Mayka Edjole. Eunice taldeko abeslaria

«Ninaren kantuen espiritualtasunari eustea lortu dugu»

Nina Simoneri dioten «miresmen eta errespetuak» eraman ditu haren kantuak moldatu eta omenaldi kontzertu bat sortzera. Soraluzeko Blues Hotsak jaialdian taularatuko dute, datorren igande iluntzean.

BERRIA.
aitor biain
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Nina Simone abeslari eta aktibistaren benetako izena zen Eunice. Musika beltzaren ordezkari garrantzitsuetako bat izan zen, jazzaren, bluesaren eta soularen ikurretako bat. Omenaldia egin nahi izan dio Mayka Edjole abeslariak (Madril, 1971), Gabri Casanova, Lucas de Mulder eta Javier Gomez musikariekin batera, eta Eunice jarri dio izena taldeari. Abeslariaren kantuekin osatutako emanaldia egingo dute igandean, Soraluzeko Blues Hotsak jaialdian (Gipuzkoa). Atzerriko nahiz Euskal Herriko musikariak izango dira: Watermelon Slim, Izo Fitzboy, Niko Etxart eta Koko Jean & The Tonics.

Zergatik Nina Simone?

Miresmen eta errespetu ikaragarria diogu Nina Simoneri eta hark egindako musikari. Artista handi bat izan zen, eta konpositore nahiz interprete ezin hobea. Pertsonaia gisa ere, ez zen hura bezalakorik izan, Ameriketako Estatu Batuetako gutxiengoen eskubide zibilen defendatzaile sutsua izan baitzen. Eta tira, miresten ditugun eta gustuko ditugun musikari askoren kantuak jotzen ditugunez, aukera ona iruditu zitzaigun omenaldi moduko bat egiteko. Niretzat funtsezkoa izan baita, abeslari gisa bederen.

Haren kantuak joko dituzue. Nola moldatu dituzue?

Omenaldi proiektu hau sortu genuenean pianista baten bila hasi nintzen, haren kantuak bereziki pianoarekin sortuak direlako. Ez nuen aurkitu, ordea, eta organoa erabiltzea erabaki genuen. Soinu berezia ematen die kantuei, desberdina. Baina Ninaren kantuek duten espiritualtasun horri eustea lortu dugu. Hor egongo da, agian, berezitasuna. Saiatu gara haren kantuak eta haren ideiak errespetatzen une oro.

Nolako ikuskizuna izango da?

Ikuskizun duin bat sortu dugula uste dut. Maitasunez eta errespetuz egindakoa da, ongi aztertu eta egituratutakoa. Eta uste dut jendeari gustatuko zaiola. Bluesa, gospela, jazza eta protesta kantu batzuk aurkitu ditu entzuleak, oro har. Nina Simoneren musika gustuko duenak disfrutatuko duela uste dut. Haren kantu ezagunetako batzuk joko ditugu, baina baita ezezagunak ere. Ez daude kantu triste asko; aitzitik, saiatu gara haren musikaren arlorik alaienean zentratzen. Baina egiari zor: errepertorioa aukeratzea ez da batere erraza izan.

Bluesari, jazzari eta gospelari lotuta egin duzu zuk zuek ere musika ibilbidea. Zer nolako musika da zuretzat?

Azken bi mendeetan Mendebaldean egin den musika ororen erroak daude bluesean, jazzean eta gospelean, eta horrek esanahi garrantzitsua du niretzat. 25 urte daramatzat musikagintzan, eta horri esker egin dut gaur arteko bidea nik ere. Dena da niretzat: ikertu dut, abestu dut, sortu dut eta erakutsi dut musika hori. Beraz, niretzat ezinbestekoa da.

Beti izan duzu musika beltzarekiko lotura?

Haurra nintzela musika afrikarra entzuten nuen batez ere etxean, eta uste dut horrek markatu duela nire bidea nolabait. Erritmoarekiko, polifoniarekiko trebetasuna... hortik datorrela esango nuke. Hori izan zen musika beltzera egindako lehen hurbilketa niretzat. Hala ere, esan beharra daukat nerabezaroan, 1980ko hamarkadan, garaiko musika entzuten nuela: popa, rocka, heavy musika... irrati formulak liluratu egin ninduen.

Bakarka aritu zara, beste abeslari batzuentzat kantuan, taldean… Zertan ari zara orain?

Taldean nabil azkenaldian batez ere, baina abesbatza bi ere zuzentzen ditut Madrilen. Gainontzean, Eunice proiektuarekin bide luzea egitea espero dut; proposamen polita eta originala dela uste dut. Hala ere, gustatuko litzaidake egunen batean bakarka disko bat grabatzea. Ez dut nire burua sortzailetzat; interpretatzea gustatzen zait gehiago, kantu politak bilatu eta kantatzea. Beraz, bide luzea dut oraindik egiteko.

Kantu irakasle ere bazara Vallecasko musika eskolan. Transmisioa garrantzitsua da?

Noski. Hala ere, irakasle baino nahiago dut bideratzaile naizela esan. Saiatzen naiz ikasleei kantura hurbildu daitezen laguntzen, eta, batez ere, entzumena landu dezaten errazten; funtsezkoa da hori. Abeslariak bitarteko gisa jardun behar du soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.