Kataluniako hauteskundeak. Kanpaina amaiera

Barrote eta pixel arteko kanpaina

Bukatu da kanpaina Katalunian; Estremerara joan da ERC, «megamitina» egin du Puigdemontek, eta «aro berri bat» zabaldu nahi du C's-ek. Egoera zaila dute alderdi txikiek

ERCko buruzagiak, Estremerako espetxe atarian. Atzean, talde ultraeskuindar bat. FERNANDO ALVARADO / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Alea jacta est. Amaitu da etziko hauteskundeetarako kanpaina Katalunian, eta alderdi politikoek atzo eman zuten eman beharreko guztia. Gaurko eguna hausnarketarako izango dute botoa emateko eskubidea duten 5,5 milioi herritarrek, eta bihar izango da E eguna; alderdiei botoa emateaz gain, independentziaren bidea, 155. artikuluaren bidezko esku hartzea edota erdibideko jarrera saritzeko eguna.

Hauteskundeak apartekoak izanik, hala izan da kanpaina ere, eta ezin zen bestelakoa izan kanpainaren amaiera ere. Bruselako erbestetik, «megamitina» eman zuen Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente eta Junts Per Catalunyako zerrendaburuak. Herrialdean zehar barreiatutako hainbat lekutatik entzun zen haren hitzaldia, baita saretik ere.

Berezia izan zen ERCren kanpaina amaieraren ekitaldia ere; haren presidentegai Oriol Junqueras preso egonda, gutun bidez parte hartu izan du elkarrizketa eta ekitaldietan. Atzo, ordea, Junqueras ezin bazen kanpaina egitera joan, kanpaina joan zen Junquerasengana; ERCko kideak Estremerako espetxe atarian elkartu ziren —Hogar Social eskuin muturreko taldea ere joan zitzaien boikota egitera—. Han, Marta Rovira idazkari nagusiak azpimarratu zuen «bidegabea» dela Junqueras preso egotea eta handik ezin izan dituela bere ideiak aukera berdintasunean zabaldu. Junquerasen herrian egin zuten azken ekitaldia, iluntzean, Sant Vicent dels Hortsen.

Azken egunean, Madrilgo buruzagiak Mediterraneoko uretan lehorreratu ziren, nork bere hautagaia babesteko. Ciutadansek Bartzelonako Nou Barrisen egin zuen azken ekitaldia, Albert Rivera alderdiko presidentea bertan zela. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, berriz, Gironan eta Bartzelonan izan zen, Xavier Garcia Albiol PPko hautagaia babesteko.

Polarizazioak kaltetuta

Inkesta guztien arabera, parte hartzea handia izango da, eta erabat polarizatutako egoera bat aurreikusten da. Polarizazio horretan, boto baliagarriaren aldeko mezuak ugaritu egin dira ezker-eskuin nahiz independentista-unionista, eta, inkestek diotenez, jokaleku horrek ordezkaritza gutxiago espero dutenei egingo die kalte; alegia, Catalunya en Comu Podemi, PPri eta CUPi.

Hauteskunde Legearen arabera, indar politikoek %3ko langa gainditu behar dute barruti batean ordezkaritza lortu ahal izateko. 2015eko bozetan, parlamentuan ordezkaritza duten talde guztiek gainditu zuten baldintza hori barruti guztietan, baina, diputatu gehienak Bartzelonan daudenez jokoan, gainerako herrialdeetako langa handiagoa da praktikan. CSQEPk, esaterako, ez zuen ordezkaririk lortu Lleidan, %4,3 boto eskuratu arren. Egoera polarizatuta, boto gehien eta gutxien jasoko duten alderdien arteko aldea handitu egin daiteke, eta bigarren horiei zaildu ordezkaritza lortzea.

CECPk Santa Coloma de Grameneten egin zuen kanpaina amaitzeko mitina. Han izan ziren, Xavier Domenech presidentegaia ez ezik, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia eta Ada Colau Bartzelonako alkatea. Beste hauteskunde batzuetan ez bezala, Iglesiasek apenas izan duen presentziarik Katalunian eginiko mitinetan, eta haren adierazpen batzuek hautsak harrotu zituzten independentisten artean, leporatu baitzien «faxismoaren mamua esnatzen» lagundu izana. Duela bi urteko bozetan, Iglesias, Errejon eta Madrilgo buruzagiak etengabe aritu ziren kanpainan Katalunian; orduan, Lluis Rabell zen presidentegaia, ez zuen erreferentzialtasunik, eta sektore horretako politikari nagusiak, Colauk, ez zuen parte hartu CSQEPren kanpainan. Bi urtez Espainiako diputatu izanik, Domenech ezagunagoa da, eta, Colau kanpainan sartuta, Madrilgo buruek atzerapauso bat eman dute.

