Pastor
DARWIN ETA GU

Lehen hizkuntza

2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ama hizkuntza deitu behar zaio ume batek sehaskatik ikasi duen lehendabiziko hizkuntzari? Zergatik? Pentsatu, hausnartu eta, gero, erantzun: ez al da sexista? Zergatik esan ama hizkuntza, eta ez lehen hizkuntza?

Norberak umetatik garatu duen lehenengo mintzairari deitzen zaio, normalean, ama hizkuntza. Zure izate kontzientziarekin, lehenengo giza garapenarekin bat egiten du hizkuntza berezi horrek; zure adierazkortasunari eta unibertso emozionalari lotua dago. Esate baterako: Bizkaiko ume euskaldun batentzat bekereke berbak konnotazio berezia du, haur erdaldun baten hizkerako corderito hitzak inondik inora ez duena. Txikitan bekereke entzun du etxean, behin eta berriro, bere lehen hizkuntzan. Ama hizkuntzan? Eta Bizkaiko ume euskaldun hori amaren ahizpak zaindu badu, amaren faltan, nola deituko diogu haren lehen hizkuntzari? Ama hizkuntza ala izeko hizkuntza?

Beste alde batetik, ama hizkuntza eta amaren hizkuntza bereizi beharra dago. Adibidez: hiru urteko ume adoptatu bat, Bulgariatik familia euskaldun batera ekarria. Bulgarierazko hitzak ahaztu egingo ditu, euskara ikasten duen neurrian. Ama biologikoaren hizkuntza bulgariera da eta umeak hizkuntza horretan esan zituen lehen berbak. Zein da haren ama hizkuntza: bulgariera ala euskara?

Nik lehen hizkuntza terminoa hobetsiko nuke, baina horrek ez du auzia guztiz argitzen. Lehen hizkuntza euskara zuten pertsonak ezagutu ditut Bizkaian, batez ere Bilbon, euskaraz ondo mintzatzeko gai ez zirenak. Adin jakin batetik aurrerako herritarrak ziren. Hobeto egiten zuten erdaraz. Frankismoaren garaian jaio ziren. Eskualde euskaldunetatik hiriburura joan, eta hizkuntza galdu zuten edo modu traketsean eutsi zioten. Teorian, euskara zuten lehen hizkuntza —edo ama hizkuntza, nahi baduzu—, baina hizkuntza herdoildu egin zitzaien, ez erabiltzearen ondorioz. Euskara ama hizkuntza edo lehen hizkuntza zutela esatea engainagarria da, suposatzen baita ama hizkuntza dela hiztuna ondoen moldatzen dena.

Dena den, arazoak arazo, lehen hizkuntza deitzea izango litzateke egokiena, nahiz horrek kontua erabat konpontzen ez duen. Frankismoan Bilbora joandako euskal herritar horiek —behinola euskaldunak— ditugu adibide. Euskararekiko lotura afektiboak bizirik segitzen zuen haien barrenean. Katue berbak, txikitan baserrian erabiltzen zutenak, umetako bizipen eta oroitzapenak pizten zizkien. Gato hitzak, ez. Baina adierazkortasunaren arloan, eguneroko komunikazioan, ez zuten euskaraz egiteko trebetasunik. Eta, ez ahaztu, ama hizkuntza kategoria hiztunak lehen aldiz entzun, garatu eta, teorian, ondoen hitz egiten duen hizkuntzari deitzeko erabiltzen dugu. Haatik, zer jarri ikerketa soziolinguistikoetan ama hizkuntza hori, praktikan, ama hizkuntza ez denean?

Horretaz gain, bada beste arrazoirik ama hizkuntza terminoa baztertzen hasteko, batez ere berdintasunean eta genero kontuetan sentsibilizatuta gauden garaietan. Bikote homosexual baten haurraren kasuan areago agertzen da egungo gizartean ama hizkuntza esaten segitzearen anakronismoa. Zer erantzungo du ume horrek eskolan, kalean edo ikerketa soziolinguistikoetan, ama hizkuntza zein duen galdetzen badiote? Nola deituko dio ume horrek bi gizon horiekin ikasi duen lehen hizkuntzari, harekin amarik egon ez bada? Ama hizkuntza?

Guraso gizonezko batek alaba edo semearen ardura hartuko balu, haren ama lanean buru-belarri ari delako eta etxearen zutabe ekonomikoa delako, eta ume horrek aitarengandik jasoko balitu zuzenean lehen hitzak, lehen komunikazio tresna, ez litzateke egokiagoa izango euskara dela haren aita hizkuntza, hau da, haren lehen hizkuntza? Terminologia egokitu beharko genuke, errealitate sozial berria gogoan. Ama hizkuntza esamoldea erabiltzen dugun guztietan ume horren ardura edo zaintza amarena dela edo izan behar duela adierazten ari gara, modu argian edo inplizituan. Ama hizkuntza? Pentsatu, hausnartu eta, gero, erantzun: ez al da matxista?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.