Krokodilo bat, 400 ahotsetara

Mariasun Landa idazlearen liburuak irakurriko dituzte ekainean Bilboko irakurketa publikoan

Mariasun Landa idazlea, 2019ko otsailean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Haur eta gazte literaturaz ari bagara, Mariasun Landa da gure ikurra». Euskal letretako lumarik esanguratsuenetako bat da Landarena Pedro Alberdi Bilbo Zaharra Forum jardunaldien koordinatzailearen hitzetan, eta horregatik hautatu dute haren obra ekainean Bilboko Arriaga antzokian egingo duten irakurketa publikorako. Duela hamabi urte jarri zuten martxan egitasmoa; hainbat klasiko eta egile esanguratsu omendu dituzte bitarte horretan, eta Landaren txanda izango da aurtengoan.

Ekaineko irakurketa publikoa izaten da jardunaldietako ekitaldi nagusia urtero, baina aurrez bestelako saio batzuk ere antolatzen dituzte, «beroketa modura». Hiruna hitzaldi prestatzen dituzte hiruhileko bakoitzerako, eta gaur, bihar eta etzi egingo dituzte bigarrenekoak. Ilustrazioaren eta literaturaren arteko bidegurutzean jarriko dute arreta. Lehen mailako idazle eta ilustratzaile tandem bana gonbidatu dute egun bakoitzerako. Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga arituko dira gaur, Bernardo Atxaga eta Mikel Valverde izango dira bihar, eta Mariasun Landa eta Elena Odriozola, azkenik, ostegunean.

«Haur eta gazte literaturan ilustrazioak garrantzi handia du», azaldu du Alberdik, «eta horregatik batu ditugu idazle eta ilustratzaile hauek». Elkarrekin ibilbide luzea du atzean bikoteetako bakoitzak, eta haiek erabakiko dute hitzaldia nondik nora eraman. Alberdi: «Konplizitate handia dute euren artean, eta libre utzi diegu bidea».

Aldarrikapen puntu bat ere badute saioek, koordinatzaileak onartzen duenez. «Ilustratzaileen lana azaleratzeko modu bat ere bada hitzaldi zikloa. Funtsezkoa da euren lana haur eta gazte literaturan, eta nik uste dut ez daudela aski errekonozituta». Bigarren hiruhileko hitzaldiokin gaia pixkanaka ekaineko saiorantz eramatea ere bada asmoa; gero, hirugarren hiruhilekoan, Landaren literatura izango baita hiru saioetako gaia.

1982. urtean argitaratu zuen bere lehen liburua Landak, Amets uhinak, eta hamaika argitalpen egin ditu geroztik, gehien-gehienak haur eta gazte literaturaren esparruan. Besteak beste, gaztelerara, frantsesera, ingelesera eta eslovakierara itzuli dituzte haren lanak, eta luzea da jaso dituen sarien zerrenda ere. Lizardi saria jaso zuen, adibidez, 1982an, Txan fantasma lanari esker; Euskadi saria eman zioten 1991n, Alex lanagatik; Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Saria jaso zuen 2003an, Krokodiloa ohe azpian liburuagatik; eta duela lau urte Rosalia de Castro Pen Saria ere eman zioten. Azken urteetan, memoria liburuak eta bere literaturari buruzko gogoetak biltzen dituzten bildumak ere argitaratu ditu. Adibidez, iluntasunari buruz mintzo da Puertas y ventanas abiertas artikulu antologiako pasarte batean. «Onartzen dut zenbaitetan umorearen gela argitsuan idatzi ditudala narrazio batzuk, esperimentaziotik abiatuta, absurdotik eta jolasetik. Baina, erabat zintzo izan behar badut, nire iluntasunaz hitz egin ahal izateko aukera eskaini izana da haur literaturari eskertu behar diodana».

Ipuinak, bilduta

Guztira, 400 pertsona inguru bildu ohi ditu ekaineko irakurketa publikoak, eta aurten ere kopuru horren bueltan ibiliko dira. Alberdik dioenez, kasu honetan, okasiorako propio sortu behar izan dute irakurriko duten liburua. «Hainbat ipuin biltzen dituen liburu digital bat sortu dugu. Landaren ipuin guztiak nahiko laburrak direlako».

2008an abiatu zuten irakurketa publikoa Axularren Gero liburuarekin, eta geroztik, urtero batu dituzte ehunka irakurle Bilboko Arriaga antzokian euskaraz irakurtzera. Zerrenda osatzen dute jadanik irakurritako lanek: tartean dira Juan Antonio Mogelen Peru Abarka, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Txomin Agirreren Kresala, Itxaro Bordaren %100Basque, eta Anjel Lertxundiren Otto Pette.

Alberdik dioenez, oraingoan argi ikusi zuten Landa omentzeko beharra, baina ez Landa delako bakarrik. «Ez da bakarrik berak egindako lana txalotzeko, baizik eta haur eta gazte literaturaren esparrua ere omentzeko eta erreibindikatzeko». Lehenago ere egin dute antzeko ariketarik. Kafkaren lana aukeratu zutenean, esaterako, itzulpengintza ere bazuten buruan. Peru Abarka irakurri zutenean, bizkaiera aldarrikatzea izan zen bigarren asmoa. Eta Itxaro Bordaren lana nabarmentzerakoan, Ipar Euskal Herria kontuan hartzeko ideia ere bazuten, Alberdik dioenez. Eta horregatik orain Landa, eta horregatik orain haur eta gazte literatura. Baturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.