LABek inoizko ordezkari eta afiliatu gehien lortu du Hegoaldean

ELAk nagusitasunari eutsi dio alde handiz, baina LAB izan da azken urtean gora egin duen sindikatu bakarra. Ordezkaritza guztiaren %19,32 eskuratu du, eta bigarren indarra bihurtzear dago

aitor biain
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko bigarren sindikatua bihurtzear dago LAB, inoizko daturik onenak erdietsi ondoren. Orain arteko ordezkari gehien lortu baitu sindikatuak Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hauteskunde sindikaletan. Lehia estuan dabil CCOOrekin: urtetik urtera tartea txikituz doa, eta egun puntu erdiko aldea baino ez dago bien artean. Sindikatuak berak zabaldutako datuen arabera, 4.528 ordezkari lortu ditu denera, iaz baino 24 gehiago. Horrek esan nahi du ordezkaritza guztiaren %19,32 duela.

Lortutako emaitzekin gustura azaldu dira LABeko ordezkariak. Arduradunek uste dute langileak sindikatuaren borrokarako konpromisoa «saritzen» ari direla. «Bizitzen ari garen sindemiari, lan eta bizi baldintzen prekarizazioari aurre egiteko, borroka sindikalak areagotu behar dira, eta LAB indartsu sartu da borroka ziklo berri honetan», azpimarratu du Igor Arroyok, sindikatuko idazkari nagusiaren ondokoak. Eta iritzi dio, borroka hori sindikatuen proposamenetan islatzen dela egokien. Arroyok nabarmendu du, hain zuzen, LABek eredu sindikala «berritu» duela, «langile zatiketari eta prekarizazioari aurre egin eta langileen eskubideak defentsan eraginkorragoak izateko», batez ere.

Azken urtean gora egin duen sindikatu bakarra da LAB, hain zuzen. Enplegua galdu den urtea izanik, ordezkaritza kopurua ere jaitsi egin da, baina LAB izan da ordezkaririk galdu ez duen sindikatu bakarra 2020an. ELAk 168 galdu ditu; UGTk, 152,eta CCOOk, 86. Edonola ere,ELA da oraindik Hego Euskal Herriko lantegi eta bulegoetan ordezkari gehien duen sindikatua: ordezkaritzaren %36,32 dauka egun.

Azken hamar urteetan gehien hazi den sindikatua ere bada LAB: ia lau puntu handitu du ordezkaritza kopurua. 2010 eta 2020 bitartean 551 ordezkari gehiago lortu ditu. Gainerako sindikatuek ordezkariak galdu dituzte: ELAk 711, CCOOk 898 eta UGTk 1.271. Hego Euskal Herrian sindikatu abertzaleek gehiengoari eusten diote oraindik, halere: egun, hautatutako ordezkarien %55 dituzte ELAk eta LABek; CCOOk eta UGTk, ostera, %33 dituzte.

«Ikuspegi zentralista duen eta patronalaren neurriko elkarrizketa sozialaren ereduan parte hartzen duen sindikalismoa gain behera doa», nabarmendu du Arroyok. Eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die elkarrizketa sozialaren egungo eredu babesteari uzteko: «Euskal langileek bertako sindikatuak nahi dituzte, bertako lan baldintzak eta hitzarmenak defendatzeko».

Herrialdeka aztertuz gero, Nafarroan izan du hazkunderik nabarmenena LABek. Iaz 27 ordezkari gehiago lortu zituen; 92 galdu zituen ELAk, 13 CCOOk eta 59 UGTk. Azken hamar urteetako bilakaerak ere traza bera du, hain zuzen: 261 ordezkari etabost puntu igo ditu LABek. Laugarren sindikatua da oraindik ere UGT, ELA eta CCOOren atzetik, hurrenez hurren, baina nabarmen txikitu ditu aldeak azken urteetan.

Aurrera begira, Ipar Euskal Herrian dute arreta jarrita. Martxoaren 22an hasiko baitira enpresa txikietako hauteskundeak. Apirilaren 4ra bitarte iraungo dute, eta sindikatuaren nahia da 2016an izan zituzten emaitzak berdintzea edo hobetzea, ahal dela.

Afiliazioan ere gora

Afiliatu kopuruan ere gora egiten jarraitzen du LABek: iazko urtea 45.000 afiliaturen langatik hurbil itxi zuen. Hau da, 2019arekin alderatuta, %3 gehiago ditu orain. Emakumeak eta gazteak hauspotu dute igoera hori, bereziki. 2020an afiliatu direnen ia erdiak dira (%48) 30 urtez azpikoak, esaterako. Emakumeen kopurua, berriz, ia lau puntu igo da 2013 eta 2020 bitartean. Azken hamar urteetan ia %10 hazi da afiliatu kopurua denera.

«Sindikalismoa birpentsatu eta bazterrean egon direnak erdigunera ekartzeko edota perspektiba feminista zeharlerro moduan gure sindikalismoan txertatzeko eginiko saiakera fruitua ematen ari da», esan du Arroyok. Eta zera erantsi du: «LABek jarraituko du ildo horretan lan egiten, langile sektore guztientzat tresna eraginkorra izateko eta langile subjektua berrosatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.