Hitzaz beste eginda

Garazi Arrulak zuzendu du 'Hegats' aldizkariaren zenbaki berria. Hitzaren eta beste sorkuntza adierazpide batzuen arteko harremana darama ardatzean

Ezkerretik eskuinera, Garbiñe Ubeda, Garazi Arrula eta Ibon Egaña, Hegats berriaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk Euskal Idazleen Elkarteak bere literatur aldizkariari buelta bat ematea erabaki zuenetik. Garbiñe Ubeda egungo lehendakariaren hitzekin esanda, «buletin itxurako gauza zuri-beltz hura dibulgaziozko aldizkari koloretsu bat bihurtu zenetik». Forman bakarrik ez, mamian ere egin zen aldaketa, eta «ohiko ildoetatik ihes egiten duen zerbait» bilakatu da, hala, Hegats. Ordutik, zenbaki bakoitzeanidazle edo sortzaile bati eskatu ohi diote editore lana egiteko, eta Garazi Arrula idazle eta itzultzaileak bete du enkargua zenbaki berrian, 56. Hegats-en. Argazkiak, ostera, Sara Berasaluzek egin ditu.

Harkaitz Cano idazleari entzundako ideia batetik abiatu zuen argitalpenaren aurkezpena Arrulak: «Entzun nion kontestua dela testu berria. Eta galdetzen zuen gaurko egile mutantea ez ote den testuen kontestualizatzaile, testuen sortzaile izan beharrean». Galderari galdera gehiago erantsi zizkion, bada, Arrulak: «Zenbat testu kontestualizatzaile ote daude gaur gurean? Zer egiten duten ba ote dakigu? Testua, hitz multzoa, nola ordenatzen dute? Zer eragiteko? Gorde daiteke hitza pintzelekin, maskararekin batean? Zer gehitzen dio hitz batek trazuari, trazuak hitzari? Zergatik mugatzen dugu testua lerro zuzen, tinta beltz, atzealde zuri horretara?».

Hitza beste diziplina batzuekin harremanean, hori du Hegats berriak ardatzean. Hamaika sorkuntza lanen oinarrian dagoen harremana delako, Arrularen esanetan. «Aurpegi askoko jarduna da idazketa, maiz maskara zurrun beraren atzera mugatzen badugu ere. Elkar elikatzen dute hitzak eta Besteak; Besteak B maiuskulaz. Parez pareko izatetik urrun, elkarrizketan direla uste dugu. Beraz, hitzaz beste egin dugu».

Zehazki, hiru multzo zabaletara eraman dute hitza: irudiarenera, pentsamenduarenera eta gorputzarenera. Lehen atalean, kasurako, hitzarenean eta irudiarenean, Maite Mutuberria eta Mikel Santos Belatz marrazkilariak elkarrizketatu ditu Ander Perezek. Galderetara itzuliz, honako haudiote biek euren jardunaz: «Idazle? Istorio kontalariak bai, behintzat».

Atal berean, haur literaturaren gaineko iruzkin bana egin dute Miren Amurizak, Asun Agirianok, Juan Kruz Igerabidek eta Lore Agirrezabalek. Eta gidoigintzaz aritu dira, bestalde, Ximun Fuchs, Maider Oleaga eta Yurre Ugarte.

Idazketaren gaineko gogoetaren barruan, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz Saenz artista plastikoek «hitza balio estetikoarekin» erabili dute aldizkarian, eta galdera gehiago plazaratu ditu Arrulak: «Baldin eta idaztea hizkuntza helburu artistikoekin erabiltzea bada, eta hala dio literatura terminoen hiztegiak, Nora Aurrekoetxeak eta Laura Ruiz Saenzek egin duten hau ere idaztea izanen da. Edo, bestela, definizioa aldatu beharko dugu». Eta azken galdera airera: «Orduan, kazetariak, letragileak, hiztegigileak idazle dira? Jatetxeetako menuak idazten dituztenak?».

Hitza eta beste hiru zutaberen arteko loturez gainera, Hegats-ek ohi duenez, urteko ekoizpen eta gertakari nagusiei ere leku egin diete aldizkarian. Hala, Joan Mari Torrealdai elkarrizketatu du Arrulak berak, euskara batuaren 50. urtemuga eta Asedio al euskera (Elkar, 2018) liburua aitzaki.

Ibon Egañak heldu dio urteko beste gertakari nabarmen bati: ETAren desegiteari. «Asko idatzi da indarkeria eta literaturaren inguruan. Baina beste enfoke batetik begiratu diogu, feminismotik; emakumeek zein leku izan duten gatazka horretan, zein genero irakurketa egin daitekeen...». Hala, Traumari hitzak izenpean eta genero ikuspuntu batetik, hiru testu berrirakurri ditu Egañak: Agurtzane Juanena Alustizaren Esan gabe neukana (Elkar, 2003) lekukotza, Eider Rodriguezen Politika albisteak ipuina (Eta handik gutxira gaur, Susa, 2004) eta Uxue Apaolazaren Mea Culpa (Elkar, 2011) eleberria.

Kolaboratzaile gehiago ere badira zenbaki berrian, hala nola Bakartxo Arrizabalaga, Garazi Ugalde, Miel A. Elustondo, Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon. Ohiko liburu dendetan jarri dute eskuragai aldizkaria.

Eskaintzeko, prekaritatea

Urtean behin kaleratzen da Hegats, Euskal Idazleen Elkartearen argitalpena. «Baina ez da urtekari bat», argi utzi nahi izan zuen Ubedak. Argitalpena azalberritu zenetik, «ez du bide batere erraza izan», haren hitzetan, batez ere, baliabide faltagatik: «Elkarteak kolaboratzaile eta idazle hauei eskaintzeko duen bakarra prekaritatea da». Berdina aipatu zuen Hitzen Uberan webguneaz ere. «Hor ere ez dugu besterik eskaintzeko, eta, oraingoz, ez dakigu nola konpondu». Hala ere, bai webgunea eta bai Hegats «mamiz beti ondo hornituta» etorri ohi direla uste du Ubedak. «Eta hori, batez ere, asmo ona eta beharra dagoelako da. Bestela, nola da posible? Premia daukagulako da. Literatur gose handia dagoelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.