Albistea entzun

PSNk ez du UPNrekin akordiorik egingo, eta EH Bildurekin bilduko da

Esan dute EH Bildurekin ere ez dutela gobernua negoziatuko. Geroa Baik EH Bilduren hautagaia babestuko du Eguesibarren. Ortuzarrek dio Iriartek Gipuzkoarako egindako proposamena ez dela «arrazoizkoa»
PSNko eta UPNko kideen arteko bilera, atzo.
PSNko eta UPNko kideen arteko bilera, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko ekainak 9

PSNren Nafarroako presidentegai Maria Txibitek argi azaldu zuen nortzuk nahi dituen koalizio gobernu batean: Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa. Negoziazioak hasiak ditu bi talde horiekin, baina, bien bitartean, gainerako alderdiekin ere bilduko da. Atzo goizean, UPNren txanda izan zen, eta iragarri dute EH Bilduko kideekin ere elkartuko direla. Halere, Ramon Alzorriz sozialisten Antolaketa idazkariak adierazi du ez dutela gobernu akordiorik egingo ez batarekin, ez bestearekin.

PSNko eta UPNko kideek Nafarroako Parlamentuan egindako bilerak, bien harremana indartzeko baino gehiago, elkarrengandik aldentzeko balio izan du; bai, behintzat, inbestidura bati begira. «Ez dago aukerarik UPNrekin akordiorik egiteko», zehaztu zuen Alzorrizek. Eta UPNko presidente Javier Esparzak erantzun zuen bileran ez dela «ustekabekorik» izan, PSNk berretsi baitie asmoa dutela Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin aurkezteko inbestidurara.

Hiruren artean, baina, ez dute gehiengo osorik, eta beharrezkoa lukete UPNren edo EH Bilduren abstentzioa gobernua osatzeko. Independentistak Nafarroako politikako «ekuazioetatik ateratzeko» eskatu die Esparzak sozialistei, baina adierazi du Txibitek ez duela bide hori jorratzeko asmorik, eta, beraz, «EH Bilduri esker» izan nahi duela berriz ere presidente: «PSNk ez du UPNz ezer jakin nahi, eta ez dago gure abstentzioa eskatzeko baldintzetan».

PSNko ordezkariak EH Bildurekin ere bilduko dira, baina, Alzorrizen hitzetan, ez da gobernu akordiorik jorratuko, ezta koalizioaren abstentzioa eskuratzeko ere: «Ez dugu gobernurako ezer negoziatuko EH Bildurekin, eta ez dugu gobernuarentzat ezer itunduko EH Bildurekin».

Hitzarmenik ez Gipuzkoan

EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusi Maddalen Iriartek ere «gobernabiderako ituna» proposatu zien atzo EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi, aldundian «proiektu partekatu bat» bideratzeko. EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, baina, ez du «arrazoizkotzat» jo, Gipuzkoako Foru Aldundia «parlamentu bat» bilakatuko lukeelako, «irizpide argiak eta bateratuak» ezarri beharrean. Koalizio subiranistako eledun Unai Urruzunoren hitzetan, arazoa beste bat da: EAJk eta PSE-EEk ez dituzte «edukiak eta programak» mahai gainean jarri nahi, baizik eta EH Bildu gobernuetatik kanpo utzi.

Esan duenez, maiatzaren 28ko bozek erakutsi zuten «bestelako politika publiko eta gobernantza eredu batzuen» alde egin behar dela, eta, Gipuzkoaren kasuan, Iriarteri dagokiola aldaketa hori zuzentzea: «Gizarteak akordio handiak behar ditu; ez dugu uste guk soilik egin diezaiekegunik aurre erronka guztiei. Proba ditzagun bide ezberdinak».

Bestalde, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Donostiako alkategaiak esan du bere hautagaitza aurkeztuko duela Donostiako alkate izateko. Gipuzkoako hiriburuan, ziurra da Eneko Goia EAJko zerrendaburuak eutsiko diola alkatetzari; lehen indarra izan zen, eta PSE-EErekin batera, ziurtatuta dauka gehiengo absolutua.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia etaBarbado Gobernu Militarrean ©Ankerkeriari Stop

Aitor Zelaia eta Galder Barbado Espainiako Gobernu Militarrera igo dira

Unai Etxenausia

Espetxeratzeko aginduaren borondatezko epea gaindituta, Zelaia eta Barbado Gasteizko Gobernu Militarrean agertu dira. 18:30ean, Gasteizko Artium Museotik abiatuko da haien askatasunaren aldeko manifestazioa.

Xabi Thikoipe, gaur goizean, hitza hartu duenean ©Ekhi Erremundegi Beloki

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez»

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoan euskaraz aritzeko eskubidea eskatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak ikasturte honetako lehen batzarrean. Haren ustez, momentua baliatu behar da Frantziako Estatuari eskaerak egiteko.

Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, maiatzean. ©PATXI BELTZAIZ

Lehen bilana elkargoarentzat

Ekhi Erremundegi Beloki

Urte politiko berria abiatzearekin, funtzionamenduan, barne demokrazian eta lurraldekako inbertsioetan eragin nahiko lukete talde politikoek, hautetsiak eta herritarrak Euskal Hirigune Elkargotik hurbilago sentitu daitezen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.