Lan harremanak. Behin-behinekotasuna

LHK-k dio behin-behineko kontratazioa egiturazkoa bihur daitekeela

Behin-behineko kontratuen kopurua %28 izatera iritsi zen iaz; 2009an, %18 ziren. Negoziazio kolektiboa bere onera etortzen ari da, eta %15 dira itunik ez duten langileak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun

Behin-behinekotasuna gora egiten ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala adierazten du Lan Harremanen Kontseiluak atzo aurkeztu zuen txostenak. Joan den urtean egin ziren kontratuen artean, mugagabeek izan zuten hazkunderik handiena, %12 igoz haien kopurua, baina erkidegoan iaz egin ziren kontratuen %92 behin-behinekoak izan ziren. Eta %2,8 handitu zen kontratazio mota horren kopurua 2016arekin alderatuz gero. Alegia, hazkundea txikiagoa izan arren, gorantz doan joera dela, eta, Tomas Arrieta LHK-ko presidentearen arabera, «egiturazko arazo» bihurtzeko bidean dago.

Behin-behinekotasunak izan duen gorakadaren beste datu bat ere eman zuen LHK-k. Aurreko urtean lanean ari ziren pertsona guztien %28,5ek aldi baterako kontratu bat zuten; 2009an, berriz, %18,6k osatzen zuten talde hori. Alegia, zortzi urtean ia hamar puntu hazi dela gisa horietako kontratuen kopurua.

Kontratazio mota horren nolakotasunaren berri ere eman zuen Arrietak. Gisa horretako lanaldien %35 zazpi egun baino gutxiagorako izan ohi dira, eta beste %33k zehaztu gabeko epea izaten dute. Behin-behineko kontratuen %0,7 baino ez dira hamabi hilabete baino gehiagorako. Horregatik azaldu zuen kezka, sortzen ari den enplegua ez delako «kalitatekoa» izaten ari.

Kezka eta zalantza horiei, gainera, enplegu sorrerari buruzkoa ere gehitu behar zaio. LHK-k aurreikusten du BPGa %2,8 haziko dela urtea amaitzerako, baina hazkunde horrek ez dio lanpostuari behar beste eragingo. 2008an krisia hasi zenetik langabeziak gora egin zuen 2013. urtera arte, eta urte horretatik aurrera, hazkunde ekonomikoarekin batera berreskuratu zen lan merkatua. Baina krisia piztu zenean baino 50.795 lanpostu gutxiago daude orain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Langabezia tasa, berriz, etengabe ari da jaisten 2014. urteaz geroztik, eta iaz %11,3an amaitu zuen. 2008ko datuetatik urrun, hala ere. «Hori positiboa da, langabezia jaisten ari dela erakusten duelako». Baina argiak bere itzala ere badu, eta Arrietak adierazi zuen langabezia tasa jaisten ari bada bi gauzengatik ari dela jaisten: lana duten pertsonak areagotzen ari direlako, baina baita populazio aktiboa jaisten ari delako ere. «Lan merkatuaren beharretarako jende gutxi egoteko arriskua egon daiteke, halakoren batean».

Negoziazio kolektiboa gora

2012an Espainiako Gobernuak lan erreforma onartu eta iraungitzen ziren itunei urtebeteko ultraaktibitatea eman ondoren, negoziazio kolektiboa blokeatuta egon da, eta gatazka iturri nagusia izan da sindikatu eta enpresarien artean. Gaur egun sektoreko itunek langileen %57,4ri eragiten diete, eta 2012tik 143.221 beharginek galdu dute estaldura hori. Horrek berarekin ekarri du Espainiako itunak orokortzea. 157.155 behargini eragin zien estatalizazioak iaz, 2016an baino 8.122 gehiagori.

Enpresetako itunek gora egin dute tarte horretan, %20,5etik %23,3ra, eta 133.284 langileri eragiten diete. «Enpresako itunek galdutako estaldura ezin dute enpresetakoek ordezkatu», azaldu zuen Arrietak. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen %84,7 hamar langiletik beherakoak dira. Hala, «eredu hori agortzen» ari dela esan zuen.

Hala ere, negoziazio kolektiboan itun gehiago sinatzen ari dira 2018ko lehen hilabeteetan. Hitzarmenak iraungiak zituzten langileen kopurua %15ekoa zen ekainaren amaieran, lan erreforma indarrean jarri zenetik zenbateko txikiena. Ituna daukaten langile multzoa %37ra iritsi zen, eta %33koa zen iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.