Emakumeen egoera Afganistanen

Barroterik gabeko kartzelan preso

Talibanen mendeko Afganistanen, debekuen zerrenda luze batek agintzen du emakumeen bizitzan. Unibertsitatera joatea debekatu zieten abenduan, baita GKEetan lan egitea ere. Krisi humanitario betean dago herrialdea, eta bizirik irauteko borrokan ari dira han milioika emakume.

Emakumeak arropak eta produktuak saltzen, Kandaharko kaleetan, Afganistanen, iazko otsailean. EFE.
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Burdin hesi gabeko kartzeletan bizi dira emakumeak talibanen mendeko Afganistanen. Atea ireki, eta kalera irten daitezke, baina talibanek ezarritako debekuen zerrenda luzeak lau pareta artean egotera kondenatzen ditu. Besteak beste, emakumeek ezin dute bigarren hezkuntzan ikasi, ezin dira zenbait eremu publikotara joan, ezin dira euren etxeetatik 70 kilometro baino urrutirago joan mahram edo gizonezko senide batek lagunduta ez bada, eta, iragan abenduaren 22tik, ezin dituzte unibertsitateko ikasketak egin, ezta GKE gobernuz kanpoko erakundeetan lan egin ere.

Ikusi gehiago:Sana, Afganistanen bizi den emakumea: «Talibanek animalia baten gisan ikusten dute emakumea»

Azken debeku hori iragarri eta berehala adierazi zuten hainbat GKEk eta NBE Nazio Batuen Erakundeak euren desadostasuna. Talibanekin bildu ziren urtarril amaieran, eta eskatu zieten emakumeei GKEetan lan egiten uzteko. Talibanek hitzeman dute hil honetan dokumentu bat aurkeztuko dutela. Haien arabera, hor zehaztuko dute emakumeek posible izango dutela GKEetan lan egin, baina alor humanitarioetan soilik —osasungintzan eta hezkuntzan, kasurako—. Oraindik ez dute halakorik zabaldu.

Afganistanen, gobernuz kanpoko erakundeetan lan egiten duten 55.000 pertsonetatik 30.000 inguru dira emakumeak. Horiek hala, kale gorrian gelditu ziren erakundeetako langileen erdiak baino gehiago, eta ia GKE guztiek bertan behera utzi behar izan zituzten euren proiektuak. Horietako bat da Save The Children erakundea. Herrialdeko 34 eskualdetatik hamazazpitan ematen du giza laguntza, baina proiektuen erdiak eten behar izan ditu. «Egoera oso larria da», adierazi du erakunde horretako Espainiako giza laguntzarako eta larrialdietarako arduradun Arantxa Osesek.

Eten dituzten ia programa guztiak arlo humanitariokoak dira, hau da, osasunaren eta hezkuntzaren alorretakoak, horietan emakumeak baitira langile gehienak. «Emakume horiei guztiei GKEetan lan egitea debekatzeak pobreziara kondenatzen ditu», iritzi dio Osesek. Emakume asko familia buruak dira, eta, hortaz, «muturreko neurriak» hartu behar dituzte bizirik irauteko.

Azken bi asteotan, berriro abian jarri ahal izan dituzte zenbait proiektu. Hala ere, «beste asko abian jarri behar dira oraindik», eta Osesek espero du «laster eta pixkanaka» etendako zenbait jarduera berrabiarazi ahal izatea. Izan ere, aurrez milaka emakumek ematen zuten zerbitzurik gabe geldituko dira beste hainbeste. Bada, han, emakumezko mediku batek soilik artatu ditzake emakumeak, eta alargunek arazoak izaten dituzte oinarrizko hainbat produktu jasotzeko —elikagaiak, kasurako—, ezin direlako euren familiatik kanpoko gizonezkoengana zuzendu. «Ez dago giza laguntza ematerik emakumerik gabe», dio arduradunak.

Laguntza hori eman ahal izateko ere, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte talibanek agintea hartu zutenetik: «Gizonek eta emakumeek ezin dute eremu fisiko berean lan egin, ezin dute auto berean bidaiatu —baldin eta familia berekoak badira—, eta emakumeek hijaba jantzita egin behar dute lan».

Hotzak eta goseak jota

Krisi humanitario betean amilduta dago herrialdea. Afganistango biztanleria osoaren —38 milioi inguru— erdia baino gehiago daude gosetean, eta ia lau milioi haurrek pairatzen dute malnutrizioa. NBEren esanetan, hiru lagunetatik bik —28 milioi herritarrek— dute giza laguntzaren «berehalako» premia.

Aurten, gainera, negu hotzak areagotu egin ditu zailtasun horiek guztiak. Azken hamabost urteetako negurik hotzena dute han. Tenperaturak zero gradu azpitik hogeira jaitsi dira, eta hotzak ehun lagundik gora hil ditu jada.

