76 idazlek bat egin dute 'Gernikako arbola' ereserki egiteko eskaerarekin

Iaz 80 musikarik aurkeztutako ekinbidea bere egin dute. Euskaldunen komunitateak «sinbolo adostuak» behar dituela nabarmendu dute

Zenbait musikari, iaz Iruñean egindako ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Iazko abuztuan 80 musikarik Gernikako arbola «ahanzturatik atera eta euskal ereserki» bihurtzeko eskatu zuten Iruñean egindako agerraldi batean, Jose Mari Iparragirre kantuaren egilea sortu zeneko bigarren mendeurrenean. Sinatutako manifestuan adierazi zuten 157 urte dituen abesti ezagunak «hutsune bat bete» dezakeela, historikoki euskal herritarrak «elkartu» dituen kantu bat baita, «joera politiko guztiak ados» jartzen dituena.

Gogora ekarri zuten XIX. mendearen erditik «kolore politiko guztietakoek» kantatu zutela Gernikako arbxola: karlistek eta liberalek, errepublikazaleek eta sozialistek, kontserbadoreek eta iraultzaileek, abertzaleek eta nabarristek... «Frankistek eta naziek Gernika suntsitu zutenean, ordura arte herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur bilakatu zen, totalitarismoen aurrez aurre». Dena den, kantua «ia-ia galdua» egon zela nabarmendu zuten, eta horregatik eskatu zuten hura kantatzeko eta berriz ere puri-purian jartzeko.

Harrezkero hainbat atxikimendu jaso ditu manifestu horrek, eta oraingoan, euskal idazleek agertu diote babesa: 76 idazlek, zehazki. Izenpetu duten manifestuan haiek ere nabarmendu dute kantu hori «euskaldunen bihotzak batzeko» gai izan zela luzaroan: «Gerra karlisten sasoian sortu zen, eta, halere, bai karlistek eta bai liberalek abestuko zuten laster. Hegoaldeko euskaldunen artean zabaldu zen, eta Iparraldean ere bai, eta munduaren bestaldera joandako euskaldunek ere hartu zuten sorterriaren himnotzat».

Testuan gogorarazi dutenez, «bazirudien Gernikako arbola zela euskaldunen berezko ereserkia», baina duela berrogei urte, beste himno batzuk ofizial egin zituzten: Euskal Autonomia Erkidegoak Eusko Abendaren Ereserkia hartu zuen ereserkitzat 1983an, eta Nafarroako Foru Komunitateak Korteetako himnoa 1986an; Euskal Hirigune Elkargoak, berriz, ez du himno ofizialik. Hala, gutxika-gutxika, Gernikako arbola alde batera gelditu zen, eta ordutik ez dago Euskal Herriko lurralde guztiak batzen dituen kanturik. Uste dute herrialde guztietan errotu eta zabaldutako hainbat abesti daudela —Agur jaunak, Eusko gudariak, Txoria txori...—, baina argi dute «herri himno tradizioa eta onarpen orokorra» Iparragirreren abestiak izan duela.

Gainera, aipatu dute komenigarria dela «zatiketa historia luzea» bizi ondoren komunitate gisa sinbolo kolektiboak izatea: «Elkarbizitza baketsu eta onuragarria ez da berezkoa, baizik behin eta berriro eraiki beharreko zerbait. Gure zabalera zatituaren, aniztasun kulturalaren eta proiektu politiko diferenteen gainetik, komunitate bat dugu, eta sinbolo komun eta adostuak izatea komeni zaigu».

Aipamenak literaturan

Kantuak literaturan izan dituen zenbait aipamen ere bildu dituzte: besteak beste, Miguel Unamunok sarritan aipatu zuen; «askatasunaren zuhaitzaren fruitua» munduko herrialdeetan barrena zabaltzearen ideia gustatzen zitzaion bereziki, eta Felix Urabaienek idatzi zuen «euskal lurraldeetan baserririk urruneneko baserritarrik ilunenak ere» ezagutzen zuela abesti «ikaragarri» hori.

Hori guztia dela-eta egin dute bat 76 idazlek ekinbidearekin, eta haiek ere proposatu dute Gernikako arbola «euskaldun guztien» ereserki gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.