Koronabirusa. Dana Moss. PHR Israelgo Zuzenbide koordinatzailea

«Gazan 65 arnasgailu daude, eta 70 unitate zainketa intentsiborako»

Mossek nabarmendu du Gazako osasun sistemaren gabeziak estaltzea Israelen ardura dela, lurraldea okupatua duelako. Koronabirusak giza hondamendia eragiteko arrisku handia dagoela ohartarazi du.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Israelen blokeoak ia bi milioi palestinarrentzako kartzela bihurtu du Gaza 2007az geroztik. Lurraldea itxia du ordutik, baina barrura sartzeko zirrikitua topatu du, tamalez, SARS-CoV-2 birusak. Martxoaren 22an lehen bi koronabirus kasuak atzeman zituzten. Gazako gainpopulazioa, oinarrizko azpiegituren eskasia eta pobrezia maila herritarren %85 pobrezia mugaren azpitik bizi dira kontuan izanda, koronabirusaren hedatzeak giza hondamendia eragin dezake. Physicians for Human Rights Israel elkartea lanean ari da krisia ez areagotzeko. Dana Moss (Petah Tikv, Israel, 1981) elkarteko Nazioarteko Zuzenbide koordinatzailearekin hitz egin du BERRIAk Gazako egoerari buruz.

Koronabirusa mundu osoan ari da hedatzen, eta Gazara ere iritsi da. Osasun hondamendi baten arriskua handia al da?

Zalantzarik gabe. Krisi egoera jarraian dago. Gaza oso pobrea da, gainpopulatuta dago, eta osasun baldintza eskasak ditu. Beraz,AEBek, Italiak eta halako herrialdeek koronabirusari aurre egiteko zailtasun handiak badituzte, argi dago, zoritxarrez, koronabirusa agertzea hondamendia izango dela Gazan.

Hainbat neurri hartu dira jendea pilatzea eragozteko. Zer neurri ezarri dira?

Unibertsitateak eta eskolak itxita daude, baita jatetxeak ere. Gazako administrazioa ahalegintzen ari da herritarren urruntzea indarrean jartzen.

Nola ari dira herritarrak egoera bizitzen?

Gazako herritarrentzat arazoa da berrogeialdia betetzea. Ez dago argi nola egin behar duten. Bederatzi pertsona bizi diren etxe batean, nola egin daiteke? Gainera, herritar asko pobrezian bizi dira, eta horrek ezinezko bihurtzen ditu zenbait erabaki. Etxean geldituko dira eta ez dituzte etxekoak elikatuko, ala kanpora joango dira lan egitera? Ez gara ari etxetik ordenagailu batekin lan egiteko aukera duten pertsonez.

Koronabirusa agertu aurretik ere Gazako osasun sistema oso larri zegoen. Nolakoa da egoera hori?

Gazako egoeraz pentsatzen dugunean, hori da kontuan izan beharreko lehenengo gauza. Tratamendu asko ez daude eskuragarri han, Israelen blokeoaren ondorioz. Osasun sistema eraginkor batean, medikuak, erizainak, gaixoak, ekipamenduak, sendagaiak toki batetik bestera mugi daitezke beharren arabera, baina Gazan derrigorrezkoa da horretarako Israelgo agintarien baimen bat eskuratzea.

Azken hamabi urteetan, Israelgo agintariek sekulako murrizketak ezarri dizkiete mugimendu horiei. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2018an adierazi zuen Gazatik irteteko beharra zuten gaixoen %60ri aitortu zietela soilik horretarako baimena. Gazatik kanpo tratamendua jasotzeko beharra duten gaixoen laurdenek minbizia dute.

Orain, koronabirusa heldu denez, gaixo horiek askoz ere zailagoa dute Gazatik irtetea. Bai Israelek ezarritako neurriengatik, bai Hamasek ezarritakoengatik, eta gaixoek beraiek bidaiatzeko izan ditzaketen kezkengatik ere bai. Izan ere, Gazara sartzen diren herritek bakartuta egon behar dute, eta bakartze unitateak gainezka daude. Eskolak eta hotelak egokitu behar izan dituzte. Orain arte, egunean ehun bat pertsona irteten ziren Gazatik mediku tratamendua jasotzeko, eta joan den asteartean, esaterako, hamahiru izan ziren.

Israelek Gazako Osasun Ministerioarekin elkarrizketa abiatzeko ardura du, tratamendu horiek Gazan eskaini ahal izateko.

COVID-19ari aurre egiteko, osasun baliabide berariazkoak behar dira. Nola lor ditzake Gazak?

Gazak ez du nahikoa baliabiderik gastu horietarako. Israeli dagokio Gazako osasun sistemaren gabezia estaltzea, hamabi urtez blokeatu duelako, bertako osasun sistema beharko lukeen moduan garatzea eragotzi duelako, mugimendu askatasuna kontrolatzen duelako eta Gaza okupatzen duelako. Genevako Konbentzioak jasotzen duenez, herrialde okupatzailea behartuta dago tokiko osasun sistema mantentzera eta epidemien prebentzioa sustatzera.

Zer laguntza iristen da gaur egun Gazara?

Hainbat donazio iristen ari dira, eta OMEk zenbait material bideratu ditu, baina medikuentzako eta osasun langileentzako babes ekipamenduak eta oinarrizko antiseptikoak falta dira, besteak beste. Gazan soilik 65 arnasgailu daude, eta 70 unitate zainketa intentsiboetarako.

Higienea da birusari aurre egiteko gakoetako bat. Nola bete higieneari dagozkion gomendioak Gazak duen ur hornidurarako azpiegitura ahularekin?

Gazan, uraren %95 ez da edangarria. Ezinezkoa da ospitaleek beren kabuz osasun baldintza egokiak bermatzea.

Zer laguntza ematen du zuen erakundeak?

Guk mediku delegazioak bidaltzen ditugu Gazara, herritarrekin prebentzioa lantzeko eta medikuei beharrezkoa duten prestakuntza emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.