Albistea entzun

Artearen iragarkiak

Bilboko Azkuna zentroak sei ilustratzaileren lanak jarri ditu bere fatxadan. Artistek bi hilabeteko txandetan erakutsiko dute beren lana
Ezker-eskuin, Pikaza, Saraiba, Perez, Alonso, Garai, Blasco eta Goikoetxea.
Ezker-eskuin, Pikaza, Saraiba, Perez, Alonso, Garai, Blasco eta Goikoetxea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko otsailak 24 - Bilbo

Ezohikoa dena ezohiko lekuan jarri dutela: hala azaldu du Ane Pikaza aktore eta artistak. «Berezia da normalean publizitaterako erabiltzen diren espazio edo baliabideak erabiltzea ilustrazioak erakusteko». Txandaka, sei ilustratzaileren lanak jarriko dituzte Bilboko Azkuna zentroko fatxadan 2019ko abenduaren 31ra bitarte, eta Pikazaren irudiak izango dira erakusten azkenak. «Ez gaude ohituta halako tokietan ilustrazioak ikustera, baina ideia egokia iruditu zitzaidan hasieratik, jendeak ikus dezan publizitatearen erakargarri gisa artea jar daitekeela». Aitor Saraibaren hiru ilustrazio daude jarrita orain: urtarrilean jarri zituzten, eta martxoaren 15era bitarte izango dira Bilboko alondegi zaharraren fatxadan ikusgai. Higinia Garai, Naiara Goikoetxea, Leire Urbeltz, Susana Blasco eta Pikazaren lanek jarraituko diete gero. Bat datoz artista guztiak: ilustratzaileentzat aukera bat da Azkuna zentroko hormetan beraien lana erakustea, bigarren mailako artetzat hartzen baita ilustrazioaren edo marrazkigintzaren eremua.

Dena hasten da marrazki batekin, Saraibaren arabera. «Areto honetan baldin bagaude, norbaitek aldez aurretik aretoa marraztu duelako gaude». Bigarren mailakotzat hartzen direla azpimarratu du, ordea. «Nik hamar urte daramatzat lan honetan, eta konturatu naiz egiten duzun irudiak beste zerbait bihurtzen denean hartzen duela garrantzia; objektu bat bihurtzen denean hartzen duela benetako balioa». Sortu diren usteetan egin du geldialdia Saraibak. «Txikitatik erakutsi digute, adibidez, margolanek balio bat dutela; baina ez, ostera, paperean egindako zirriborroek, nahiz eta gehienetan artelanaren funtsa izan ohi diren». Marrazkiak «esentzia» gisa ulertzen dituela dio.

Ildo beretik jo du Pikazak ere. «Bigarren mailakoa baino gehiago, txikiagoa dela esango nuke nik». Toki bila dabilen eremu bat dela iradoki du. «Beste formatu batzuetan azaldu ohi dira ilustrazioak: liburuetan eta aldizkarietan, kasurako. Arte garaikideak ez bezala, marrazkiek ez dituzte betetzen erakusketa aretoak». Arrikibarko eroa ezizenez ezaguna den emakumearen istorioan oinarrituko ditu Pikazak bere marrazkiak. Mercedes Lorenzo emakumearen istorioa da, zehazki: Arrikibar plazara joaten omen zen egunero, kapela deigarriak jantzita, eta josten aritzen zen bertan zegoen eserleku batean, bere maitalearen dendaren aurrealdean. «Nik ez nuen ezagutu, baina nire senideek bai, eta etxean sarritan entzun ditut hari buruzkoak. Uste dut geure imajinario kolektiboan ere sartzen dela, ia denek ezagutzen baitugu istorioa, nahiz eta denborak aurrera egin ahala galtzen ari den». Oraindik ere ez ditu zehaztu ilustrazioaren nondik norakoak. «Denbora dut oraindik, baina helarazi nahi dudan mezua eta sentipenak baditut».

Irudien egiazkotasuna

Bi hilabeteko epea izango du artista bakoitzak bere obrak erakusteko. Garairen lanak izango dira jarriko dituzten hurrengoak: martxoaren 15etik maiatzaren 15era bitarte erakutsiko dituzte. Espazioak ematen duen aukera azpimarratu du Garaik. «Igaroleku batean daude, eta interesgarria da. Nik begiratzeko eran jarriko dut fokua: aztertu nahi dut nola begiratzen dugun edo irudiak nola kontsumitzen ditugun». Gaur egun sare sozialetan erakusten diren argazkiak aipatu ditu. «Bertan ikusitakoak egiazkoak direla sinesten dugu, eta ez ditugu bigarren aldiz aztertzen, egiazkoak ote diren edo ez jakiteko».

Goikoetxeak argazkigintzan eta diseinuan oinarritutako lanak jarriko ditu maiatzaren 15etik uztailaren 15era bitarte. Azpimarratu du emakumeekin lotzen den eremu bat dela ilustrazioarena. «Uste dut diseinuarekin lotzen den eremu bat dela oraindik». Hain zuzen, Azkuna zentroaren fatxadan lanak erakutsiko dituzten sei artistetatik bost dira emakumeak, eta balioa eman dio errealitate hori. Blascoren txanda izango da gero: irailaren 16tik azaroaren 15era bitarte jarriko ditu bere lanak. «Collagea egiten dut nik, argazkiekin eta ilustrazioarekin. Ustekabeetan oinarritzen da nire lana: aurkitzen dudan horretatik sortzen dut».

Ilustratzaileen lana eta, oro har, ilustrazioa indartzeko helburua du egitasmoak, Fernando Perez zentroko zuzendariaren arabera. «Egitasmoa ez da fatxadara mugatuko; gaiarekin zerikusia duten bestelako ekintzak antolatuko ditugu datozen hilabeteetan». 2019. eta 2023. urteen arteko egitasmo estrategikoaren parte da aurkeztutako proiektua.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nelly Arcan idazle quebectarra (1973-2009). ©ADAM BILINSKI

Luxuaren azpietatik

Itziar Ugarte Irizar

Literatura ikasketak egin artean luxuzko 'scort' lanetan aritu zen Nelly Arcan idazlea, eta garai hartan ikusitakoak garratz aletu zituen 'Puta' bere lehen eleberrian. Euskarara ekarri berri dute.
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
 ©NEVER FOR EVER

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.