Dantzaldiak atea ahalik eta zabalen irekiko dio dantza garaikideari Bilbon

Dantzaldia jaialdiak bederatzi dantza emanaldi programatu ditu abenduaren lehenera bitartean, ikusleria zabala erakartzeko asmoz

BERRIA.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Lehiaren, solasaldiaren eta konplizitatearen artean dabil Ana Morales flamenko dantzariaren eta Juan Jose Amador abeslariaren arteko hartu-emana Cuerda floja (Extractos) pieza laburrean. Tradizioko hiztegiaren mugimendu eta erritmoak ditu oinarri dantzariak, baina bira eta luzamendu garaikideagoak ere gehitzen dizkio, eta garaikidetasun horregatik da ezagun haren lana. Bada, dantzariaren eta kantariaren harteko joan-etorri horrek abiarazi du 23. Dantzaldia, Bilboko nazioarteko dantza jaialdia. Bilboko Rekalde aretoan egin zuten Moralesek eta Amadorrek beren ikuskizuna, atzo, eta jaialdiak beste zortzi saio ere programatu ditu, abenduaren lehenera bitarte.

«Dantza garaikidea publiko zabalari helaraztea». Helburu hori du jaialdiak, Laura Etxebarria festibalaren koordinatzaileak azaldu duenez. Eta, hain zuzen ere, asmo horrekin antolatu dute jaialdi ahalik eta «askotarikoena». «Kolore paleta zabala lortu nahi izan dugu, jende gehiagorengana heltzeko».

Zinema proposamen bat izango da, hain justu, jaialdiko hurrengo ekitaldia. Win Vandekeybusi buruzko dokumentala proiektatuko dute irailaren 29an, Fundicion aretoan: Win. Dantzari eta koreografoaren sorkuntza eta bizitza nola uztartzen diren aztertzen du lanak, eta, Etxebarriak zehaztu duenez, gainera, bi euskal herritar ere ikusiko dira pelikulan, Vandekeybusen konpainiaren parte baitira German eta Jorge Jauregia dantzariak.

Barakaldo antzokian (Bizkaia) izango da hurrengo saioa. Geometria emanaldia egingo du Roseland Musical konpainiak. Familia osoarentzako moduko ikuskizuna izango da. «Oso dibertigarria», Etxebarriak zehaztu duenez. Hip-hopa izango du oinarri, eta teknologia berriak ere izango dira beste zutabe nagusietako bat.

Bilboko Arte Ederren Museoan, bi pieza labur emango dituzte urriaren 11n: Fran Sieraren Demente eta Haatik konpainiaren Ur. Buru gaixotasunak ditu oinarri lehen piezak, eta ura da bigarrenaren ardatza. Museoaren eraikin zaharreko atarian izango da emanaldia.

Amildegirako jauzia

Ane Jazebel koreografoaren Quotidiano amuse toi duoa ikusi ahalko da Fundacion aretoan urriaren 29an. Umore puntu bat ere izango du emanaldiak. Eta, azaroaren 3an, Guillermo Weickert dantzari eta koreografo espainiarraren bakarkako Parece nada emanaldia taularatuko dute Azkuna zentroan. Weickertek «amildegira egiten du jauzi» aldiro», Etxebarriaren hitzetan, eta Dantzaldian egingo duen pieza ere «basatia» izango dela aurreratu du.

Manuel Rodriguez izango da azaroaren 10ean Azkuna zentroan, Screensaver piezarekin, eta Florencia Oz eta Isidora O'Ryan bikiek Antípodas taularatuko dute Guggenheim museoan azaroaren 19an. Abenduaren lehenean itxiko dute programa, Fundicion aretoan, XXXplicit Dance izendatutako X kategorian multzokatutako dantza film laburren hautaketa batekin.

Bilboko Fundicion aretoak abiarazi zuen Dantzaldia, 2000. urtean, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten du programa. Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatuak azaldu du zergatik jaialdiaren aurkezpen ekitaldian. «Uste baitugu arte eszenikoak zabaltzen eta zaletasuna sortzen laguntzen duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.