Tabakalerako kontseiluak Ubiken gatazkari heldu ez izana salatu dute langileek

Kultur zentroko liburutegiko bitartekariek 26 egun daramatzate greban. Administrazio kontseiluaren arabera, enpresarekin dute gatazka

Erredakzioa
Donostia
2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Astearte arratsaldean bilera egin zuen Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Administrazio Kontseiluak, eta Ubik liburutegiko langileek salatu dute han proposamen zehatzik ez zutela egin beren egoerari irtenbidea emateko. Beharginek 26 egun daramatzate greban, eta egun horietan ez dute izan bilerarik ez Tabakalerako zuzendaritzarekin, ez Sedenarekin, hau da, liburutegiaren kudeaketa bere gain duen enpresarekin. «Beraz, ez da negoziazioetan inongo aurrerapausorik eman», adierazi dute langileek.

Ubikek hamahiru bitartekari ditu, eta horiek, ELA sindikatuko ordezkariekin batera, izan dituzte zenbait bilera kontseiluko kideekin, hala nola, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuarekin. Langileen arabera, administrazio kontseiluko kideek onartu zieten bitartekarien lan baldintzak txarrak direla. «Tamalez, kontseiluan ez zen gatazkari amaiera emateko inongo proposamen zehatzik onartu; guztiz kontrakoa. Beste behin ere, gatazka langileen eta enpresaren artean konpondu beharrekoa dela berretsi zuen kontseiluak».

Herenegun bidalitako oharrean, Tabakalerak azaldu zuen Administrazio Kontseiluak Ubikeko bitartekarien lan gatazkari lotutakoak ere jorratu zituela bileran. «Kontseiluak gaur arte afera honi lotuta dagoen dokumentazioa eta informazioa partekatu eta aztertu du, eta Tabakaleraren jarrera berretsi du, kontuan hartuz, lan-gatazka bat den heinean, arazoa Sedena enpresaren eta bere langileen arteko harremanaren eremuan konpondu behar dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.