Txillardegi, herri mugimenduak eta rap musika, 232. 'Jakin'-en

Alaitz Aizpuruk idatzi du Txillardegiri buruz. Andere Ormazabalek, Eric Ditxarrik eta Lorea Argaratek ere artikulu bana idatzi dute alean

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, 2010eko urriaren 21eko argazki batean. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Lau gai jasotzen ditu Jakin aldizkariaren 232.zenbakiak. Alaitz Aizpuru pentsalariak egin du artikulu nagusia. Zehazki, 36ko gerraren osteko testuinguruan kokatu du Txillardegi, postmodernismoa eta postkolonialismoa artikulua. Euskal letretan postmodernismoaren ideiak uste baino lehenago —1950eko eta 1960ko hamarkadetan— agertu zirela azaldu du. Pentsamendu aldaketa horretan, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k eta 56ko belaunaldiak eragin zuzena izan zutela argudiatu du. Teoria postkolonialista eta existentzialistetatik edanez, gerraosteko belaunaldiak egindako ekarpenez mintzo da artikuluan: «Pentsamendu, ulermen eta eztabaida aske eta askatzaileagoaren aldeko ahalegin ebidentea da».

Lan honek, Txillardegiren pentsamendua eta ekarpena «begirada kokatu batera» ekarriz,pentsalariaren eta 56ko belaunaldiaren «argazki egiazkoagoa eta justuagoa» egiten duela azaldu du Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak. «Aurrekoarekin hautsi eta euskal mundura aldaketa sakon eta esanguratsuak ekarriko dituen denbora berri batean esnatzea» ekarri zuten Txillardegik-eta, Aizpururen esanetan. «Pentsamendu, ulermen, eta eztabaida aske eta askatzaileagoaren aldeko esfortzua» gailendu zen haien artean, erantsi duenez.

Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen ezinak eta eginak artikuluan, bi aktore politiko horien harremanak aztertu ditu Andere Ormazabal EHUko irakasle eta Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bildu koalizioaren agintaldia (2011-2015) hartu du abiapuntu moduan, eta Berdintasun eta Ingurumen sailetako auziak ipini ditu mahai gainean. Ezkerreko indar politikoek agintea eskuratzean herri mugimenduekiko izan duten jarreraren gaineko hausnarketa egin du Ormazabalek, ezkerreko gobernuen praktika instituzionalen eta mugimenduon arteko harremanek eztabaida iturri izan direlako.

Bi hausnarketa musikaz

Jakin-eko ale berriko azken bi artikuluetan, berriz, musika dute aztergai. Eric Ditxarri antropologo eta artistak Euskal raparen hausnarketa antropologiko historikoaren hazia artikulua idatzi du. Rapak eduki duen bilakaera aztertu du, Euskal Herrira iritsi zenetik gaurdaino. Gizartearen testuinguru soziopolitikoa islatzen duen adierazpidea izateaz gain, rapa protestarako tresna ere badela nabarmendu du. Punka, metala eta rock erradikala Euskal Herriko oholtzetan gehien entzuten diren genero musikalak izan arren, rap eszena «bere lekua» egiten ari dela azaldu du Ditxarrik, eta erreferentziazko musika bihurtu dela.

Lorea Argarate ingeniari eta Las Tea Party mugimenduko kideak, berriz, inguruneak eta teknologiak musikan historikoki eduki duten eragina aztertu du Musikaren denbora makina artikuluan: «Nik normaltzat jo ditudan gauzek zein eboluzio izan duten ikusten hasi nintzen. Ulertzen hasi nintzen garai bakoitzak behar batzuk izan dituela». Behar horiei erantzunez egokitu da musika, azpimarratu du Argaratek: katedralerako egokitutako Bachen konposizioetatik nahasketa mahaiak erabiliz sortutako musikaraino .

Egunak gurpilean atalean, azkenik, kulturaz, soziolinguistikaz eta beste hainbat gaiez hausnartu dute Itziar Ugarte Irizarrek, Jaime Altunak eta Alba Garmendiak. Ohikoa den bezala, Unai Iturriagak egin du Jakin-en kontrazala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.