Udal eta foru hauteskundeak. Sufragio eskubidea

Herritar, baina soilik erdizka

Milaka etorkin geratu dira bozetan parte hartu ezinik, boto eskubidea ukatuta. Bellorin da haietako bat: Espainiako nazionalitatearekin soilik lortuko du sufragioa.
Tatiana Bellorin, atzo, Donostiako eskola batean, boto emaile artean.
Tatiana Bellorin, atzo, Donostiako eskola batean, boto emaile artean. GORKA RUBIO / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2019ko maiatzak 27
Botoa zehazki non eman beharko lukeen ez daki Tatiana Bellorinek. Donostiako Bidebieta auzoko bizilagunei entzuna die eskola baten erreferentzia, baina, finean, alferrik izango luke informazio hori, ez baitauka bozkatzeko eskubiderik, eta urte asko beharko baititu sufragioa lortzeko. Euskal Herrian bizi diren milaka migratzaile bezala, udalean, foru aldundian eta Europako Parlamentuan nork ordezkatuko duen ebatzi gabe geratu zen atzo Bellorin: «Ezin dut bozkatu. Lan egiteko baimena baino ez daukat, eta horrekin ez dut bozkatzeko eskubiderik».

Nikaraguakoa da Bellorin, iparraldeko Condega herrikoa. 30 urte ditu, eta duela lau heldu zen Donostiara. «Lehengusu batek eskaini zidan etortzea. Familiari lagundu nahi nion: han banuen lana, baina dirua ez zen nahikoa». Enpresa zuzendaritzako lizentzia edukita, banku batean ziharduen Nikaraguan, baina hango ikasketek ez dute onarpenik hemen. «Banekien ez nentorrela nire eremuan lan egitera». Andrazko etorkin askok bezala, zaintzaile dabil egun: «Emakume bat zaintzen aritu naiz lau urtez, egoiliar. Oso eskertuta nago haren senideekin: paperak legeztatzen lagundu didate».

Baina ez da nahikoa. Herritartasuna erdizka du Bellorinek: betebeharrak bai, baina eskubideak, ez guztiak. «Irregular zaudenean ere zergak ordaintzen dituzu, erosketetan, adibidez. Eta paperak dituzunean, gizarte segurantza-eta pagatzen duzu, errenta aitorpena egin... Eta ondo iruditzen zait. Baina erakundeetan migratzaileoi laguntzen edo kalte egiten diguten legeak onartzen dira; guk ere izan beharko genuke iritzia emateko eskubidea».

Hain justu, udal bozetan dute etorkinek parte hartzeko aukera gehien Hego Euskal Herrian —ez, ordea, foru hauteskundeetan—. Europako Batasuneko estatuetatik heldutakoek botoa eman dezakete, eta Espainiarekin aldebiko ituna sinatua duten herrialdeetatik iritsitakoek. Gainerakoek Espainiako nazionalitatea eskuratu behar dute. Hori da Bellorinen kasua: «Oso prozesu luzea da: urte asko joan daitezke».

Ostegunean Nikaraguan izandako greba orokorraz mintzatzean, erakutsi du arreta handiz erreparatzen diela jaioterriko albisteei. Baina hango hauteskundeetan ere ezin du parte hartu. «Herrialde barruan daudenek soilik bozka dezakete. Nik ez daukat aukerarik, ez han, ez hemen».

Erakundeak, urrun

Hauteslekuan, ikusminez begiratu die botopaperei. Arrotzak zaizkio: aspaldi bozkatu zuen azken aldiz, eta urrun dauka berriro bozkatzeko modua emango dion abagunea. Eta arrotzak zaizkio, ondorioz, hemengo instituzioak eta politikariak ere: «Ezin bozkatzeak erakundeetatik urruntzen zaitu. Informatuta zaudenean eta boto eskubidea duzunean ohartzen zara nora jo behar duzun». Baina sufragiorako eskubidea bi ahoko ezpata dela erantsi du, erantzukizun handiko jarduna: «Bozkatzera joan aurretik, jakin behar dugu hemengo politikak nola funtzionatzen duen, zer eskaintzen duen alderdi bakoitzak... Eskubidea dugunean, ondo erabili ahal izateko».

Izan ere, zuzenean eragiten dioten alorrak izan dira jokoan atzoko hauteskundeetan. Haren lan eremua, esaterako: udalek eta diputazioek kudeatzen dituzte zaintza zerbitzu gehienak. Hain justu, zaintzen ari zen andrea zahar etxe batera eraman zutenetik, langabezian dago Bellorin: «Arreta soziosanitarioari buruzko ikastaroa egiten ari naiz, egoitzetan lan egin ahal izateko». Dena den, sektorearen zailtasunen jakitun dago. Gogora ekarri du Gipuzkoako zahar etxeetako langileak greban daudela, eta deitoratu du aldundiak ez esku hartzea lan gatazka horretan: «Zahar etxeetan lan egiteko, diputazioak trebakuntza eskatzen digu, baina gero ez du zerikusirik gure soldatarekin eta lan baldintzekin?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maite Asensio Lozano

Informazio osagarria