Sana. Afganistanen bizi den emakumea

«Talibanek animalia baten gisan ikusten dute emakumea»

Medikuntza ikasi nahi du Sanak, baina, gaur-gaurkoz, emakumeek ezin dituzte unibertsitateko ikasketak egin Afganistanen. Haren arabera, «han bizi diren emakumeentzat ez dago etorkizunik».

SANA.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Sanak —asmatutako izena da: hark eskatu du izena ez aipatzeko— 18 urte ditu, eta Afganistanen bizi da. Memorian iltzatuta dauka talibanek agintea hartu zuten eguna: «Aireportuko ateak irekitzen zituzten aldiro, jende oldeak mugitzen ziren alde batera eta bestera. Guztiok ihes egin nahi genuen». Sanak oroitzen duen «egun beltz» hartan, milaka lagun igo ziren hegazkinetara, baina beste hainbestek ez zuten aireratzea lortu. Halabeharrez Afganistanen gelditu ziren milaka horietako bat da bera. Medikuntza ikasi nahi du, ahal badu, atzerrian. Baina bi hilabete igaro dira aitaren berririk ez duenetik eta talibanen mehatxutik ihesi ezkutatuta bizi denetik.

Ikusi gehiago:Barroterik gabeko kartzelan preso

Nazioarteko herrialde batek berak ere ez du aitortu 2021eko abuztuan talibanek ezarritako Afganistango Emirerri Islamiarra. Izan ere, ia hutsera murriztu dituzte emakumeen oinarrizko eskubideak. Besteak beste, debekatua dute bigarren hezkuntza jasotzea, zenbait eremu publikotara joatea —parkeetara, gimnasioetara eta bainu publikoetara, kasurako— eta lanpostu gehienetan lan egitea.

Horiez gain, bi pauso harago joan ziren talibanak iragan abenduan: unibertsitatera joatea eta GKE gobernuz kanpoko erakundeetan lan egitea debekatu zieten emakumeei. Argudiatu zuten emakumeek ez zutela betetzen xariak, lege islamiarrak agindutako arropa kodea. «Oso albiste txarra izan zen guretzat; negar asko egin genuen», dio Sanak.

Hark eta haren amak neska gazteentzako eskolak ematen zituzten etxean. Bi hilabetez egon ziren horrela, ezkutuan, talibanek deskubritu zituzten arte: «Etxera etorri ziren, eta jipoitu egin gintuzten; ama, aita eta ni. Ordutik ez dut aitaren berri. Zenbait gau preso izan zuten, eta ondoren ihes egin zuen. Ezkutatuta bizi da, beste nonbait».

Tamalez, talibanek emakumeei hezkuntzarako eskubidea mugatzea ez da kontu berria. Agintea hartu zutenetik, ikasteari utzi diote milioi bat emakume inguruk. Sanaren arabera, «han bizi diren emakumeentzat ez dago etorkizunik».

Azken urte eta erdian, bikoiztu egin dira etxebizitzetan eta lokal partikularretan eskainitako eskola komunitarioak. 600.000 haur inguru joaten dira horietara, eta horietatik guztietatik, erdiak baino gehiago dira emakumeak. Hala ere, Munduko Bankuak egindako ikerketa baten arabera, Afganistango emakumezko nerabeen %37 soilik dira alfabetatuak. Adin guztietako emakumeak aintzat hartuta, nabarmen jaisten da kopurua, hots: %19ra.

Beldur eta mehatxu artean

Esku bete arma eta promes eseri ziren talibanak herrialdeko agintaritzan. Sanaren esanetan, ordea, jendaurrean egindako promes guztiak ahazten dituzte buelta erdia ematen dutenean. Emakumeek ikasten eta lanean jarraitu ahal izango zutela hitzeman zuten 2021eko abuztuan. Baina, ordutik, areagotu besterik ez dituzte egin haien aurkako neurriak.

