Abortatzea, legezkoa baina zaila

Abortatzea eskubide bat da Tunisian, epeetan oinarritutako lege bat daukate 1973tik, baina praktikan zailtasunak daude, kontzientzia eragozpenak eta sinesmen erlijiosoak bultzatuta.

Tunisiako hiru neska gazte, Ben Aliren diktaduraren amaieraren bosgarren urteurreneko ospakizunean, Tunisen, duela bi urte. MOHAMED MESSARA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Duela sei hamarkadatik, Tunisia erreferentzia aurrerakoi bat da mundu arabiarrean emakumeen eskubideei dagokienez. Zenbait eskubideren kasuan —dibortzio eta ab ortu eskubideak, kasurako—, aurrea ere hartu zien Europako herrialde askori. Herrialde magrebtarrak epeetan oinarritutako lege bat dauka 1973tik, eta norberaren borondatez haurdunaldia etetea ahalbidetzen du umekiak hiru hilabete izan arte. Halako lege bat daukan herrialde bakarra da mundu arabiarrean. Afrikako lau herrialdeetako bat. Hala ere, praktikan, emakume tunisiar guztiek ez daukate abortatzeko eskubiderik.

«Ben Aliren diktaduraren azken urteetan jada itxi zituzten probintzietako familia plangintzarako bulegoen zenbait baliabide, operazioak egiten zituztenak, eta, 2011ko iraultzaren ondoren, islamismoaren gorakadarekin, traba berriak agertu ziren». Anne Emmanuele Hasairen hitz etsiak dira. Eskarmentu handiko emagina da. Ardura postu bat izan zuen Osasun Ministerioan. Estatistika ofizialen arabera, urtero 16.000 abortu inguru egiten dituzte zentro publikoetan.

Abortua 1965ean despenalizatu zuten lehen aldiz Tunisian. Muga garrantzitsu batekin: bost seme-alaba edo gehiago zituzten emakumeek bakarrik egin zezaketen. Neurri horrekin, jaiotza tasa handia murriztea zen Habib Bourguiba presidentearen helburu nagusia, herrialdearen garapena oztopatzen zuela uste zuelako. Ekinadiaren eragin apala ikusita, Bourguibak eskubidea zabaltzea erabaki zuen, eta gaur egungo legea onartu zuten. Emakumeen batez besteko seme-alaba kopurua izugarri jaitsi da, 1960ko hamarkadako zazpi seme-alabatik gaur egungo 2,1era. Lehergailu demografikoa indargabetuta, estatua kontrazepzioarekiko interesa galduz joan zen.

Ukoak eta presioak

«Zentro publikoetako zenbait mediku, laguntzaile eta emagin kontserbadorek uko egiten diote abortuak egiteari. Batzuetan, besterik gabe, emakumeei informazio okerra ematen diete, amore eman dezaten». Hadi Belhadjen kritika da. Groupe Tawhid Cheikheko presidentea da, ugalketa eskubideen defentsan eta promozioan espezializatutako gobernuz kanpoko erakunde bat.

Beste batzuetan, haurdunari presio egiten diote, iritzia aldatzeko, edota gaitzespen begiradak eta komentarioak egiten dizkiote, batez ere ama ezkongabea bada—ama guztien %20 dira ezkongabeak—. «Hemen ez dugu aborturik egiten, erlijioak debekatu egiten du. Gorde ezazu Jainkoak bidali dizun haur hori, eta etor zaitez gero hona kontrazepzioa jasotzera». Halaxe erantzun zioten 32 urteko funtzionario tunisiar bati probintzietako familia plangintzarako bulego publiko batean.

Ordezkari erlijioso musulmanek abortua onartzen dute bakarrik emakumearen osasuna arriskuan dagoenean. Gainerako kasuetan bekatua da interpretazio kontserbadoreentzat. Tunisiako emakumeen elkarteek salatu dute estatuak pasibotasunez jokatzen duela kontzientzia eragozleei legea betearazteko orduan. «Estatuak beldurra dio talde islamistekin aurrez aurreko bat izateari», Hasairiren esanetan.

Erdiko eta goi klaseko emakumeentzat sistema publikoaren hutsuneak ez dira oztopo. Beti jo dezakete zentro pribatu batera. 300 dinar eskatzen dituzte ebakuntza bakoitzeko —ehun euro inguru—, hileko gutxieneko soldataren pare. «Profesionaltasun handiz tratatu ninduten une oro; inork ez zidan eman diskurtso moralik, eta ez ninduen gaizki begiratu», gogoratu du Rabebek. Biologoa da, ezkongabea zen bere lehen haurdunaldian, eta ume baten ama da gaur egun. Iraultzaren ondoren, plaza publikoan eztabaidatzen dira zenbait gai, homosexualitatea esaterako; abortua tabua da oraindik ere.

Ezkutuan

Ezkutuko abortuak egiten dituzte Tunisian, periferiako probintzietan batez ere. Zenbait botikaren nahasketan oinarritutako abortu metodoa iristeak gutxitu egin ditu abortuari lotutako osasun arriskuak. Beste herrialde batzuetako haurdunak ere eraman ditu. «Lehen, beste emakume arabiar batzuk etortzen ziren abortatzera, marokoarrak eta aljeriarrak batez ere; orain, beren herrialdean lortzen dituzte botikak; odoljarioa eragiten dute, eta ospitalera joaten dira, eta naturala izan dela esan». Hasairik ondo ezagutzen du Marokoko errealitatea. Tunisiak utzi dio Magrebko Londres izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.