Albistea entzun

Lorpen hirukoitz baten analisia

Nevadako Unibertsitateak emakume bertsolarien bizipenak bildu ditu liburu batean, ingelesez
Iñaki Arrieta, Xabier Irujo eta Maialen Lujanbio, atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean.
Iñaki Arrieta, Xabier Irujo eta Maialen Lujanbio, atzo, Donostian, liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2019ko ekainak 27 - Donostia

Emakume bertsolarien esperientziak ingelesez eta mundu akademikora zuzenduta publikatzeak badu zentzua eta interesa, Maialen Lujanbio bertsolariaren esanetan: alde batetik, jardun artistikoetan edo eszenikoetan emakumeek izan dituzten bizipenak nahiko errepikatuak direlako eta beste jardunetan ere izaten direlako; bestetik, bertsolaritzak esperientzia oso lokala eman dezakeen arren, unibertsala delako formetan, zailtasunetan, aukeretan eta ahaleginetan. «Seguru asko, arte eta eszena munduko eta beste alor batzuetako pertsona asko identifika daitezke hemen kontatutakoekin, eta, beharbada, haientzat ere baliagarriak izan daitezke bertsolaritzan egin ditugun pausoak», azaldu du.

2009ko abenduaren 15ean du abiapuntua Female Improvisational Poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Century liburuaren proiektuak. Egun hartan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala egin zen Barakaldoko BECen (Bizkaia), eta Lujanbiorentzat izan zen txapela. Gertakizun horrekin, Euskal Herriak hiru garaipen lortu zituela uste du Xabier Irujok, Nevadako (AEB) Center For Basque Studieseko zuzendariak: alde batetik, egun oso batean, herri osoa egon zen literatura lehiaketa bati adi, BECetik bertatik nahiz komunikabideen edo Interneten bidez; euskara hutsez egindako ekitaldi bat zen, eta, zoritxarrez, hori ez da hain ohikoa oraindik; eta lehen aldiz emakume batek irabazi zuen txapela. «Pentsatu genuen jorratu beharrekoa zela hori, akademikoki aztertu behar genuela nola lortu zen hori guztia».

Hari horri tiraka, kongresu bat antolatu zuten iaz Elkon (AEB). Urtean behin jaialdi bat egiten dute han, Cowboy Poetry Gathering izenekoa, eta country musika eta poesia lantzen dituzte astebetean. Antolatzaileekin hitz egin, eta urte horretako gaia Euskaldunak eta Bakeroak izatea proposatu zieten. Iñaki Arrieta Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiko zuzendariaren esanetan, beren helburuetako bat beti izaten da bertako beste adierazpen kulturalekin harremana sortzea. «Eta, horretarako, Cowboy Poetry Gathering hori izugarrizko aukera zen; izan ere, beste era bateko poesia egiten dute haiek; bertsolaritzan adina ez, baina inprobisatzen dute haiek ere; eta generoaren ikuspegitik, neurri batean, bertsolaritzaren bilakaera paralelo bat egin du, urteetan gizonek bakarrik egin izan dutelako poesia mota hori».

Bertso saioak eta hitzaldi akademikoak antolatu zituzten, eta arrakasta handia izan zuen kongresuak. Horren erakusgarri da 900 pertsona joan izana ekitaldi nagusira. Bi liburu ere aterako dira kongresu hartatik. Atzo Donostian aurkeztutako Female Improvisational Poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Century da horietako bat. Bi motatako artikuluak biltzen ditu: alde batetik, bertsolaritzak izandako ibilbidearen eta aldaketen analisi antropologikoa egin dute artikulu banatan Jone Miren Hernandez, Joseba Zulaika eta Larraitz Ariznabarreta ikerlariek; Lujanbiok eta Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bertsolariek, berriz, bertsolaritzaren barrutik egin dute analisia, beren bizipenetan oinarrituta —bertsolaritzari lotutako tesia egiten ari dira azken biak—. Halaber, cowboy poesiaren azterketa egin dute Caroline Dufurrenak eta Amy Halek. «Liburuan jasotakoek aukera ematen dute ikusteko bi arte horiek nola dauden XXI. mendean», nabarmendu du Arrietak. Ingelesezko liburu bat izan arren, euskal publikoarentzat ere interesgarria dela azaldu dute, ez baita bertsolaritza zer den azaltzeko liburu bat, baizik eta gogoeta sakonak biltzen baititu.

2020an, beste kongresu bat

Bere artikuluari buruz galdetuta, Lujanbiok azaldu du azken 40 urteetan bertsolaritzak egindako ibilbidea aztertu duela, eta ibilbide horretan izan diren bi elementu giltzarri nabarmendu: bertso eskolak eta emakumeak bertso plazara sartu izana. «Nire ikuspegitik gaur egungo momentura iristeko zer gertakizun, momentu eta lanketa izan diren giltzarriak adierazi dut, eta horren kontaketa egiten dut modu objektiboa eta subjektiboa nahastuz».

Bertsolaritzaren ikuspegitik, bide baten jarraipen gisa ikusten du liburua bertsolariak, eta esan du testuinguru batean kokatu behar dela, hau da, bertsolariak, gai jartzaileak, elkartea eta abar aspalditik egiten ari diren generoaren gaiaren eta emakume bertsolarien egoerari buruzko gogoeta etengabearen testuinguruan. «Ibilbide horretan gauza asko egin dira, eta Renoko Unibertsitatetik eta begirada akademikoagotik begiratzea oso interesgarria zaigu, beste ikuspuntu bat eta gaia tratatzeko beste modu bat ematen dizkigulako».

Gogora ekarri du gaiarekin zerikusia duten egitasmo ugari egon direla Elkon iaz egindako kongresutik hona ere; besteak beste, iaz UEUn egindako Bertsolaritza Genero Ikuspegitik jardunaldiak, argitaratu berri den Bertsolaritzaren Azterketa Soziolinguistikoa eta Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua. «Liburu hori ikuspegi bat gehiago da geure egoeraren berri izateko jendeak eta gogoetara bultzatzeko geure burua».

Kongresu horretatik aterako den beste liburua bertso eskolei buruzkoa izango dela iragarri dute, eta apirilean argitaratzea da asmoa. Era berean, beste kongresu bat ere antolatzekoak dira datorren urtean, antzeko gaiak jorratzeko, eta han ere bertsolariek nahiz gaiaren inguruko adituek hartuko dute parte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manuel Asin, Rebeca Esnaola eta Teresa Morales de Alava, atzo, Ikuspuntu jaialdiaren aurkezpenean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Ehun film inguru emango dituzte Iruñeko Ikuspuntu jaialdian

Uxue Rey Gorraiz

Ehun film inguru emango dituzte Iruñeko Ikuspuntu jaialdian, hilaren 27tik apirilaren 1era. Peter Nestlerri eskainiko diote atzera begirakoetako bat

Arantza Santestebanen <em>918 gau</em> filma. ©BERRIA
Euskadiko Orkestrak hainbat ikasleren aurrean emandako kontzertua, atzo, Kursaalean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Ravelen 'Bolero' obra interpretatu du Euskadiko Orkestrak, Kursaalean

Miren Mujika Telleria

Lau kontzertu egin ditu denera Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken bi egunetan, Gipuzkoako milaka ikasleren aurrean

Julen Apella Santamaria idazlea (erdian), Imanol Larrinagaren margolana eskuetan, alboan Arantza Urkia eta Felipe Juaristi dituela, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Julen Apellak irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketako seigarren saria

Ainhoa Sarasola

'Postal bat desertuan' lanagatik jaso du aitortza. Balea Zuriak maiatz aldera argitaratuko du liburua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...