Salazar, 'Katrina'-ren arrastoan

Dolores Redondoren nobela berria euskaratu du Danele Sarriugartek: 'Bihotzaren ipar aldea'

Dolores Redondo idazlea, bere azken lanaren euskarazko itzulpena eskuetan hartuta, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
«Liburu honek bertute bat du: irakurle berriak sortuko ditu; Durangon frogatu dugu». Azokako egunak igaro berritan aurkeztu du Ereinek Dolores Redondo idazlearen lan berria euskaraz, eta, Inazio Mujika editoreak berretsi duenez, Durangon ikusi ahal izan dute handituz doala Redondoren nobela beltzak euskaraz bilatzen dituztenen kopurua. Duela bi hilabete eskas eman zuen jatorrizko gaztelaniazko lan berria Redondok, La cara norte del corazón izenpean, eta Danele Sarriugartek ekarri du euskarara: Bihotzaren ipar aldea. Idazlea oraindik azken zuzenketekin ari zen bitartean, itzultzen hasita zegoen jada Sarriugarte.

Baztango trilogia da idazlearen obretan ezagunena —Hezurren ondarea (2013), Eskaintza ekaitzari (2014) eta Zaindari ikusezina (2017)—, eta haren «aurrekaria» da nobela berria, Mujikaren esanetan. Trilogian kontatutako krimen sortaren aurretik kokatzen baitira nobela honetako gertakariak. Irakurleari euria baldin badatorkio akordura Baztango istorioak gogoratzean, euria topatuko du honetan ere, baina oso bestelako eran. 2005. urtea da, eta New Orleansen (AEB) dago Amaia Salazar, FBIko akademiak Europoleko poliziei ematen dien ikastaro batean. Serieko hiltzaile baten atzetik dabil, baina, bien bitartean, baita haurtzaroko pasadizo baten arrastoari segika ere; editorearen hitzetan, «amarekin izandako erlazio toxiko baten argitze lanetan».

2005. urtean gertatu zen Katrina urakanaren hondamendia New Orleansen, eta horregatik kokatu du garai eta leku hartan kontakizuna Redondok. Iltzatuta geratu zitzaizkion handik heldutako berriak, eta ordutik izan du haren inguruan idazteko gogoa, urakana igaro osteko egunetan bizi izan zen «giza hondamendia» ikusi zuenetik. «Munduko herrialde boteretsuena dela harro esaten duen horrek, 48 ordutan munduko beste muturrean armada oso bat mugitzeko gai den horrek, biztanleriaren parte handi bat utzi zuen hiltzen, bere azaleraren %80 ur azpian zuen hiri batean», ekarri du gogora.

Aurreko lanetan agertzen diren pertsonaia batzuk ere ageri dira nobela berrian. Horien artean, Nana. «Haren bidez kontatu dut zein tragedia bizi izan zuen estadioetan-eta babes hartu behar izan zuen jendeak. Figura sufrituena ordezkatzen du, gainera: atso beltz bat, pobrea. Klasismo eta arrazismo kasu oso argia izan zen, biztanleriaren parte bat abandonatu zutelako, agintariei inolaz ere inporta ez zitzaien zati bat».

Izenburura eramandako «ipar aldearen» ideiak garrantzia izan du idazlearentzat. «Mendiaren ipar aldea gogorarazten du, eskalatzen zailena dena», azaldu du. Eta nobelan ipar alde hori igotzen ikasiko du Salazarrek, Aloisius Dupree bere irakaslearen bitartez. «Bere minari habia egiten utzi, edo horrekin ahaldundu erabaki beharko du; alde iluna baloratzen ikasi. Dohain berezia du gaizkia jarraitzeko, eta hori bakarrik egin daiteke aurrez aurre ikusi baduzu». Aipatu du, halaber, nobela hau idatzi ostean konturatu dela bere nobela guztiak daudela «ipar aldean» ardaztuta. «Hari eroalea da, alderik zailenaren bilaketan daude beti pertsonaiak». Hala izango da jada idazten hasi den eleberrian ere. Aurreratu duenez, protagonista ez da Salazar izango.

Redondoren aurreko eleberri guztiak argitaratu ditu euskaraz Ereinek —trilogiako hiruaz gain, baita Hori guztia emango dizut (2017) Espainiako Planeta saria jaso zuen eleberria ere—, eta eskertuta agertu da idazlea. «Hasieratik hartu dut konpromisoa nire nobela guztiak lehenbailehen atera daitezen euskaraz, katalanez eta galegoz».

Hiru hilabete, 700 orrialde

Eleberri luzea den arren —700 orritik gora ditu—, «erraz» irakurtzen dela nabarmendu du Mujikak. «Giro estu batean sartu, eta lotuta eramaten zaitu amaieraraino». Abuztuan jaso zuen hura itzultzeko enkargua Sarriugartek, eta hiru hileko «lan intentsua» izan dela adierazi du. Euskal irakurleari ere testu «irakurterraza» itzultzen saiatu da: «Bide guztia irakurlearen eskutik tiraka egiten». Luzeragatik beragatik izan da itzulpena erronka Sarriugarterentzat; baina baita FBIaren giroa euskaraz emateagatik ere.

Aholku «on» bat eman zioten itzultzen hasi aurretik, eta denboraz estu ibilita, kontuan izan du itzultzaileak: «Ez nuen gaztelaniazko bertsioa irakurri itzuli aurretik. Bai Doloresen euskarazko aurreko itzulpenak, kokatzeko. Baina jatorrizkoa ez. Egunero bulegora joaten nintzenean, ez nekien zer tokatzen zen. Irakurlea bezala joan naiz ni ere, itzultzailea irakurle bat gehiago delako azken batean, misterioa argitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.