Baina talibanek GKEen gaineko debekua iragarri zutenetik, Afganistanera giza laguntza gutxiago bidaltzen ari da nazioartea, Crisis Group erakundeak otsail amaieran argitaratutako txosten baten arabera. Hango egoera larriari erreparatuta, ordea, Osesen arabera, «ez da laguntza murrizteko garaia, indartzekoa baizik».

Hain justu, GKE batean egiten zuen lan Massuda Kohistanik Afganistanen bizi zenean. Emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea zen. Gertutik ezagutzen ditu lehorte sasoiak eta hotzaren astinaldiak: «[Afganistanen] Ez dago bizitzarik: pobrezia eta negu hotza besterik ez».

Kohistani Espainian bizi da egun, baina sorterria du gogoan: «Urte eta erdi daramat Espainian, baina ezin diot negar egiteari utzi. Nire familia galdu nuen, nire herrialdea utzi nuen, ezin dut ezer egin familiari laguntzeko. Ez dakit zergatik nagoen bizirik, ez daukat helbururik».

Istorioa errepikatu da

Kohistanik 2021eko abuztuaren 24an egin zuen ihes handik. «Banekien zer zetorren». Haurra zen talibanek lehenbizikoz agintea hartu zutenean, nerabea eta gaztea AEB Ameriketako Estatu Batuetako tropak sorterriko lurretan zeudenean, eta emakume heldua talibanek bigarrenez aginte makila hartu zutenean. Afganistan «beti izan da herrialde tradizionala eta patriarkala», dio.

Hark eta beste hainbat emakume ekintzailek aldaketaren eragile izan nahi zuten. Bidea ez zen erraza izan, baina «aurrerapauso handiak» eman zituzten AEBak Afganistanen egon ziren bi hamarkadetan. «Emakumeek lan egiten zuten, euren soldata irabazten zuten. Irakasleak eta medikuak ziren. Nekazaritza guneetan ere, emakumeak eta neska gazteak unibertsitatera eta eskolara joaten ziren».

Hala ere, azpimarratu du lorpen horiek guztiak Afganistango emakume ekintzaileen borrokaren ondorio izan zirela, ez AEBek emandako «opari bat». «AEBek ez dituzte inoiz Afganistango herritarrak entzun. Nork eskatu zien Afganistanera etortzeko, eta nork eskatu die alde egiteko?», salatu du.

AEBek Afganistanen esku hartzeko arrazoia zen 2001eko irailaren 11n New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatua egin zuten «terroristak atzematea», eta ez «nazio bat eraikitzea», Joe Biden AEBetako presidentearen arabera. Horiek hala, AEBek 2021eko maiatzean hasi zuten erretiratzea ofizialki, nahiz eta aurreko urteetan han zituzten soldadu kopurua murriztuz joan. Hasieran, urte hartako irailaren 11n amaitu nahi zuten irteteko prozesua, baina, azkenean, 2021eko abuztuaren 31n amaitu zuten hogei urtez herrialdean izan zuten presentzia militarra. AEBen erabateko irteera baino hamabost egun lehenago, talibanek Afganistango Emirerri Islamiarra aldarrikatu zuten.

Kohistaniren ustez, Afganistango egungo egoeraren erantzule dira AEBak. «Bizirik mantendu zituzten talibanak, zelaia prest utzi zieten. Ezin gara haiekin fidatu». Salatu du Biden buru duen herrialdeak «joko beltza» egin duela hango herritarrekin. Are, iritzi dio «gezurra» besterik ez dutela esaten hainbat eta hainbat gobernuk. «Armak ematen dizkiete talibanei, finantzatu egiten dituzte, eta gero bakearen inguruan hitz egitera ausartzen dira? Armen negozioa sustatzen duten bitartean, ezin dute bakeaz hitz egin».

Une oro heriotzaren beldur

Afganistanen bizi dira Kohistaniren senideak eta lagunak. Sare bat ere osatu du han bizi diren eta haien egoera larria nazioarteari helarazi nahi dioten hainbat neska gazterekin eta emakumerekin. Haien bitartez eta hedabideetan irakurtzen duenari esker du jaioterriaren berri. Gutxitan jasotzen ditu berri onak, eta maizegi txarrak. «Emakume mordoa beren buruaz beste egiten ari da, egunero», dio. Heriotzaren beldur bizi dira milaka eta milaka herritar: «Ihesean bizi dira, etxe batetik bestera ihesean, talibanak haien etxera joan eta jipoituko dituzten beldur direlako. Oso gogorra da han bizitzea».

Malko artean adierazi du harentzat bizitzak dagoeneko ez duela zentzurik: «Egunero galdetzen diot neure buruari: 'zergatik nago bizirik'?». Hala ere, Afganistanera itzultzea ez da aukera bat. «Talibanek ez dute nahi emakumea gizartearen parte izatea. [Emakumeek] etxe barruan egon behar dute, edo hilobian. Afganistanera itzuliko banintz, berehala atxilo eramango ninduten, edo hil egingo ninduten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.