Kilometroak, «jai txikiagoa eta parte hartzaileagoa»

Eredu berria taxutu dute Gipuzkoako ikastolek. Urriko jaialdia mantenduko dute, baina txikituta. Ikasturte osoan izango dira jarduerak

Jendetza handia bildu izan du jaialdiak. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Villabona
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Lau urteko gogoeta prozesuaren ondoren, Kilometroak jaialdia antolatzeko eredu berri bat marraztu dute Gipuzkoako ikastolek. Aurten 43. festa egingo dute, baina datorren urtekoan jarriko dituzte martxan nobedadeak, Villabonako Zubimusu ikastolak antolatuko duen jaian. Hain justu, han eman zuten atzo hausnarketak utzitako ondorioen berri. Xehetasun asko erabakitzeke daude oraindik, baina lortu dute Kilometroek aurrerantzean izango dituzten ezaugarriak adostea. Atzo azaldu zutenez, festak ez du izaera ludikoa galduko, baina «jai txikiagoa eta parte hartzaileagoa» egingo dute.

«Kilometroak ez da amaituko, indarberrituko baizik», adierazi du Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. Urriko lehen igandean egin ohi duten jaialdia mantenduko dute, baina aldaketekin: «dimentsio txikiagoa» izango du, hainbat urtez izandako masifikazioa saiheste aldera. Kontzertuen eskaintza, adibidez, mugatu egingo dute: «Goizetik gauera gazteentzako halako ekitaldirik ez da egongo».

Espazio fisikoa moldatzea ere erabaki dute: «Egun zirkuitua egiten jarraitzeak ez du zentzu handirik; azken urteetan, jendea interesatzen zaizkion jardueretara joan da, ibilbide osoa egin gabe». Horren ordez, gune tematikoetan antolatuko dute festa.

Baina berritasun handi bat ekarriko dute Kilometroek 2020tik aurrera: urrikoa ez da jarduera bakarra izango. «Jaialdi txiki batzuk izango dira ikasturtean zehar, Gipuzkoako ikastola guztiek antolatuta, beste eragileekin batera. Horien helburua izango da ikastolak diren harrobia kalera ateratzea». Artolak nabarmendu du jaialdi horiek parte hartzaileak izan behar dutela, eta adin guztietara bideratuta: «Ikastolen komunitatea sendotzeko».

Proiektu zabalagoa

Horren arabera, Kilometroen inguruko ikuspegia ere aldatuko da: «Ez da jai bat izango, baizik eta proiektu bat». Ildo horretan, bi egitasmo abiatuko dituzte: batetik, Ikastolak, harrobi kulturala izenekoa, ikastola guztien parte hartzea bultzatzeko; bestetik, Ikastola plazara izenekoa, inguruko eragileekin lanean aritzekoa. Izan ere, formatu berriaren bidez, gogoetan ateratako kezketako bati heldu nahi diote, Artolaren hitzetan: «Jaialdi erraldoi bat antolatzeak lan zama handia dakar. Prozesu oso bat bultzatu behar da, urte osoko dinamikekin, eta ikastola guztiak inplikatuz, ez daitezen indar guztiak jarri jai egun batean».

Parte hartzea egongo da eredu berriaren erdigunean, festa antolatzean zein gozatzean. Izan ere, hausnarketan ondorioztatu dute «jai kontsumitzailea» egiten ari zirela: «Arazoa zegoen alkoholaren kontsumoarekin, baina ez hori bakarrik; hondakin pila bat sortzen zen, eta kontsumoa alde bakarrekoa zen: kontzertu bat ikusi, zerbait erosi...».

Funtsean, festaren misioa izan dute aztergai: zer helburu duten Kilometroek egungo gizartean. «Aldarrikapenerako eta euskara erabiltzeko espazioak galduz joan dira». Hori ere berreskuratu nahi dute jai eredu berriarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.