Hezkuntza publikoa, karrikan

Milaka irakaslek babestu dute LAB, Steilas, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek Nafarroan antolatutako greba. Sindikatuen arabera, %55ek egin dute lanuztea; Nafarroako Gobernuak dio %21,3 izan direla

Manifestari zenbaitek Labrit karrikako trafikoa bi norantzetan oztopatu zuten. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Gimeno, jaitsi ratioak edo zaindu zeuk patioa!». Hezkuntza publikoko langileen aldarriak ozen aditu ziren atzo Nafarroa osoko karriketan. LAB, Steilas, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, protesta egin zuten irakasleek, exijitzeko ratioak jaits ditzatela, lan karga arindu diezaietela, soldata igo diezaietela eta behin-behinekotasuna murriztu dezatela. Nafarroako Gobernuak emaniko datuen arabera, 2.024 pertsona batu ziren lanuztera, lantaldearen %21,3. Sindikatuen arabera, ordea, grebak eragin are handiagoa izan zuen: %55ekoa.

«Ikastetxeen ohiko funtzionamendua geldiaraztea lortu dugu», adierazi zuten sindikatuek ohar batean: «Gutxieneko zerbitzu neurrigabeak kontuan hartuta (%33 haur eta lehen hezkuntzan,%25 irakaskuntza ertainetan), irakasleen %55 atxiki dira grebara». Hori dela eta, atzoko egunaren «balorazio oso positiboa» egin zuten antolatzaileek.

Goizean, elkarretaratzeak egin zituzten herrialdeko herri eta hiri nagusietan, hala nola Altsasun, Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Iruñean. Hiriburuan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurrean egin zuten protesta. Iruñerriko herri eta auzo guztietako ikastetxeetako langileak batu ziren elkarretaratzera, eta zutabetan banatuta joan ziren departamenturaino. San Domingo aldapako aparkalekuan ezin kabiturik egin behar izan zuten elkarretaratze zaratatsua.

«Oso pozik gaude mobilizazioekin eta grebaren jarraipenarekin», esan zuen LABeko Oihane Jordanak, Hezkuntzako sindikatu guztien izenean. «Lanuzteak eragin handia izan du Nafarroako geografia osoan, hezkuntza eredu guztietan eta maila guztietan».

Gobernuari egin dizkioten aldarrikapenak ere banan-banan azaldu zituen Jordanak: «Ratioen jaitsiera lineala hezkuntzako etapa guztietan; KPIaren araberako soldata igoera eta 2010az geroztik galdutako erosahalmena berreskuratzea (% 20); administrazio mailak titulazioetara egokitzea, Bolonia planaren arabera; behin-behinekotasuna %8ra murriztea; eta lan gainzama murriztea, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago emateko».

Sindikatuez gain, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek ere grebaren balorazioa egin zuen atzo. Adierazi zuen gobernuak «greba eskubidea errespetatzen» duela, eta Hezkuntza Departamentua hasia dela sindikatuekin negoziatzen, «ratioak jaisteko irizpideei buruz». Sindikatuak, ordea, ez datoz bat ikuspegi horrekin.

«Itxikeria eta negoziatzeko borondaterik eza» egotzi diote Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenori, uste baitute otsailaren 15eko grebaz geroztik «entzungor» egin diela: «Bilera batera deitu gintuzten martxoaren 17rako, baina ez zuten deus eskaini, eta uko egin zioten berriro negoziatzeari». Sindikatuek uste dute Nafarroako Gobernuak sare publikoko irakasleekin izan duen jokabideak ez duela zerikusirik «beste sektore batzuetan erakutsitakoarekin»; izan ere, diotenez, «sektore horietan lan eta soldata hobekuntzak lortu dituzte mobilizatu ostean».

Eserialdia Labriten parean

Goizeko elkarretaratzearen ostean, zenbait manifestarik Iruñeko Labrit kalea itxi zuten 12:30ean, irakasleentzako lan baldintza hobeak eskatzeko. Trafikoa bi noranzkoetan oztopatuta, ikasgela bat irudikatu zuten kalearen erdian, eta jolasean hasi ziren, sokasaltoan eta pilotak elkarri botatzen. Kale erdian eseri ziren gero. Handik minutu gutxira bertaratu ziren Espainiako Poliziaren zenbait furgoneta, eta LABeko kide bat identifikatu zuten. Arratsaldean, irakasleek manifestazio nagusia egin zuten Iruñean, Gurutzeko plazatik abiatuta. Ehunka lagun batu ziren protestara, eta «negoziatzen hasteko» galdegin zioten gobernuari berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.