Itxaropen handiarekin iritsi zen Catalunya Si Que Es Pot 2015eko irailaren 27ko bozetara, 2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan Barcelona en Comu eta Podemosen inguruko beste zerrenda batzuen arrakastak hauspotuta. Lau hilabete eskasera, ordea, laugarren indarra izan zen Kataluniako Parlamentuan, 11 diputatu eskasekin, espero zuena baino dezente apalago. Hiru hilabete geroago egin zituzten Espainiako Gorteetarako bozak, eta hor ere Kataluniako boz gehien bilduriko zerrenda izan zen En Comu Podem, agerian utzita erkidegorako hauteskundeak ez direla haren habitat erosoena. 155.aren eta independentziaren aurkako oreka zailean aritu da azken aste eta hilabeteetan, eta indefinizio horrek zigortu egin dezake, inkestek iragarri dutenez.

Bloke artean bere burua nabarmentzeko, hirugarren bidearen eta eskubide sozialen bandera altxatu du, eta bere nahia litzateke independentistek eta unionistek osatutako gobernu «transbertsal» eta «progresista» bat osatzea. Horren itzulpena: ERC-PSC-CECP hiruko gobernu bat. Eta, agian, baita CUP ere. Zenbakiek hori posible egiten duten itxaron gabe, aukera hori baztertu dute ERCk eta PSCk, baina abenduaren 22ak erakutsiko du hipotesia mahai gainean dagoen. Hala ere, aritmetikak eragin lezake CECP erabakigarria izatea gehiengoen osaeran.

CUP, errepublikaren akuilu

CUPi dagokionez, Zutik dio kanpainako leloak; zutik eutsi nahi dio 155.aren esku hartzeari, eta zutik jarri nahi du urriaren 27an aldarrikatutako eta gauzatu gabeko errepublika. Astelehen iluntzean egin zuten alderdiek eztabaida TV3en, eta bertan Carles Riera zerrendaburuak eginiko azken mintzaldiak erakusten du ondoen zein izan den alderdiaren ildoa: «Ezkerreko eta errepublikaren aldeko indarrei dei egiten diegu elkarrekin eraikitzera errepublika, eta 22aren ondoren eskubide sozialak sustatzera. Itxaropen ahotsa izan nahi dugu urriaren 1ean hautetsontziak babestera irten ziren bi milioi lagunentzat».

Eztabaida horretan, aldebakartasunaren beharrari ere heldu zion Rierak: «Herrialdeak aurrera egin dezan ahalbidetzen duten politika sozial guztiak ezinezkoak dira autonomiaren eta konstituzioaren markoan». Aldebakartasunaren ideia abandonatu egin dute kanpainan ERCk eta JPCk, eta, hortaz, kanpainan behintzat, bakarrik geratu da CUP horren defentsan. Nola eragingo du horrek abenduaren 22tik aurrera? CUP prest dago gehiengoa osatzeko gainerako indar independentistekin, baina argi utzi die bere jarrera: «Autonomia estatutuaz, 155.az edo akordioez hitz egiteko, gurekin jai daukate».

Tradizio luzeko sektorea izanagatik, maila nazionalean ibilbide laburra du CUPek, baina goranzkoa; ez nolanahikoa: 2012an sartu zen aurrenekoz Kataluniako Parlamentuan, hiru diputatu lortuta, eta, hiru urte geroago, hamarrera hazi zen haren ordezkaritza, 126.435 boto izan ostean 337.794 lortuta. Esan izan da, 2015eko bozetan Junts Pel Siri ezkerretik kontrapisua egiteko, boto poltsa handia jaso zuela ERCtik, eta lanak izango dituela boto guztiei eusteko. Hala ere, beste indar batzuek ere behera eginda, gerta liteke CUPek CECP eta PP aurreratzea.

PPren egoera, berriz, zaila da. Etengabe doa behera: 2012an, 471.681 boto eta hemeretzi parlamentari lortu zituen, eta 2015ean, berriz, 349.193 boto eta 11 ordezkari. Inkestek diote behera egingo duela berriro; agian, azken indarra izateraino. Ezin esan, ordea, kanpainan bere asmoak ezkutatu dituenik, lelotik hasita: Espainia da irtenbidea. PP harro agertu da Generalitatea kargugabetu izanaz. 155.aren markoak C's-i egin dio mesede inkestetan, eta esku hartzea bere gain hartzeko beharra ikusi du PPk kanpainan. Garcia Albiol erasokor agertu zen TV3ko eztabaidan, indar independentistekiko oldarkortasunean C's-ekin lehiatu nahian.

Badaki panorama politiko katalanean gihar eskasa duela, beraz, Garcia Albiolek bere burua eskaini die PSC eta C's-i gobernua osatzeko. Hori, ordea, Garcia Albiolen kezka da, ez Rajoyrena eta alderdiko gainerako buruzagiena; horien beldur nagusia da Kataluniako emaitzek epe ertainera eragina izatea Espainiako boto asmoan, eta C's efektua estatu osoan zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.