Leihotik begiratzen duenean, Sanak emakume andana ikusten ditu kalean: «Platanoak, boligrafoak, liburuak, etxean prestatutako janaria... edozer saltzen dute». Talibanek ikasgeletatik eta lantokietatik kanporatu zituztenetik, askok kalera jo dute sos bila. «Gauza bakarrak axola die talibanei: [emakumeek] nola jantzi, jokatu eta hitz egin behar duten».

Berak ondo ezagutzen ditu talibanek arropa kodearen inguruan dituzten erreparoak: «Ama behin kalera irten zen, hijaba jantzita. Talibanek jipoitu egin zuten, hijaba gaizki jantzia omen zuelako. Baina ondo jantzia zuen. Negar zotinka zegoen etxera iritsi nintzenean. Ordutik, ez du etxetik irten nahi izaten. Beldur da».

Arrazoi beragatik jipoitu zuten Sana beste behin, baita tiro egitearekin mehatxu egin ere. «Talibanek animalia baten gisan ikusten dute emakumea. Bat ikusi eta tiro egin nahi diote», dio. Haren lagun bat hil zuten, tiroz. «Oso gogorra izan zen. Oso gogorra da Afganistanen emakume izatea».

Borrokarako kemena

Neguko etenaldiaren ostean, herrialdeko unibertsitateek ateak ireki zituzten astelehenean. Baina gizonek bakarrik gurutzatu zituzten ate horiek; izan ere, gaur-gaurkoz, unibertsitatera joatea debeku da oraindik emakumeentzat. Hala ere, kemena bildu, eta azken egunotan kalera irten dira zenbait emakume. Batzuk unibertsitate inguruetan eseri dira, liburuak esku artean, eta protestan irten ziren atzo beste batzuk, Kabulgo kaleetan barrena. Pankarta zuri bat zuten lehen ilarakoek, zera idatzita: «Martxoaren 8a, emakumearen nazioarteko eguna». Ikasteko eta GKEetan lan egiteko eskubidea aldarrikatu zuten, «ez onartu talibanak», «talibanen kontrolpeko hezkuntzarik ez» eta «salbatu Afganistango emakumeak» oihuen artean.

Horiekin bat egin zuten unibertsitateetako irakasle eta ikasle batzuek. Tolo News telebista katearen arabera, askok iritzi diote Afganistan herrialde zibilizatua izateko «ezinbestekoa» dela unibertsitateak guztientzat irekita egotea.

Dena den, litekeena da unibertsitatera joan ahal izateko emakumeek oraindik «itxaron» behar izatea, edo hori uste du AEB Ameriketako Estatu Batuen Afganistanerako ordezkari Thomas Westek. Atzo salatu zuen talibanek ez dituztela orain arte egindako «promesak bete», eta, hortaz, haien hitza ezin dela ziurtzat jo «emaitzak ikusi arte».

Haren hitzei erantzun zien berehala talibanen bozeramaile Zabibullah Mujahidek, eta esan zuen erregimena ez dagoela emakumeek ikastearen eta lan egitearen aurka. «Bi ministeriok dute gai honen ardura, Hezkuntza Ministerioak eta Goi Ikasketetako Ministerioak. Egitekoak prest dituztenean, emakumeek ikasi ahal izango dute», adierazi zuen Mujahidek. Argudiatu zuen «ingurune islamiar egokiak» sortu behar dituztela emakumeak ikasgeletara itzuli baino lehen.

Baina unibertsitatera joateko aukera izanik ere, emakumeek ezin dute edozer ikasi. Talibanek zehaztu egin dituzte emakumeek ikasi ditzaketen ikasgaiak eta graduak —unibertsitate publikoetan—. Besteak beste, eskualde gehienetan emakumeek ezin dituzte egin medikuntza, kazetaritza, albaitaritza, ingeniaritza eta ekonomia ikasketak. Ikasi ditzaketen artean daude, berriz, erizaintza, literatura, irakaskuntza eta ikasketa islamikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.