri orotara igorri zuten Atharratze-Alozeko maskarada errezibitzeko gomita, eta arrapostu baikor anitzen artean bozkatu zuten arizaleek. «Data baino arrapostu haboro ukan dugu, anitzez. Beste herri batzuk ari dira batailan ezar dezagun data haboro aitzina, baina deliberatu genuen ez udara heltzea maskaradekin», gehitu du Arhantzetek. Konfinamendu eta kultur egitasmoen ezeztatzeek ez dute, beraz, ikusleen gogoa urritu.

Barkoxeren lekukoa

Sasoi desberdinetan hasirik ere, Barkoxeko azken maskarada joan den larunbatean izan zen, eta Iriartek aitortu du segidan lekukoa hartzeak presio gehigarri bat ekartzen diela: «Joan nintzen ikustera Barkoxera, eta jendeak kontent ziren; berriak ederki izkiriatuak ziren, irri eginarazten zuten, eta lan drolea egin dute. Gurea arruntagoa izanen da, bai». Iriartek entzun du behin baino haboro «gogor» izanen dela «horien [barkoxtarren] gibeletik aritzea», baina, halere, gauzak landurik helduko dira plazara. «Ageriko zer emanen duen», trenkatu du, epaia ikusleen eskuetan utziz.

Berrikuntza handirik ez dute hitzematen, maskaradaren usaiako formarekin plazaratuko baitira. Baina aipagarri da inauteri desberdinetan bezala buhameen artean hartzaren pertsonaia izanen dela, eta ez da beti hala izaten; «buhame ekologistarekin jokoan» sartuko da, buhame jaunaren erranetan. Ohikoa den bezala, herri antolatzaileak —Atharratzek— hartuko du lehen emanaldia; azkena, berriz, ez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Ondo ari nintzela sumatzen nuen; nik egin nahi nuena egitetik oso hurbil»

Miren Mujika Telleria

Igandeko saioa irabazita, Haritz Mujika da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetarako laugarren sailkatua. Hala, Donibane Garazin kantatuko du hurrena, urriaren 29an.
Manex Agirre eta Miren Artetxe, atzoko saioan. ©RAUL BOGAJO / FOKU
Bi ikusle, Bilboko Guggenheim museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...