Bea Macias. Harro plataformako kidea

«Gure mugimendua despolitizatu nahi dute»

Maciasek uste du LGTB mugimenduak edukiz betea behar duela. Beste zapalkuntzen aurka ari diren eragileekin aliantzak egitearen alde agertu da. Horren adibide da Harrok larunbatean Bilbon egingo duen protesta.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2019ko irailak 18
LGTB mugimenduaren «merkantilizazioaren» inguruko kezkari erantzuteko sortu zen Harro plataforma udaberrian, eta ekitaldi garrantzitsua du larunbatean Bilbon: manifestazioa egingo dute, Europride jaia antolatzen duen erakundea bertan bilduko dela eta. Halako ekitaldi handiek «erreala ez den eredu bat» saltzen dutela azaldu du Bea Maciasek (Sopela, Bizkaia, 1994), Ozen eta Harro taldeetako kideak.

LGTB kolektiboen merkantilizazioa salatuko duzue zapatuan. Zer esan nahi duzue horrekin?

Beste mugimendu sozial batzuekin ere ikusten ari gara garbiketarako joera hori: feminismoarekin zuriketa morea, ekologismoarekin zuriketa berdea... Gure mugimendua ere despolitizatu nahi dute, gure borroka negozio bihurtzeko eta etekin ekonomikoak ateratzeko. Hala egin dute Bilbao Bizkaia Pride proiektuarekin, eta ildo horretan antolatu dute Bilbon EPOA erakundearen bilera: etorkizunean Europride jaialdia Bilbora ekartzeko lehen pausoa izan daiteke. Halako ekitaldiak LGTB mugimenduaren parte oso jakin batengana bideratzen dituzte: gizon zuri normatibo eta botere ekonomiko handikoentzat. Nahiko argigarria da ikustea nortzuek antolatu dituzten halakoak Bilbon: Ortzadar da LGTB talde bakarra, eta kide guztiak dira soslai horretakoak. Aniztasunik ez dago.

Ez al dakar mugimenduaren borroka banalizatzea?

Batetik, memoria galtzea dakar, eta, bestetik, eguneroko beharrak eta eskaerak alboratzea. Badirudi festekin konpontzen direla gure aldarrikapenak, eta ez da hala.

Dena den, LGTB mugimenduak ere uztartu izan ditu aldarrikapena eta festa.

Bai, festak ez du aldarrikapena ezabatzen; esango nuke gure kulturaren parte dela. Izatez, festa bera aldarrikapen izan daiteke: zishetero arauetatik kanpo bizitzea eta hori ospatzea aldarrikapen bat da. Zein da aldea? Gure helburua dela sistema honen barruan bizirik irauten ari garela ospatzea eta gure arteko zaintzak mantentzea. Arazoa da gure mugimenduaren izenean enpresa batzuek aberastu nahi dutela.

Zer ekarri dute halako jaialdi handiek beste hiri batzuetan egin direnean?

Adibideak nahiko hurbil ditugu: Madrilen egin izan da Europride, eta aurten Bartzelona da hautagai. Gay friendly ereduarekin, hiri ireki baten irudia eman nahi dute, baina egiaz jai horiek hirien turistifikazioa bultzatzen dute, eta, horrekin batera, prekarizazioa eta gentrifikazioa; esklusio sistema horiek daude ekitaldion atzean. Baina alde positibo bat ere badute: erresistentzia mugimenduak indartu egiten dira. Hemen ere uste baino erantzun handiagoa izaten ari gara: beste herri eragileetara iritsi gara, hiri eredu honen kontra daudenetara ere.

Horrelako ekitaldi handiek ez al dute eragiten LGTB mugimenduak eta errealitateak ikusgaitasuna irabaztea?

Agian bai, baina ikusgaitasuna ez da beti positiboa, ez behintzat eredu bakarra geratzen denean ikusgai, eta eredu hori ez denean erreala. Halako festetan ez dira ospatzen emakume trans beltzen bizitzak; gizon zuri boteretsuek egin dezaketen guztia baino ez da aldarrikatzen.

Zelan dago LGTB mugimendua osasunez? Ahots kritikoek diote aldarrikapen politikoak egiteko gaitasuna galdu duela lege eremuan lorpenak izan ahala...

Harroren asmoetako bat da agenda politiko bat sortzea, aldarrikapen batzuk berreskuratzeko. Gauza asko lortu dira, baina ezin dugu ahaztu LGTB pertsona askoren helburua bizirik irautea dela, trans emakumeen bizi itxaropena 50 urtekoa dela edo %80 langabezian daudela, kalean indarkeria handia pairatzen dugula, zahartzaroan berriro armairura itzultzen garela... Eta LGTB mugimenduak beti egin ditu halako salaketak. Orain berria dena merkantilizazioa da.

LGTBen artean gayek dute ikusgaitasunik handiena, eta transexualak ere pausoak ematen ari dira arlo horretan. Lesbianak eta bisexualak bigarren plano batean geratzen ari dira?

Berriro esango nuke ikusgaitasuna ez dela beti positiboa, kasu honetan indarkeria dakarrelako berekin, kalean batez ere. Halere, transei dagokienez, eredu bakarra onartzen da: pertsona zuriak, genero ereduetatik hurbil daudenak, heterosexualak, umeak, identitatea beti argi izan dutenak, medikalizazioaren barruan daudenak... Hortik at daudenek indarkeria handia jasaten dute; azken batean, arautik ateratzen direnek. Hala ere, ez nago ikusgaitasun borroken alde. Kolektibo honen barruan biolentzia desberdinak jasaten ditugu, eta horien kontra egiteko zishetero arauaren aurka egin behar dugu, bai barne aliantzen bidez, bai beste mugimendu batzuekin ere: patriarkatuaren, arrazakeriaren, kapitalismoaren eta sistema zapaltzaileen kontra ari direnekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna