Euskara. Oldarraldiaren aurkako manifestazioa

«Akordio soziopolitiko berri bat» eskatu dute euskararentzat Bilbon

70.000 lagunek baino gehiagok babestu dituzte hizkuntza eskubideak, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioan. Hizkuntza politikan «jauzi bat» egiteko premia berretsi du Eskisabelek

Zaindu maite duzun hori abestia kantu zuen Ruper Ordorikak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko aldarria ozen eta sendo gorpuztu zen atzo Bilboko kaleetan: jendetza handia bildu zen Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioan. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, milaka eta milaka euskaltzalek gaitzetsi zuten azkenaldiko «olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa». Baina erasoei aurre egitea ez ezik, etorkizunera begira aurrera egitea ere galdegin zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak: «akordio soziopolitiko berri bat» eskatu zuen euskararentzat, hizkuntzak egun dituen «erronkei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak bideratzeko».


Aspaldian euskararen alde egindako mobilizaziorik handiena izan zen atzokoa. Euskalduna jauregitik abiatu zen, 17:00 aldera, eta ordurako jendez lepo zegoen ingurua, Jesusen Bihotza plazaraino. Pankartan, euskalgintzako ordezkariak, hunkituta: jendetzak txaloka hartu zituen, sakelako telefonoak eskuetan dozenaka argazki ateratzen; txistulariek Egun da Santi Mamiña doinuekin girotu zuten martxaren hasiera, eta Kale Nagusiaren espaloietan zain zeuden ehunka euskaltzaleren abaroan igaro zituen protestak lehen metroak.

Plaza Eliptikoa pasatzean ozendu ziren manifestarien aldarriak: «Hemen gaude, euskararen alde», «Euskal Herrian euskaraz» eta «Euskarari erasorik ez» oihuek hartu zuten saltoki handien ingurua; hain zuzen, euskara zabaltzea gehien kostatzen den eremuetako bat da. Eta hala, Bilboko Kale Nagusia osorik hartu zuten euskaltzaleek: 18:00 pasatxoetan manifestazioaren burua Plaza Biribilera iristen ari zenean sartu ziren martxara azken parte hartzaileak Jesusen Bihotzean. Ertzaintzak emandako datuen arabera, 70.000 lagun baino gehiago batu zituen protestak.

Ordezkari politiko ugari

Eta jendetza haren artean, ordezkari politikoak ere ugari izan ziren. Eusko Jaurlaritzako kiderik ez zen izan manifestazioan, baina bai beste hainbat erakunde publikotakoak: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jabi Arakama Euskarabideko zuzendaria, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea eta Eneko Goia Donostiakoa...

Ikusi gehiago:Epaiei aurre egiteko, jauziak eta bermeak

Alderdi politikoek ere babes zabala adierazi zioten Kontseiluaren deialdiari. Manifestazioan izan ziren, besteak beste, EAJko Itxaso Atutxa, Joseba Egibar eta Xabier Barandiaran; EH Bilduko Maddalen Iriarte, Pello Otxandiano eta Nerea Kortajarena; Sumarreko Lander Martinez eta Andeka Larrea; eta Geroa Baiko Maria Solana.

Martxa udaletxera iritsi zenean, Oskorriren Euskal Herrian euskaraz zerien bozgorailuei, eta kantatzen hasi ziren manifestariak. Ondoren, Ruper Ordorika igo zen udaletxeko eskaileretara, txalo artean, euskararen beste ereserki bat eskaintzeko: Zaindu maite duzun hori.

«Zaintza erraldoi bat»

Abestiaren oihartzuna baliatu zuen Idurre Eskisabelek hitzaldia abiatzeko, eta euskararen zaintza aldarrikatzeko: «Gaurko euskaldunok, euskaltzaleok, zerbait bagara, nekezia handi, sakon eta etengabekoen aurkako zaintza erraldoi baten emaitza gara». Debekuen eta zigorren aurka, senez eta kontzientziaz, euskararen aldeko hautua egin duten milaka lagunak izan zituen gogoan: «Koldo Mitxelenak azpimarratu zuen bezala, euskararen misterioa ez baita bere jatorria, gaurdaino bizirik irautea baizik. Hain zuzen, mendez mende, hamarkadaz hamarkada, belaunez belaun gauzatu den zaintza da mirari horren giltza».

Ikusi gehiago:Ideologia supremazista

Baina iraute horrek oraindik baditu oztopoak. Ez erabat berriak: «Gaindituak uste genituen kontuak indar eta aldaera berriz sortzen zaizkigu askotan». Eta hala gertatzen ari da, Kontseiluaren aburuz, euskararen eta hizkuntza eskubideen aurka izandako epaiekin: «Uste genuen gutxienez Euskal Herriko parte batean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean, bagenituela berme batzuk euskararen normalizaziorako hizkuntza politikak aurrera eramateko. Baina ikusten ari gara nola ari diren epaileak euskararen normalizazioa helburu duten neurri, arau eta legeak baliogabetzen; nola ari diren euskararen normalizaziorako politika publikoen tresneria eraisten». Epai batetik bestera kezka areagotu zaiela berretsi zuen Eskisabelek: «Larritasunaren zenbatekoa azaltzeko hitzik gabe geratzen ari gara».

Baina auzitegiak oker direla errepikatu zuen Kontseiluak. Batetik, euskararen normalizazioa oztopatzea «milaka herritarren hizkuntza eskubideak —hau da, oinarrizko eskubideak— oztopatzea» delako. Eta bestetik, lan eta hizkuntza eskubideak kontrajartzen dituztelako: «Oso bestelakoa da auzia: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira». Hala, euskara berdintasunarekin eta aniztasunarekin lotzea aldarrikatu zuen Eskisabelek: «Euskararen normalizazioaren alde egindako urrats bakoitza justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzea da. Horregatik diogu: euskararekin bat, euskaraz bat!».

«Zoru sendoaren» premia

Ildo horretan, euskararen aurkako oldarraldia aldi konplexu batean gertatzen ari dela oroitu zuen; izan ere, globalizazioaren eta digitalizazioaren ondorioz, hizkuntzekiko harremana ere aldatzen ari da, eta berdin gertatzen da hizkuntzen arteko botere harremanekin ere: «Hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago, gutxituak gero eta gutxituago». Abagune horretan, euskalgintzak erdietsitako adostasun handi bat ekarri zuen gogora Eskisabelek: «Hizkuntza politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da». Eta horrekin lotu zuen akordio berri baten premia: «Olatu erreakzionarioari eusteko ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko itun politiko eta soziala».

Ikusi gehiago:Hizkuntza eskubideak: sendotzeko esparru bat

Akordio horretarako adostasunak «bilatzeko eta lantzeko konpromisoa» berretsi zuen Kontseiluak, baina dei berezia egin zien «erakunde eta indar politikoei, akordio berri horren parte eta bultzatzaile izan daitezen, sen onez, etorkizun oparo bat bermatzea helburu hartuta». Eskaera argia egin zien Kontseiluko idazkari nagusiak: «Euskararentzat eta euskal komunitatearentzat zoru sendo eta ziurra osatzea».

Oldarraldiaren aurka «hesi bat» osatzeko asmoa zuen atzoko mobilizazioak, baina Eskisabelek aitortu zuen nahiago zuela «etorkizunerako zubi bat» irudikatzea. Hartara, sokadantzaren bidez amaitu zuten ekitaldia: «Elkarri eskua eman, eta pertsonaz pertsona eratuko dugu zubi luze bat». Eskisabelen azken mezua Kontrapas kantuaren bidez ozendu zuten, zahartzen ez den aldarri bat utzita: «Euskara, euskara, jalgi hadi plazara; euskara, euskara, jalgi mundu guztira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.