Jocelyn Bell Burnell. Astrofisikaria

«Eskolan asko borrokatu behar izan nuen zientzia ikasteko»

Pulsarrak deskubritu zituen Burnellek, 1967an. Aurkikuntza frogatzeko zailtasunez aritu da astrofisikaria, baita urteetan fisikaren arloan izan diren aldaketez ere: «Unibertsitatean ikasi nuenetik asko hobetu da egoera, zalantzarik gabe».

JON URBE / FOKU.
itsaso jauregi 2
Donostia
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Zerua izan da Jocelyn Bell Burnell (Lurgan, Ipar Irlanda, 1943) astrofisikariaren pasioa txikitatik. Cambridgeko Unibertsitatean ikasle gisa lanean ari zela, teleskopio handi bat eraikitzen lagundu zuen, eta, 1967an, irrati seinale oso erregularrak aurkitu zituen. Pulsarrak ziren horiek, oso azkar biratzen duten neutroi izarrak. Aurkikuntzak Fisikako Nobel saria lortu zuen 1974an, baina Burnellen begiraleari eman zioten. Pulsarren inguruko hitzaldia eskaini zuen asteartean Donostian, IPESek antolatutako Passion for Knowledge jaialdian.

Fred Hoyle astronomoaren Frontiers of Astronomy (Astronomiaren mugak) liburua irakurri zenuen txikitan. Astronomiarekiko interesa piztu zizun?

Bai. Liburua aitaren liburutegian aurkitu nuen. Astronomiaren inguruko liburua zen, eta horri esker ikusi nuen eskolan ikasten nuen zientzia unibertsoa ezagutzeko baliagarria izan zitekeela. Orduan erabaki nuen, aukera izatekotan, astronomoa izango nintzela.

Nola hartu zuten zure eskolako irakasleek erabaki hori?

Neskek kozinatzeko eta josteko eskolak genituen; eskolaren arabera, emakumeok ezin genuen zientzia ikasi. Gurasoak asko haserretu ziren eskolaren portaeraren berri izan zutenean. Eskolan zientzia ikasteko asko borrokatu behar izan nuen. Azkenean lortu genuen, eta hiru neska ginen zientziako eskoletan; gainerakoak, mutilak.

Zientzia ikasteko borrokak Cambridgeko Unibertsitatean jarraitu zuen?

Bai. Emakumeak beti gutxiengoa ginen. Alde handiena Glasgowko Unibertsitatean sumatu nuen. Fisikako eskolan 50 ikasle ginen, eta ni nintzen emakume bakarra. Emakume bat gelan sartzen zen bakoitzean, txistu egiteko eta mahaia jotzeko ohitura zegoen. Bakarrik lan egiten nuen, gizonek ez zutelako nirekin lan egin nahi.

Unibertsitatean inpostorearen sindromea izan zenuen. Zer-nolako eragina izan zuen zure lanean?

Uste nuen okertu zirela, eta horretaz ohartzean botako nindutela. Ahalik eta gehien lan egitea erabaki nuen, botatzen nindutenean gutxienez dena eman nuela ziurtatzeko.

Oraindik botako zaituzten sentsazioa duzu?

Orain ez hainbeste.

Cambridgen ikaslea zinenean quasarrak ikertzen hasi zinen, galaxietako erdigunetik irrati uhinak igortzen dituzten objektu handiak. Zein zen helburua?

Gehiago aurkitzea. Proiektuan hasi nintzenean, hamar quasar inguru ezagutzen ziren; amaitzean ehun aurkitu nituen.

Nola aurkitzen dira quasarrak?

Oso prozesu teknikoa da. Quasarrak oso trinkoak dira, eta objektu trinkoek ez dute argia modu iraunkorrean sortzen. Quasarrek konstantea ez den irrati seinale labur bat ematen dute. Beraz, irrati teleskopioekin, seinale labur horiek ematen dituzten objektuen bila aritzen naiz.

Nola erregistratzen dira irrati teleskopioetako datuak?

Irrati teleskopioak jasotzen dituen seinaleak paperezko orri luze batean islatzen dira. Orri horietan seinaleak agertzen dira, arkatzez marraztutako lerro luzeak, eta bilatu behar da aldakorra den seinale bat. Horrek esan nahi du zerbait gertatzen ari dela.

Zer pentsatu zenuen pulsar bat lehen aldiz antzeman zenuenean?

Ustekabekoa izan zen. Quasarraren dardara ausazkoa da, eta pulsarrena, berriz, erregularra. Pentsatu nuen zerbait gaizki zegoela edo nolabaiteko interferentzia bat egon zela. Ezin zen benetakoa izan.

Zure begiralea zen Antony Hewishek esan zizun irrati interferentzia zela. Nola zenekien pulsarra zela?

Lurrak 23 ordu eta 56 minutu behar dituenez bere ardatzean biratzeko, izarrak lau minutu lehenago agertzen dira zeruan. Hori dela eta, udako eta neguko zeruak desberdinak dira: lau minutu horien ondorioz, konstelazio desberdinak agertzen dira. Pulsarraren seinalea jasotzen nuen lau minutu lehenago egunero, eta horrek esan nahi zuen izarrekin batera mugitzen ari zela.

