«Unibertsitatean izan zen erasoa, baina Gasteizko erdigunean gerta zitekeen»

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Ikasle bati eraso egin zioten Letren Fakultatean. Kasu zehatz bat da, edo gehiago islatzen du?

Asko kezkatu ninduen eraso basati horrek. Unibertsitatean edozer defenda daiteke, baina beti esparru demokratikoan eta giza eskubideak errespetatuz. Ultrak dira Ertzaintzak atxilotutakoak. Campusaren atzealdean gertatu zen erasoa; baina, adibidez, orain denbora bat Bartzelonako zale bati eraso zioten campusetik kanpo. Jende erradikala eta agresiboa da, eta horrela jokatzen du. Ez dut uste unibertsitatearekin lotutako ezer islatzen duenik. Unibertsitatean izan zen, baina Gasteizko erdigunean gerta zitekeen.

Erasotzaileak babesten aritzea egotzi dio PPk unibertsitateari.

Astakeria hutsa da, oso larria. Aztertzen ari gara zerbait egin dezakegun epaile batekin.

Egia da, halere, indarkeria ekintzak izan direla EHUn azken urteetan: hauteskunde egunean...

Badago ikasle talde bat argudioak emateko gaitasunik edo gogorik ez duena, baina salto handia da hori erasoarekin lotzea. Egia da ez dagoela modurik haiekin hitz egiteko. Goirizelaia errektore zela ere izan ziren bi pasadizo oso gogor. Badira pertsona batzuk oihukatu besterik ez dutenak egiten. Izugarria iruditzen zait horrelako portaera batek hitza ordezkatzea.

Saiatu zara harremanak izaten?

Saiatu nintzen, eta ez zuten hitz egin nahi. Nigana ez dira etorri.

Nola ikusi duzu ezker abertzalearen eta Ikasle Abertzaleen arteko zatiketa? Badu harremana aipatzen ari zaren joera horrekin?

Uste dut badaukala harremana. Begi onez ikusi nuen. Denok ezagutu dugu Ikasle Abertzaleak, eta beste gauza bat zen: beti zegoen argudiatzeko eta eztabaidatzeko espazio bat. Ikusi nuen Ikasle Abertzaleak hori, beste mugimendu batzuen amalgamarekin, gaztelaniaz asko hitz egiten zuen amalgama batekin, ez nuen ulertzen. Ez dakit zer den hori. Ernai beste gauza bat da: gurekin ados egongo da edo ez, baina argudioak, hitzak eta beste jarrera batzuk ditu. Nire garaiko Ikasle Abertzaleak ez nuen errekonozitzen hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.