Irakek ez du utziko «Irakeko lurraldetik» Irani eraso diezaioten

Bi herrialdeetako agintariak elkartu egin dira kurduez eta eskualdeko segurtasunaz aritzeko. Harremanak «hobetzea» adostu dute

Raisi Irango presidentea eta Al-Sudani Irakeko lehen ministroa, atzo. EFE.
ander perez zala
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Iranen eskala eta garrantzi handiko manifestazioak egiten ari diren honetan, herrialde hartako presidente Ebrahim Raisik gustuko mezu bat entzun zuen atzo, Irakeko lehen ministro Mohammed Xia' al-Sudaniren partetik: «Irakeko Gobernuak konstituzioa betetzeko konpromisoa hartzen du, eta ez du onartuko Irakeko lurraldea erabiltzea edozein herrialderi eraso egiteko. Bi herrialdeon segurtasuna unitate zatiezin bat da, eta eskualdeko segurtasunaren parte».

Adierazpen horiekin, Al-Sudanik kurduei egin zien erreferentzia, bi arrazoirengatik: batetik, Iranen menpeko Kurdistanen hasi eta Iranera zabaldu zirelako Mahsa Aminiren heriotza eta herrialdeko gobernua kritikatzeko protestak; eta, bestetik, Raisiren arabera, Iraken menpeko Kurdistango milizia kurduak ustez manifestari horiek babesten ari direlako. Horren harira bonbardatu ditu Irango armadak, hiru aldiz, Irakeko Kurdistango milizia kurduak, urritik azarora bitarte—gutxienez hamabi lagun hil ditu—.

«Irango eta Irakeko gobernuek uste dute eskualdearen segurtasuna, bakea eta egonkortasuna oso garrantzitsuak direla, eta, beraz, baita talde terroristen kontrako borroka eta eskualdearentzat mehatxu den segurtasunik eza ere», esan zuen atzo Irango presidenteak.

Iraken menpeko Kurdistanen kontrako bonbardaketak egin ondoren, Bagdadek iragan astean jakinarazi zuen tropak bidali zituela Iranekiko eta Turkiarekiko mugetara, argudiatuta bi herrialde horietako armaden aireko eraso horiek —Ankararen kasuan, Istanbulgo atentatua aitzakia hartuta— «Iraken subiranotasuna urratu» zutela.

Orain, ordea, badirudi gertakari horiek ez direla errepikatuko; ez, behintzat, atzo bi agintariek adosturikoari dagokionez, mugako auzietarakomemorandum bat sinatu baitzuten. Horrek aurreikusten du, besteak beste, patruila bateratuak sortzea, informazioa partekatzea eta, oro har, «muga partekatuetan segurtasuna bermatzea».

Irango mugako Poliziaren brigadaren jeneral Ahmad Ali Goudarziren arabera, adostasun horri esker errazago egingo diete aurre «talde terroristei, droga trafikoari eta kriminal armatuei».

KRG, Bagdaden

KRG Kurduen Eskualdeko Gobernua, Irakeko kurduek duten gobernu autonomoa, Bagdaden da iragan igandeaz geroztik, Arbilen eta Irakeko Gobernuaren arteko desadostasunak konpontzeko.

Ohar baten bidez, KRGk azaldu zuen zera landuko dutela bilkura sorta horretan: «Kurdistango eskualdearen parte hartzea erakunde federaletan, pexmergen [borrokalari kurduen] eskubide konstituzionalak eta eztabaidagai diren lurraldeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.