Inoiz ez zen horrelako objektu astronomikorik ikusi. Nola konbentzitu jendea oraindik aurkitu ez den zerbaitetan sinesteko?

Lehenengo arazoa nire irakasleakonbentzitzea izan zen. Seinalea erakutsi nion, eta esan zidan interferentziak zirela. Behatokira etorri zen, eta dena nola prestatzen nuen ikusi zuen. Eta sartu zen seinalea berriz; harrituta geratu zen.

Zure senari jarraitzea erabaki zenuen, beraz?

Bai, hala izan beharko luke beti. Behaketak egiteko orduan, edozein anomalia egiaztatu behar da, dena ulertzen duzula ziurtatzeko.

1967ko abenduaren 21ean bigarren pulsarra aurkitu zenuen. Pulsarrak existitzen zirela egiaztatzeko balio izan zuen?

Bai. Data garrantzitsua da hori. Aurkikuntza gutxienez bi aldiz gertatu behar da; nik lau pulsar aurkitu nituen. Bakarra dagoenean beti esango dute esperimentuarekin hutsegite bat egon dela. Baina lau pulsar dituzunean zeruko zenbait eremutan? Zerbait berria izan behar du.

Nola sentitu zinen froga zenezakeela konturatzean?

Oso pozik nengoen bigarrena aurkitzeaz, lehendabizikoa aurkitzeaz baino gehiago!

Nola sortzen dute pulsarrek irrati seinalea?

Oraindik ez da erabat argitu. Pulsarrek eremu magnetiko oso indartsuak dituzte, eta etengabe biratzen ari dira. Beraz, nik uste dut eremu magnetikoak forma ematen diela jasotzen ditugun izpiei, eta unibertsoan barna bidaltzen dituztela. Baina askotan izpi horiek ez dira Lurrean erortzen, beste norabide bat hartzen dute, eta horiek ez ditugu antzematen.

Planeta batzuek pulsarren inguruan orbitatzen dute. Nola?

Gutxienez pulsar bat dago planetekin. Nola? Uste dut planeta ustekabean sartu zela pulsarraren orbitan, ausaz harrapatuta. Gauza asko daude oraindik ulertzeko.

Antony Hewishek eta Martin Rylek Fisikako Nobel saria irabazi zuten 1974an pulsarren aurkikuntzarengatik. Uste duzu saritik kanpo geratu zinela ikasle izateagatik, edo emakumea izateak zerikusia izan zuela?

Bietatik pixka bat. Oso gutxitan ematen diete saria ikasleei, eta oso emakume gutxik jaso dute Fisikako Nobel saria.

Orain emakume gehiago ikusten dituzu zure eskoletan?

Bai. Aldaketa handia egon da. Orain emakume gehiago daude fisikan; oraindik berdinduta ez dago, baina unibertsitatean ikasi nuenetik asko hobetu da egoera, zalantzarik gabe.

Harvard Unibertsitateko Laurel Thatcher irakasleak esan zuen errebeldea izan behar dela historiaren parte izateko. Ados zaude?

Errebelde hitza indartsuegia iruditzen zait. Baina edozein gauzarekin bat datorren emakume txiki, isila eta apala alde batera utzi behar da. Pixka bat bultzatu behar duzu; ezarritako ateak bota.

Astronomia gutxietsita dagoela uste duzu?

Jendeak asko maite du astronomia, baina zientziaren beldur dira askotan. Maite dudan erronka da pulsarrak jende arruntari azaltzea. Nire eskoletan poemak erabiltzen ditut, adibidez; astronomiako gaiak lantzen dituzten poemak. Zientzia guztien eskura jartzeko metodo bat da.

Zeintzuk dira aurreikusten dituzun aurkikuntzak?

Gaur egungo teleskopioekin gauza berriak aurkitzen ari dira etengabe. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina berrikuntzak ikusteko irrikan nago.

Beti erne egon behar duzu, beraz?

Bai, erne egoteak laguntzen du. Zer gertatzen ari den eta zergatik gertatzen ari den galdetzea zeure buruari. Zientzia oso interesgarria da; ez da dibertigarria edo aspergarria den kontua. Aurkikuntza berriak dira zientziaren gakoa. Aho zabalik geratzea.

Noiz geratu zinen aho zabalik azkeneko aldiz?

Astronomian gauzak etengabe gertatzen dira , zirraragarria da. Azkenaldian ezezagunak ziren pulsarrak aurkitu dituzte. Ikertzen hastean, ez duzu ulertzen pulsarrek zergatik jokatzen duten horrela, eta, gero, pixkanaka-pixkanaka jendeak gauza gehiago aurkitzen ditu, eta ezezaguna zena argituz doa. Zure adimena denborarekin hazten da; hori da zientziaz gehien gustatzen zaidana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.