Noiz sortua: 2020-02-13 00:30:00

NBEko lantalde batekin bildu da Naparraren sendia, Genevan

Azken sei urteetan kasuak izan duen bilakaeraren berri eman die haren anaiak. NBEko bortxaz desagerrarazien taldeko buruak «kasu paradigmatikotzat» jo du. Bideoa, albistearen amaieran.
Etxeberria sendia, atzo, Genevan, NBEko desagertze behartuen batzordearekin izandako bileran.
Etxeberria sendia, atzo, Genevan, NBEko desagertze behartuen batzordearekin izandako bileran. E. ETXEBERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko otsailak 13
Aurten 40 urte beteko dira 1980ko ekainaren 11n Jose Miguel Etxeberria Naparra desagertu zenetik, eta Nazio Batuen Erakundeko desagertze behartuen lantalde berezia sortu zenetik ere 40 urte beteko dira. Eneko Etxeberria, Naparraren anaia, 2014an bildu zen lehen aldiz batzorde horrekin, eta atzo bigarren bilera izan zuen, Genevan (Suitza), lantaldearen egoitzan. Sei urteotan kasuak izan duen bilakaeraren berri eman zien. Bilerak ordubete inguru iraun zuen, eta Etxeberriak goraipatu zuen «oso positiboa» izan zela. Aurretik bilerak eman zezakeenari buruzko uste eta itxaropenak gainditu dituela nabarmendu zuen prentsa ohar bidez.

Eneko Etxeberriarekin batera, Genevan izan ziren Amaia Irigoien emaztea eta bien semea, Oier Etxeberria Irigoien. Bilkuraren hasieran, Luciano A. Hazan taldeko kide argentinarrak sarrerako hitz batzuk egin ostean, Etxeberriaren azalpenak «arretaz eta interesez» entzun zituzten taldeko bost kideek —Hazanek ez ezik, Bernard Duhaime taldeko buru eta kontalari kanadarrak, Tae-Ung Baik lehendakariorde korearrak, Houria Es-Slami marokoarrak eta Henrikas Mickevicius lituaniarrak ere—.

Ekitaldira gonbidatuak

Sendiak nabarmendu zuen bilera hori lantaldearen beraren ekimenez egin zela. Amaieran, Bernard Duhaimek azpimarratu zuen Naparraren kasua «paradigmatikoa» dela, eta guztiz bat egiten duela lantalde hori sortu zeneko arrazoiekin. Hain zuzen ere, lantaldea sortu zeneko urteurrenak bat egin du Naparraren desagerpenaren kasuarekin, eta, keinu gisa, sorreraren inguruan gaur egingo den ekitaldi berezira gonbidatu dute Etxeberria sendia.

Bileran, Etxeberriak sei urteotan izandako azken gorabeherak azaldu zizkien. Auzia luzaroan egon zen itxita, baina 2016an Iñigo Iruin abokatuak berriro irekitzeko eskatu zuen. Onartua izan ostean, Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Labrit herriaren (Landak, Okzitania) inguruan indusketa lanak egiteko erregu eskaera egin zion Frantziari. 2017ko apirilean egin ziren indusketek ez zuten emaitzarik izan. Iazko maiatzean, auzia artxibatzea baztertu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, senideen eskaria aintzat hartuta, eta auzia ikertzen jarraitzeko diligentziak agindu zituen. Horien artean, Frantziako Poliziari eskatu zion bilaketa lanetan sakontzeko, Francisco Etxeberria auzi medikuaren txosten batzuetan oinarrituta. Aurki, bi urte beteko dira ordutik, eta «familia zain dago oraindik».

Bileran, taldeko ordezkariek elkartasuna helarazi zieten etxeberriatarrei. Kasuaren inguruko galderak egiteaz gain, aurrera begira dituzten ekinbide eta planteamenduen berri eman zieten: hala nola Frantziari eta Espainiari galderak egingo dizkiete.

Naparra (Iruñea, 1958-1980) Ziburun (Lapurdi) ikusi zuten azken aldiz, 1980ko ekainaren 11n. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen, eta BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zuen haren bahiketa eta hilketa.

NBEko lantaldearen eginkizunen artean dago familiei laguntzea desagertutako senidearen bilaketan, eta komunikazio ildo bat irekitzea euren eta estatuen artean kasuak iker daitezen. Lantaldeak estatuei gogorarazten die kasuak argitzeko betebeharra dutela. Egungo bost kideek esperientzia zabala dute. Duheim 1996tik dabil giza eskubideen aldeko borrokan eta taldeburua da 2014tik. Hazan Argentinako Maiatzeko Plazako Amonen elkarteko abokatu izan da urteetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna