Etxe kaleratzeen auzian «egiazko inplikazioa» eskatu diete erakundeei

Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuela hamar urte diren honetan, gizarte eragileek salatu dute administrazioek ez dutela neurririk hartu kaleratzeak eragozteko

Etxe kaleratzeen aurkako elkarretaratzea, atzo, Barakaldoko epaitegiaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Barakaldo
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Epaile segizioak etxetik kaleratu behar zuenean, leihotik salto egin eta bere buruaz beste egin zuen Amaia Egañak, 2012ko azaroaren 9an, Barakaldon (Bizkaia); 53 urte zituen. Isilpean eraman zuen hipoteka ordaintzeko zailtasunak zituela eta Caixabanken ohartarazpena jasoa zuela. Haren suizidioak euskal gizartea astindu zuen; Egañaren hilotza jaso zuen epaileak lehenik eta alderdi politiko eta gizarte eragile gehienek ondoren, askotariko ahotsek salatu zuten etxe kaleratzeen bidegabekeria. Baina, handik hamar urtera, arazoa ez da desagertu, eta, are, ezkutuan geratzen ari da, atzo Berri Otxoak eta Argitan elkarteek gaitzetsi zutenez. Erakunde publikoei «egiazko inplikazioa» galdegin zieten: «Administrazioen helburu nagusi izan beharko luke arazo hau konpontzeak».

ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT eta CNT sindikatuek babestuta, elkarretaratzea egin zuten atzo Barakaldoko epaitegiaren aurrean. Datu esanguratsu bat eman zuten: azken hamar urteotan, herrian 2.027 familia kaleratu dituzte bizitokitik. «Gauzak ez dira aldatu», deitoratu zuen Mireia Saiz Argitan emakumeen aholkularitza taldeko kideak: «Familia horiek kale gorrian geratzen ari dira, babes sozialik gabe. Udalak eta beste administrazioek ez dute ezer egiten; onartzen dute pertsonak kalean lo egitea, familiak zaurgarritasun egoeran kronifikatzea... 100.000 biztanleko herri batean etxe asko daude hutsik, eta onartezina da jendea kalean bizitzea. Etxebizitza eskubidea oinarrizkoa da: pertsona guztiek behar dugu etxe bat bizitza duina izateko». Andreen inguruan bereziki kezkatuta mintzatu zen: «Datuek argi diote emakumeek gehiago pairatzen dutela pobrezia, kaleratzeak eta etxebizitza falta».

Bat etorri zen Victor Villares, Berri Otxoak taldeko bozeramailea: «Ez da neurririk hartu kaleratzerik ez izateko». Datozen hilabeteetan egoera «konplexuagoak» etor daitezkeelakoan, jarduteko eskatu zien gobernuei: «Gauza asko egin ditzakete: etxebizitza merkatuan esku hartu, etxeak ez daitezen merkantzia bat izan baizik eskubide bat, eta larrialdi sozialeko egoeretan udal etxebizitzak erabili; baina ez dago etxebizitza parke publikorik premia guztiak asetzeko. Horregatik inplikatu behar dute administrazioek; baita auzitegiek ere, kaleratzerik ez agintzeko eta etxebizitza eskubidea babesteko».

Etxe kaleratzeen arazoaren dimentsioaren inguruan kontzientzia piztu zuen Amaia Egañaren heriotzak; hurrengo egunetan mobilizazio jendetsuak izan ziren hainbat herritan, eta, batez ere, Barakaldon. Grina hartatik «oso gutxi» geratzen dela esan du penaz Villaresek: «Kaleratzeak sarri gertatzen dira, eta ez gara ia enteratzen. Baina asko geratzen da egiteko, eta mobilizatu behar dugu: egoera bidegabeak dira, baina ez dira ezin itzulizkoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.