gotzon hermosilla
Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa. ANALISIA

Suebakiak eta mendekuak

2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Erdialdera iristen ari da Cabacas auziko epaiketa: zazpigarren saioa da gaurkoa, eta beste zazpi gelditzen dira oraindik, fiskalak, akusazioak eta defentsek euren ondorioak aurkeztu aurretik. Edozelan ere, orain arte ikusi eta entzundakoak agerian uzten du zeintzuk izango diren batzuen eta besteen estrategiak.

Ertzainen deklarazioak ikusita, begien bistakoa da bertsio bertsuari eusten diotela: oso istilu larriak gertatzen ari ziren Maria Diaz de Haro kaleko plazatxo hartan eta inguruetan, agenteei «denetarik» bota zieten, eta horrek ezinbesteko egin zuen ertzainek jokatu zuten moduan jokatu izana. Istiluen larria eta «denetarik» botatze hori nabarmendu guran absurdora ere iritsi dira ertzain batzuk epaiketan: batek esan zuen kalezulo hartan dauden loreontziak bota zizkietela —zoruari torlojuz lotuta daude, eta ezin dira mugitu— eta beste batzuek «galtzada-harriak» jaurti zizkietela —biharamunean ez zen galtzada-harri horiek utzitako hutsunerik ageri inguruetako espaloietan—.

Bertsio horren alderik ahulena ez da ertzain batzuen neurrigabeko fantasia. Ertzain ez diren lekuko ia guztiek nabarmendu dute ertzainak agertu arteko istilurik ez zela izan, ertzainen oldarraldia justifikatuko lukeen ezer ez zela gertatu kalezulo hartan, eta istiluak oldarraldi horren ostean etorri zirela, gazte batzuek agenteei aurre egin zietenean. «Harritu nintzen, ertzainak haiengana joan beharrean kalezulora tiroka segitzen baitzuten», esan zuen istiluak etxeko leihotik ikusi zituen lekuko batek.

Baina esanguratsuena da lekukoen aldetik ez ezik, ertzainen deklarazioen aldetik ere agertu direla arrakalak bertsio horretan. 3.389 zenbakidun ofizialaren testigantzan, hain zuzen ere. Harekin batera akusatuen aulkian esertzen diren —esateko modu bat da, ez baitira gehiago agertu epaiketa aretoan— gainerako ertzainen deklarazioetatik aldendu eta kontu jakingarri ugari utzi zituen haren lekukotzak: hark ez zuen istilurik ikusi; ez zuen uste jokatu zuten moduan jokatzea beharrezkoa zenik; harengatik izan balitz, iritsi bezain pronto alde egingo zuketen handik; eta deklarazio guztietan beldurgarriena: haren ustez, ertzain uniformedun eta armatuak kalezulora bidali izana «okerra» izan zen edo, bestela, «sarraskia eragiteko guraria».

3.389 zenbakia duen ofizial horrekin du zerikusia, hain zuzen, ertzainen estrategiaren atal nagusiak. Agente askoren adierazpenek ofizial hori gertatutako guztiaren errudun egitea izan dute xede. Bereziki, polizia agintarien deklarazioek sakondu dute bide horretan: alegia, Ertzaintzaren gaur egungo nagusi den Jorge Aldekoarenek eta Ugarteko ezizenez ezagutzen duten ertzainburuarenek. Beti hain korporatibista agertu diren Ertzaintzaren buruek agente bat modu horretara salduta uzteak eta, are gehiago, hartaz hitz egitean erabiltzen duten tonu mespretxuzkoak zer pentsaturik ematen du.

Suebakiaren estrategia polizia indarkeriaren kontrako epaiketak bezain zaharra da: ardurak maila txiki edo ertaineko norbaitengan ezarri, suak handik gora egin ez dezan. Nahiz eta, horretarako, herritarrei sinetsarazi behar ardurarik gabeko arduradunak daudela, edo «sartu daukagun guztiarekin» txilibitua jotzeko gonbidapena dela.

Baina, epaiketan entzundakoak entzun ondoren, mendeku kutsua ere hartzen du jokamolde horrek. Kasualitate handia baita Ertzaintzaren buruek errudun bakartzat aurkeztu nahi izatea polizia operazioa zalantzan jartzera ausartu den akusatu bakarra. Eta mahai gainean jarri duena berariaz bilatutako sarraskiaren hipotesia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.