Indarkeria matxistaren aurkako eguna

Epaimahaiak Mbeugou hiltzeaz errudun jo du haren senarra

Tratu txarrak, alaben abandonua eta lesio psikikoak ere frogatutzat eman dituzte. Gizon bat zigortu dute alabaordea bortxatzeagatik

Mbeugouren omenez asteon egindako bilkura. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Maguette Mbeugou hiltzeaz akusatutako gizona errudun jo zuen atzo Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Herri epaimahai batek epaitu du azken hamar egunotan Bara N., biktimaren senarra, 2018ko irailean 25 urteko emakumea hiltzeagatik. Lau delituren egiletzat jo dute: hilketa, ohiko tratu txarrak, bi alaben lesio psikologikoak eta adingabeen abandonua. Epaileak erabakiko du zein zigor ezarri, baina, frogatutako delituak kontuan hartuta, aurreko zigor eskaerak moldatu eta 44 urteko espetxealdia galdegin zuten atzo fiskalak eta akusazio guztiek.

Akusatuak hasiera-hasieratik aitortu zuen berak hil zuela Mbeugou, «bere burua defendatzeko»; epaimahaiak ez dio sinesgarritasunik eman. Labankadaz eraso zion andreari, eta lepoa moztu; gorpuak 80 zauri baino gehiago zituen, bost aiztorekin eginak. Hori dela eta, azpikeriaren eta ankerkeriaren larrigarriak ezarri dizkiote. Bilbon zuten etxean izan zen hilketa, 2 eta 4 urteko alabak han zeudela; gizonak ihes egin zuenean, amaren gorpuarekin bakarrik utzi zituen, eta horregatik ebatzi dute adingabeak abandonatu zituela eta lesioak eragin zizkiela. Fiskaltzak «barkamena» eskatu dio biktimaren familiari, «sistemak huts egin baitzion». Izan ere, Mbeugouk senarraren aurkako salaketa jarri eta babesa eskatu zuen, baina ukatu egin zioten, eta gizona absolbitu zuten. Sortzez senegaldarra zen Mbeugou: andre migratuentzat arreta hobea eskatu die mugimendu feministak erakundeei, asteon epaitegiaren aurrean egindako bilkura batean.

Bortxaketagatik preso

Bestalde, Gipuzkoako Auzitegiak hamalau urte eta hiru hilabeteko zigorra jarri dio gizon bati, 13 urteko neska bat hirutan bortxatzeagatik; haren bikotekidearen alaba da biktima. 2019an eta 2020an izan ziren erasoak, etxean: epaiak berretsi du neskak aurre egin ziola, baina gizonak bortxaz erantzun ziola eta mehatxatu egin zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.