Iratxe Rodriguez. Kutxabank Araskiko presidentea

«Europan jokatzea oso zail ikusten dut gaur-gaurkoz»

Datorren denboraldirako aurrekontua osatzeko galtzak bete lan du Araskik, diru laguntzetan murrizketak izan dituela eta. Hala eta guztiz ere, Rodriguezek ez dio erabat agur esan nahi Eurokopan jokatzeari.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Etorkizunari begira zuhurtziaz mintzatu da Iratxe Rodriguez,Kutxabank Araskiko presidentea (Gasteiz, 1982). Urte bat bete du Gasteizko taldeko buru, eta, balantze positiboa egin duen arren, aitortu du azken hilabeteak zoroak izan direla, taldeak babesleekin dituen gorabeherak direla kausa.

Urte bat bete da Araskiko presidente kargua hartu zenuenetik. Nolako balantzea egiten duzu?

Ni neu pozik nago. Apurka-apurka, hobeto ezagutzen ari naiz taldearen funtzionamendua, eta hasieran baino erosoago nago. Baina, osasun krisi hau dela eta, sentsazio gazi-gozoa daukat, ez baitugu denboraldia behar bezala amaitu. Kirol arloari dagokionez, ordea, hamarreko nota ematen diot.

Ekainean, Kutxabankekin akordioa lotu zenuten babesle nagusia izateko. Zer ekarriko dizue horrek?

Kutxabank babesle nagusia izateak modua ematen digu maila gorenean lehiatzeko. Finantza entitate horrekin akordioa egin aurretik, RPK-k utzia zion taldearen babeslea izateari, krisiaren ondorioz.

Horrenbestez, taldeak berme guztiarekin hasiko du sasoia?

Datorren denboraldirako aurrekontua osatzeko, lan asko daukagu oraindik egiteko. Lehiaketa hasierarako bermea badugu, babesle eta kolaboratzaileen laguntzari esker. Bainalan franko izango dugu denboraldi guztian izango ditugun gastuei aurre egiteko.

Pandemiaren ondorioz, nola eragin dizue krisiak arlo ekonomikoan?

Krisi honek erakunde publikoei ere eragin die, guztioi bezala, eta gu, oro har, laguntza publikoetatik eta pribatuetatik finantzatzen dugu taldea. Laguntza publikoak, ordea, %20 inguru murriztu zaizkigu. Pribatuei dagokienez, berriz, bidean baten batzuk erortzen ari zaizkigu. Halabeharrez, beste babesle batzuen bila ari gara.

Aurrekontu horrekin Europan jokatzeko aukerarik ikusten duzu?

Tamalez, gaur-gaurkoz, oso zail ikusten dut Europan lehiatzea. Baina Eurokopan izen emateko azken egunera arte ez dugu etsiko.

Halere, Joy Alexis Adams fitxatzeaz gain, ligan eskarmentua eta kalitate handia duten bi jokalari fitxatu dituzue: Anna Cruz eta Tamara Abalde. Aurrekontu apala izanik, nola izan da posible?

Cruzek eta Abaldek Araskira etorri nahi izan dute, saskibaloia beste modu batera ikusi nahi zutelako. Azken batean, arlo ekonomikoa bakarrik ez da kontuan hartu behar. Aurten lortutako emaitzak oso onak izan dira, eta asko lagundu digute horrelako jokalariak fitxatzeko. Emaitzez gain, gero eta jende gehiagok ezagutzen du Araskiren filosofia. Urtez urte, proiektua sendotzen ari da, eta jendea errespetuz eta merezi duen bezala zaintzen dugu.

Cruzek eta Abaldek zer ekarpen egin diezaiokete taldeari?

Ligan aitortza handienetarikoa duten bi jokalari dira. Duten eskarmentuari eta ezagutzagari esker, ekarpen handia egin diezagukete alderdi askotan, biak jokalari osoak baitira. Uste dut erraz egokituko direla taldeak duen filosofiara, gure proiektua erakargarria iruditzen baitzaie, eta ilusio handia egiten die Madderekin [Urieta entrenatzailea] lan egitea.

Baina Cruz eta Abalde ez dira eskarmentua duten jokalari bakarrak. Hor dira Laura Pardo eta Maria Asurmendi ere. Adinean aurrera doan talde bat izatea zer da, bertutea ala eragozpena?

Beti esaten da esperientzia bertutea dela. Eskarmentua izatea beti da aberasgarria, baina gaztetasunak ere baditu bere indarguneak. Alde horretatik, talde orekatua izango dugula uste dut.

Hainbat jokalari garrantzitsuk erabaki dute Endesa Ligara itzultzea. Nola ikusten duzu lehiaketa?

Jokalariak ligara itzultzeko nahia izatea gauzak ondo egiten ari diren seinale da, eta pozgarria da. Emakumezkoen saskibaloian pauso garrantzitsuak egiten ari dira urtez urte, eta hori ikusi egiten da kantxan.

Datorren denboraldian, handitu egingo al datalde indartsuenen eta apalenen arteko aldea?

Oraindik goiz da jakiteko. Halere, egia da sailkapenaren erdialdean ibiliko garen taldeak oso ondo ari garela indartzen. Ezustekoren bat beti gerta daiteke. Guztiak dira aurkariak, eta, beraz, guztiei izan behar diezu errespetua.

ACB ligako amaiera publikorik gabe jokatu dela eta, lehiaketa hasierako partidetan harmailak hutsik egongo dira, zure ustez?

Ezohiko egoera hau ziurgabetasunez bizitzen ari gara. Oraindik ez digute ezer esan, eta ez dakigu denboraldiak zer traza hartuko duen. Espero dugu harmailetan zaleak izango ditugula.

Mendizorrotza pabiloia zuentzako gotorlekua izanda, are garrantzitsuagoa da, ezta?

Bai, noski. %30eko ikusle kopurua ezarriko balute, konformatuko ginateke. Azken batean, zaleen berotasuna ezinbestean behar dugu, gure jarraitzaileei garrantzi handia ematen baitiegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.