Jaurlaritzak landa eremuen ikuspegia jaso nahi du erabakietan

Landa Garapenaren Legea eguneratzeko proiektua onartu du. Organo berri bat sortzea proposatu du, landa garapeneko erakunde eta eragileen koordinaziorako

Arabako Mendialdean %7 handitu da biztanle kopurua pandemia hasi zenetik. Irudian, Kanpezu herria. JAIZKI FONTANEDA /FOKU.
aitor biain
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Landa eremuaren iraupenean jarri du arreta Eusko Jaurlaritzak, eta haren garapen ekonomikoan. Herri txikiei eta horietan bizi diren biztanleei eutsi nahi die, eta, ahal dela, hirietatik lekualdatzeko prest dauden herritarrak erakartzen saiatu. Erronka horri erantzuteko, landa garapenaren ikuspegia txertatuko du aurrerantzean bere erabakietan. Horrek esan nahi du administrazioak bultzatuko dituen politiketan landa gunean izan dezaketen inpaktua aztertuko dela ezer erabaki aurretik; alegia, genero ikuspegiarekin edo ingurumenarekin egiten den moduan, txosten berezi bat egin beharko du aldiro.

Landa Garapenaren Lege proiektua onartu du Jaurlaritzak, zeinaren bitartez estrategia berri bat ezarriko duen bere politiketan, lurralde garapenaren kontzeptuan ikuspegi berri bat txertatuz. Izan ere, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuaren hitzetan, aldaketa garrantzitsuak izan dira azken hogei urteetan, eta horiek eragin zuzena izan dute landa eremuarengan, bai eta landa inguruaren eta hiriaren arteko harremanean ere. Legebiltzarrera eramango dute lege proiektua orain, han onartzeko.

Tapiaren hitzetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa eremuak «ez daude hutsik», eta hori «orekari» eusteko egin den lanaren ondorio da, hein handi batean. Oraintxe bertan, EAEko biztanleen %8,3 bizi da landa eremuko herri txikietan, hots, kilometro karratuko 150 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan. Sailburuaren arabera, datua ez da hain kezkagarria; are gehiago, nabarmendu du pandemia garaian «igoera oso nabarmena» izan dela zenbait herrietako erroldetan. Araban eman da aldaketa hori, batez ere: Mendialdean, esaterako, %7 handitu da biztanle kopurua azken urtean; %2,5 inguru handitu da Añanako eskualdean, eta %3 Zuian.

Organo berri bat

Hala ere, administrazioak landa ingurunea bizitzeko leku erakargarria izatea nahi du, eta herrialdearen ekonomiaren, gizartearen eta lurraldearen garapenerako eta kohesiorako «funtsezko faktore» izatea. Horretarako, funtsezkotzat jo du landa eremuan bizi direnen garapen aukera hirietan dagoenaren maila berekoa izatea, nola bizi kalitateari dagokionez hala ekonomia eta lehiakortasunari dagokionez ere. Hau da, landa eremuan ere berrikuntzari, modernitateari eta ekintzailetzari garatzeko aukera ematea nahi du, nekazaritzaren «zeregin estrategikoa» baztertu gabe.

Horretarako, egun martxan dauden laguntza programak indartzeaz gain, Euskadiko Landa Garapeneko Sarea sortzea proposatu du. Landa garapenean inplikatutako erakunde eta eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzea izango luke zeregin nagusitzat. Organo berri hori osatuko lukete, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien, Eudelen, Arabako Kontzejuen Elkartearen, Kuadrillen, Haziren, Landa Garapenerako Elkartearen, Tokiko Ekintza Taldearen eta lurraldeko eta sektoreko beste erakunde batzuen ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.