'Torrealdai: euskara herri' zenbaki monografikoa plazaratu du Jakinek

Euskal kulturaren erreferente eta eragile handiaren obra osoa ere digitalizatu dute: 592 idazlan

Uztailean hil zen Joan Mari Torrealdai euskal ekintzaile eta intelektuala. BERRIA.
Erredakzioa
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Joan Mari Torrealdairi jarri ahal zaizkion izendapen guztien artean dago jakinlari-arena. Hura izan zen Jakin taldearen sortzaileetako bat, eta haren «hutsunea bizi-bizi» dutela, haren bizitza eta ekarpena ekarri nahi izan du Jakinek gogora aldizkariaren 240.zenbakian, Torrealdai: euskara herri izenpekoan.

«Aurten egiterik espero ez genuen zenbaki monografikoa da hau», dio Lorea Agirre Dorronsoro Jakineko zuzendariak. Hain justu, Torrealdairekin batera jakinlari izan ziren Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategirekin bildu da, eta mahai inguru horrek osatzen du zenbakiaren parte handi bat. Lankide zein adiskide izan zuten hirurek Torrealdai, eta hala oroitzen du, esaterako, Azurmendik une batean: «Lan egiten zuen borroka bat balitz bezala. Ze bere lana borroka bat zen».

Beste bost artikuluk osatzen dute zenbakia, bakoitza Torrealdaik landutako eremu batean ardaztua: euskalgintza (Dabid Anaut Peña), liburugintza (Garazi Arrula Ruiz), prentsa (Imanol Murua), zentsura (Lourdes Otaegi Imaz), eta, azkenik, euskal biblioteka nazionalaren ametsa (Agurtzane Juanena Alustiza).

Beste testu esanguratsu batek ere osatzen du zenbakia: Torrealdaik berak 2015ean Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasotzeko idatzi zuen kontaketa autobiografikoa.

Haren obra osoa, sarean

Euskal kulturako erreferentea oroitzeko, halaber, Torrealdairen obra osoa sareratu du Jakinek. 592 idazlan dira denera, 13.613 orrialde digitalizatu. Goiztiarrenak 1963koak; berriena, berriz, iaz Jakin-en idatzitakoa. Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruaren hitzetan, «bizitza osoko ibilbide intelektualaren emaria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.