Italia. Meloniren lehen hilabetea agintean. Christian Raimo. Irakaslea

«Faxismoa gauza asko da, gauza desberdin asko»

Raimoren arabera, Italiako Gobernuak «ezaugarri faxista argiak» izango ditu, eta «men egingo die», besteak beste, «patronalaren aginduei».

BERRIA.
Marco Santopadre
Cagliari
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Italiako gizarteko sektore aurrerakoiak harri eta zur daude hauteskundeetan ultraeskuina nagusitu dela-eta, eta beren buruari galdetzen diote zergatik irabazi duen eta garaipen horrek zer arrisku dituen. Christian Raimo Erromakoa da, institutuko filosofia eta historia irakaslea, hainbat egunkaritako kolaboratzailea eta baita liburu askoren egilea ere.

Ikusi gehiago:Meloniren lehen hilabetea agintean, ultraeskuinaren erara

Zuk ere uste duzu zentro-eskuinari irabazteko nahikoa zela zentroko eta zentro-ezkerreko alderdi guztiak batzea?

Ez dut uste. Zentro-eskuina argi eta garbi nagusitu zen [bozetan]; zentro-ezkerraren porrotaren ondorioz irabazi zuen batez ere, proiektu demokratiko solidario eta serio bat falta delako. Eskuinak merezita lortu zuen garaipena, Alderdi Demokrata ez delako gai izan subjektu politiko alternatibo egoki bat sortzeko. Eskuinak irabazi izanaren arrazoietako bat da Italian ezkerra ez dela existitzen, urteetan sarraskitua eta jazarria izan baita.

5 Izar Mugimenduak gizarteko sektore kritikoen botoak kapitalizatu zituen, eta, hala, gizarte mugimenduen bultzada neutralizatu zuen —ondasun komunena eta ur publikoarena, adibidez—; hori lortutakoan, eta 2018an garaipena eskuratu ondoren, gobernu akordio bat egin zuen Salviniren eskuinarekin.

Zergatik egin zuen porrot Alderdi Demokrataren boto antifaxista emateko deiak?

Alderdi Demokratak neutralizatu egin zuen aldaketaren alde zegoen bultzada. Alderdi horrek katoliko demokraten botoak jaso zituen, sindikatuenak, klase ertain ilustratuarenak: azken batean, antifaxismoaren erlijio zibilarekin identifikatu eta berdintasunean eta elkartasunean sinesten zuten guztien botoak.

Eta Alderdi Demokratak traizio egin zien, eskuineko politika bat egin baitzuen, eskola publikoaren aurka eta osasun publikoaren aurka. Politika horien ondorioz, ez da sinesgarria Alderdi Demokrata ezkerreko antifaxista gisa agertzea, nahiz eta alderdiak oraindik ere horrela agertu nahi duen, mesedegarria zaiolako.

Haren hauteskunde kanpaina antifaxismo abstraktu batean oinarritu da, eta askok jada ez dute horretan sinesten. Buruzagiek bertan behera utzi dituzte Alderdi Demokrataren ikuspegiak, baita sozialdemokrata ere. Alderdi Demokratak erakutsi du erabateko mendekotasun politiko eta kulturala duela Italiako kapitalismoarekin, zeinak finantza publikoez baliatzea duen oinarri.

Nazionalismoa, homofobia, fundamentalismo katolikoa... Zer da gobernu berria? Gobernu faxista bat izango da, edo faxista batzuk izango dira hala moduzko jendez osatutako gobernu batean?

Faxismoa gauza asko da, gauza desberdin asko. Neofaxismoaz hitz egin beharko genuke; izan ere, gobernu honek gogora ekartzen dizkigu 70eko hamarkadan eskuin muturrak zuen jokabidea eta haren ideologia, eta ez hainbeste Mussoliniren erregimena. Ideologia sozialez mozorrotutako faxismo bat da, iraultzaile gisa aurkezten dena eta uste duena elite demokratikoen diskriminazioaren biktima dela.

Gobernuak ezaugarri faxista argiak izango ditu: men egingo die patronalaren aginduei, gerraren alde egongo da, eta ingurumenaren etsaia izango da. Gastu militarra izugarri handitzen saiatuko da, eta bere kultura inposatzen hezkuntza sisteman. Gobernu berria «erretrotopia» hutsa da, milurteko berriko arazoei XX. mendeko faxismoarekin erantzuteko ahalegina, besteak beste ingurumenari eta immigrazioari. Gobernu honek modu barregarrian erreakzionatzen du, ministerio batzuk asmatuz: «Familiaren eta Jaiotza Tasaren Ministerioa», «Itsasoaren Ministerioa» eta «Hezkuntza eta Meritu Ministerioa».

Zentro-ezkerreko lider batzuek eskuina legitimatu izanaren ondorioa ere bada neofaxisten garaipena?

Neonazionalismoa eta errebisionismo historikoa dira boterera iritsi diren alderdien ernamuin ideologikoak, baina ez dira eskuinarenak bakarrik. Ideologia horiek urteetan eta urteetan egon dira errepublikako presidenteen pedagogia politikoaren erdigunean, eta presidente horietako batzuk antifaxistak ziren —Ciampi edo Napolitano, adibidez—, eta Alderdi Komunistako buruzagi ohiak beste batzuk —Luciano Violante, esate baterako—.

Ikuspegi neonazionalista gutxiengo batena zen lehen; azken 30 urteetan, ordea, zentro-ezkerreko liderrek eta intelektualek ere legitimatu eta zabaldu dute gizartean. Ideologia horren ondorioz, Italian aspalditik bizi diren etorkinek ezin izan dute botorik eman, baina atzerrian bizi diren italiarrek, aldiz, bai.

2007an agerian geratu zen nazioaren ideia hori, garai hartako zentro-ezkerreko buruzagi Walter Veltronik egindako adierazpen batzuetan: esan zuen errumaniarrak mugaldera baztertu behar zirela, eta beren herrialdera itzularazi, etnikoki denak zirelako etorkin errumaniar batek Erromako aldirietan emakume bat hil izanaren errudunak.

Italia ezkerrik gabeko herrialde bat izatera kondenatuta al dago?

Alderdi Demokrata desegitea oso ona litzateke herrialde honetan masen ezkerra berrosatzeko. Gaur egun, ezkerreko batzuk 5 Izar Mugimenduaren aldekoak dira, eta mugimendu hori bihurtu da Frantzisko aita santuaren, eta katolizismo sozial eta demokratikoaren alderdia; hein batean, atzean utzi dute Beppe Grillok sortutako mugimenduaren oinarrian zegoen arrazakeria harro hori.

Benetako Italian, mugimendu feministak daude, mugimendu ekologistak, arrazakeriaren aurkakoak eta lan duin baten aldekoak. Ezkerreko alderdi baten sorreran lan egin beharko banu, ideologiaren, kultur programaren eta nortasunaren eraikuntzan jarriko nuke indarra, eta ez bakarrik antolaketan: ez dago militanterik, pentsalaririk, batzorde zientifikorik, ezta ideiarik ere. Melonik baditu; duela 30 urte politika egiteko orduan ondoan zituen militanteekin iritsi da gobernura. Ideologia funtsezkoa da politikan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.