Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Arabeskoetan galduta

<em>La mort i la donzella</em> dantza ikuskizuna.
La mort i la donzella dantza ikuskizuna. GERMAN ANTON Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2022ko apirilak 26

'La mort i la donzella'

Ekoizpena: Institut Valencia de Cultura. Koreografia eta zuzendaritza: Asun Noales. Musika: Telemann Rec. Eszenografia: Luis Crespo. Argiak: Juanjo Llorens. Dantzariak: Alexander Espinoza, Rosanna Freda, Carmela Garcia, Juliette Jean / Elia Valls, Mauricio Perez, Salvador Rocher, Eduardo Zuñiga. Lekua: Barakaldo antzokia, Barakaldon (Bizkaia). Eguna: Apirilaren 23a.

Franz Schuberten Der Tod und das Mädchen izan da La mort i la donzella (Herioa eta dontzeila) dantza lanaren oinarria. Berez, izen bereko lied baten inguruan eraiki zuen austriar konpositoreak hari laukoterako kuarteto famatua, eta orain Asun Noalesek (Elx, Herrialde Katalanak, 1972) zazpi dantzari jarri ditu taula gainean bizitzaren eta heriotzaren inguruko gogoeta dantzatua egiteko.

Telemann Rec izeneko bikote artistikoa —Aurora Bauza eta Pere Jou katalanek osatua— arduratu da Erromantizismo betean jaiotako musika gaurkotasunera ekartzeaz. Beraiek sortutako soinu banda izan da emanaldiaren osagai nagusietariko bat, eta nik esango nuke funtsezkoa suertatu dela Noalesen lan urduriari nolabaiteko dentsitatea eta norabidea emateko. Inguratzailea eta iragarlea egin zaigu hasierako musika, eta horrelakoa izaten jarraitu du emanaldian zehar, noizean behin biolina, pianoa, kantua eta pasarte xuxurlatuak tartekatuta. Une jakin batean jatorrizko liedaren bertsio deformatua ere etorri da, taula gainean bizi izandako eldarnioaren lagungarri.

Agertokiaren erdian, eta disposizio ia diagonalean, altzairu edo harri beltz itxurako horma ahalguztidun batek presiditu du guztia, eta haren gainean lurra mugitzen ibili da gizon bat hasiera batean, norbait ehortzi nahian balego bezala. Atzeko murruaren presentzia erabatekoarekin batera argien diseinu aurreratu eta landua etorri da, betiere zuri hotzaren gaman iltzatua, eta esan liteke hiru elementu horiek —musika, harresia eta argiak— izan direla pieza honetatik hobekien gogoratuko ditugunak.

Hiru emakume eta lau gizon izan dira taula gainean, eta hasiera batean emakume batek hartu du dantzaren ardura bere eboluzio geldoekin, murruaren kontra zegoen gizona bere posesio dantza haren gainean egiten hasi den arte. Emakumeak soineko berdea zeraman jantzita, eta gizona traje dotore gris batekin zebilen. Handik gutxira hasi dira atzeko hormatzarretik zuloak irekitzen, eta haietatik agertu eta desagertu diren gorputz biluziek giro oniriko nabarmena sortu dute beren ibilbide eta posizio ia ezinezkoekin.

Ordea, hortik aurrera sortutako itxaropenak ia ezerezean geratu dira, koreografoa arabesko konplikatuen diseinuan eta etengabeko mugimendu zentzugabean zentratu delako gehienbat, dantzaren zertarako argi bat aurkitu gabe eta bere dantzariak egoera tekniko zailetan jarriz. Gauzak horrela, zapore gazi-gozoa utzi digu Noalesen proposamenak, ekoizpen indartsu bat atzean izanda ere ezin izan duelako dantza bere mailarik gorenera eraman.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b><em>Simone Veil <em>pastoraleko mustraka bat; 95 arizale aste hondar guziez elkartzen dira.</em> </em></b> ©SEVERINE DABADIE

Veil pastorala hasia da ate joka

Ainize Madariaga

Hiru emanaldi eginen ditu 'Simone Veil' pastoralak Muskildin: uztailaren 24an eta 31n, eta agorrilaren 6an. Bostehun lagunendako bazkaria prestatuko dute ikastolek egunotan
Sarrerak salgai, bertsosarrerak.eus gunean. ©

Bertsolari Txapelketarako sarrerak erosteko moduan daude, arazo teknikoak konponduta

Edu Lartzanguren

Atzo jarri zuten martxan sarrerak saltzeko sistema, baina, eskaera kopuru handia zela-eta, gainezka egin zuten zerbitzariek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.