Ekainaren 1era arte eskatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren laguntzak

Maiatzaren 12an hasi zen epea Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako deialdi horretara aurkezteko

Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, itxita. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Kulturako Langileentzako Programaren bidezko laguntzak eskatzeko epea luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako deialdi horretara aurkezteko epea maiatzaren 12an hasi zen —deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean—, eta datorren asteleheneanamaitzekoa zen, hilaren 25ean. Orain, ordea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Lanbidek erabaki dute beste bost egun luzatzea, eta, horrenbestez,epea ekainaren 1era arte luzatuko da.

Eusko Jaurlaritzak argitu nahi izan du, halaber, laguntzak «Araubide Orokorrean zein Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda dauden langileentzat» direla. «Eusko Jaurlaritzaren helburua da laguntzak eskatzen dituzten langile guztiengana iristea, baldintzak betetzen baldin badituzte. Laguntzen aurrekontua ez bada nahiko eskatzaile guztiei erantzuteko, deialdiak mekanismoak aurreikusi ditu laguntzak banatzeko hurrenkera ezartzeko —ez da lehenetsiko eskabidea aurkezteko eguna—». Hain zuzen ere, eskaerak aztertzeko ordena zozketa bidez egingo dela dago zehaztua diru laguntzei buruzko argibideetan.

Apirilaren 15ean eman zuen Eusko Jaurlaritzak kulturaren sektorerako laguntza lerroaren berri. Orduko hartan, Bingen Zupiria Kultura sailburuak adierazi zuen «egoera estuan» diren langile «autonomo profesionalentzako» laguntza bat dela, eta ez sektore oso bati zuzenean bideratutakoa.

2,5 milioi euro jarri ditu laguntzetarako, eta horiek lortu nahi dituzten kultura arloko langileek baldintza batzuk bete behar dituzte. Hain zuzen ere, laguntza horiek jaso ditzaketenek «era esklusiboan aritu behar dute profesionalki bertan behera geratutako kultur jardueran. Jarduera horretan esklusiban aritzen direla ulertuko da haien diru sarreren %60 hartatik eskuratzen dutenean».

2020ko martxoaren 14an ezarritako alarma egoera bukatzea agindu eta kultura eta arte arloko ekitaldi kolektibo presentzialetara itzultzea baimentzen den azken egunera arte iraungo dute diru laguntzek. Gehienez ere, sei hilabetez jaso ahal izango da laguntza.

Bestalde, laguntza horiez gain, Eusko Jaurlaritzak bi milioi euroren diru sail bat onartu berri du kulturaren arloko mikroenpresentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.